Sendagile gazte bat zen Daniel Zulaika (1951, Zarautz, Gipuzkoa) 1980ko hamarkadan. Talaia zital batean oroitzen du bere burua: munduan bizkor hedatzen hasi zen gaixotasun berri bati so. 1981. urtean diagnostikatu zituzten lehendabiziko hies kasuak mundu zabalean. «Adi-adi geunden, zer izango ote». Etxean diagnostikatutako lehendabiziko kasuak ez ditu berehalakoan ahaztuko: 1984-1985 urteetan. Bizkaian aurrena, Gipuzkoan aurrerago. Gaitzaren diagnostikoa benetako zigorra izaten zen erientzat: «Batez beste 72 egunean hil egiten ziren». 1983. urterako ezaguna zen gaitzaren kausa: GIB birusa. Baina informazioa oraindik oso urria zen. Dudak zituzten, eta ia erantzunik ez. Jende gazteari erasan zion, batez ere, gaixotasunak. «Heroinarekiko mendekotasuna arazo larria zen Euskal Herrian urte haietan». Lau kutsatutik hiru gizonak izaten ziren, eta horietako asko xiringen bidez kutsatzen ziren. Errukiz oroitzen ditu Zulaikak. «Haiek guztiak ezjakintasunak hil zituen». Etzi, abenduak 1, eritasunaren aurkako nazioarteko eguna izango da.
Eritasunaren bilakaera arras bizkorra izan zen. 1984an denera Araba, Bizkai eta Gipuzkoan lau hies kasu diagnostikatu zituzten; 1985ean, hemezortzi. Orduan agertu ziren Nafarroan lehen hiru kasuak ere, eta ordurako Ipar Euskal Herriko erietxeetan ezaguna zen gaitza. 1986an, Hegoaldean 60 kasu diagnostikatu zituzten; 1987an, 109. Etenik gabeko igoera haren ostean, diagnostiko kopuruak goia jo zuen 1994an: 626 kasu izan ziren. Hildakoen kopuruak ere ia neurri berean egin zuen gora, abiada zinez beldurgarrian. Bi hildako izan ziren 1984an, 1985ean 11, 1986an 32... Goia, heriotzatan, 1996an: hiesak jotako 481 pertsona zendu ziren.
Urte horietan guztietan lekuko izan da Zulaika, eta eragile. Eritasunaren inguruan egikaritu du bere lan ibilbidea osoki. Hiesaren Kontrako Planaren koordinatzaile dihardu egun. Izuaz oroitzen da. Gizartera berehala hedatu zen beldurra. «Eritasuna izurriaren eran zabalduko zen kezka zegoen», azaldu du. Eriekiko estigma ekarri zuen horrek. 1987an, esaterako, Durangon (Bizkaia) liskar handia sortu zen. GIB birusak kutsatutako umetxo bati —Israel Pagaldai, 3 urtekoa, ama kutsatuaren bidez birusarekin sortua— eskolako ateak itxi zizkion itunpeko ikastetxe batek, Maria Goretti zentroak. Ikastetxeko eragile denek aho batez hartutako erabakia izan zen, gaitzari buruzko informazioa urria zela argudiatuz, hain zuzen ere.
Oihartzun handia izan zuen albisteak. Eskolaz eskola makina bat hitzaldi ematea egokitu zitzaion gaitzaren lehen urte haietan Zulaikari. Guraso gaztea zen bera ere sasoi hartan, eta ulertzen zituen, hein batean, aita eta ama haien guztien kezkak. «Oso-oso arduratuta egoten ziren». Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak kaleratutako haurra berriz hartzera behartu zuen eskola baztertzailea. «Ez da gaixo bat, eta ez dago baztertzeko motiborik», argudiatu zuen garai hartako Hezkuntza sailburuak, Juan Txurrukak.
Gaitzaren aurrenekotariko biktima izan zen Joseba Errekalde (Oiartzun, 1963). Ondo gogoan du orduko giroaren zama. Berehala ikusi zuen gizartearen zati batek nola eraiki zuen lubaki bat gaitzarekiko. «Lau H hizkien eritasuna zela esaten zen: homosexualak, heroinomanoak, haitiarrak eta hemofilikoak». Minez oroitzen du lehen kasu haiei buruz mintzatzeko hedabide askok erabili zuten «sentsazionalismoa»; minez, baita ere, gertuan izan zituen lehen kasuen inguruko «sekretismoa». «1985ean, esaterako, lagun bat hil zen». Desagertu egin zen guztiz beren ondotik; hainbat urtetara jakin zuten hiesak jota hil zela. AEB Ameriketako Estatu Batuetan bizitzen bolada bat egin zuen Errekaldek. Han gaitzaren inguruko informazioa ugariagoa zen, eta elkarte ugari zeuden antolatuta eriei laguntzeko. Handik ikusi zuen Jaurlaritzak Durangon eskolatik botatako umearen kasuan hartu zuen jarrera, eta irmoa iruditu zitzaion. «Lasaitu ninduen erruz».
Eritasun ankerra
Zulaikak ez du zalantzarik: 1985-1996 sasoia izan zen gogorrena. Hiesak jotako gaixo gehienak hil egiten ziren garai hartan. Eritasun ankerra zen; guztiz suntsitzen zuen kutsatuen sistema immunologikoa, eta zinez zaurgarriak izaten ziren eriak hainbat gaixotasun klaseren aurrean.«Tuberkulosiak hiltzen zituen, edo burmuineko infekzioren batek... GIBdunak erasotzen errazak izaten ziren». 1995-1996 urteetan hasi ziren erabiltzen birusaren kontrako botikak lehendabiziko aldiz, eta gaitzaren aurkako arma eraginkor bat zutela sentitu zuten estreinako aldiz medikuek. «Birusa kontrolatzea lortzen genuen». Denborarekin eriek gero eta botika gutxiago behar izatea lortu dute, eta sendagai horiek eragindako nahigabeko ondorioak arintzea, gainera.
Prebentzio programak lantzen ere berehala hasi ziren. Ezusteekin topo egin zuten. «Uste genuen jendeak preserbatiboak jartzea errazagoa izango zela, eta xiringak trukatzeko ohitura kentzea, berriz, zailagoa». Aldrebes gertatu zen. Arrakastatsuagoak izan ziren xiringak partekatzearen aurkako programak preserbatiboaren erabilera sustatzekoak baino. Urteekin ikusi dute nekez eragiten dela jendearen alorrik barnerakoienean. «Ohartu ginen jende askorentzat mesfidantza keinu bat dela preserbatiboaren erabilera sustatzea; maiteminaren lilura apurtzen duela zioten...».
Apurka, eritasunak jotakoen soslaia aldatzen joan zen. Egungo datuak horren seinale dira. GIBak kutsatutakoen 200 bat kasu gehiagoren berri izaten du urtero Osakidetzak. «Egonkortutako datua da». Arriskutsuki. Lehengo astean bertan jakinarazitako datuen arabera, zenbait sektoretan bereziki kezkagarria da datuen irakurketa: harreman homosexualen bidez kutsatutako gizonak izaten dira, esaterako, kasu berrien %41. «Beti esaten da tratamenduan aurrera urrats bat egin orduko bi pauso atzera egiten direla prebentzioan». Gaitza, bere gordinean, eskola aparta izan dela ere pentsatzen du, hala ere, Zulaikak; aukera eman du, adibidez, sexu transmisio bidezko eritasunen gaineko prebentzio programak lantzeko, eta, hainbat kasutan, elkartasunerako.
Eivissan (Herrialde Katalanak) bizi zen sasoian izan zuen, lehen aldiz, gaitzaren berri Errekaldek. Gay komunitateko kide zen, eta berehala jakin zuen bereziki ari zela eritasuna zabaltzen gizonezko homosexualen artean. Gaztetasunaren «lotsagabekeriaren» oskolean, oraindik ez zirela beldur dio. «Urruti gertatzen ari zen zerbait zen guretzat; ez genuen uste gure arazo bat zenik». Espainiako Estatuko datuei so, gainera, gaitza, batez ere, heroinomanoen artean hedatzen hasi zela dio.
Elkarteen indarra
1986an joan zen AEBetara Errekalde, New Yorkera. «Ordurako bagenekien zer zen gaitza, eta nola transmititzen zen ere bai». Gaixotasunak jotako pertsona ugari ezagutu zituen han; hiltzen ikusi zituen horietako asko, eta gaitzaren inguruan guztiz konprometitutako gizarte mugimenduen antolaketa sendoak zur eta lur utzi zuen. Ahantzi ezin dituen oroitzapenak ditu gogoan: «Manhattanen, esaterako, batzar oso jendetsuak egiten ziren, eta gizarte zibil oso indartsu bat zegoen; etxez etxe ibiltzen ziren, esaterako, bakarrik zegoen jendea artatzen». Sasoi hartan bikotekide zuen gizonak erakunde horietako batean ziharduen, eta, beraz, horrek mugimendua bertatik bertara ezagutzeko aukera eman zion. Gay kolektiboak, testuinguru hartan, sexu seguruaren aldeko hautua egin zuela dio. Lehendabiziko aldiz. «Ordura artean, gizonen artean ez zegoen preserbatiboak erabiltzeko ohiturarik».
Gaitza heriotzaren sinonimo izaten zen garai hartan. Urteak egin zituzten berak eta bikotekideak testa egiteko erabakia hartu aurretik. Beldur ziren. Bizitza proiektuan aurrera egin ahala, ordea, testa egitea erabaki zuten biek. Bikotekideak egin zuen aurrena: negatibo. Aurrerago egin zuen berak: positibo. Miresmenez oroitzen ditu AEBetan tratatu zuten medikuak. «Tratua oso ona zen. Baina ez zegoen deus egiterik; soilik analisiak egiten genituen, ikusteko nola geunden». Gizartearen sostengua ere zinez gogoan du: «Estigma bazegoen, baina nik gehiago sentitzen nuen elkartasuna. Agerikoagoa zen».
1992an, atzerrian abiatua zuen bizitza proiektua amaituta, etxera itzuli zen, Euskal Herrira. «Normalean, garai hartan, jendeak hamar urte edo irauten zuen; bueltatu nintzen kontziente oso gutxi geratzen zitzaidala». Galderen enbata ero bat buruan: «Nork zainduko nau? Nork emango dit jaten?...». Familiaren abarora itzultzea erabaki zuen, eta AEBetako osasun publiko ahularen aldean, beste abantaila bat ere aurkitu zuen Euskal Herrian: osasun zerbitzu publikoa. «Osakidetzaren esku jarri nuen neure burua». 1997a bitartean, Euskal Herriko sendagileen zaintzapean, osasunari eutsi zion. Gizartearen partetik izandako mespretxu keinuei ez die erreparatu nahi: «Gizartea, oro har, ezjakintasunean bizi zen; Bermeon, Elgoibarren, bereziki tokatu zitzaien herrietan ezagutzen zuten, batez ere, gaia».
1997an jo zuen berak hondoa. Pattalaldi batek jota, ospitalera eraman zuten. «Ez nintzela aterako pentsatzen nuen». Ordura arte gaitzaren kontra erabili izan ziren botikek apenas eman zuten emaitzarik, eta erien artean, gainera, oso ospe txarra zuten. «AZTrekin, esaterako, jendeak oso esperientzia txarrak izan zituen». Justu sasoi hartan, ordea, hiru botika konbinatuz egiten zuten terapia bat hasi ziren erabiltzen, eta bizitzan aro berri bat abiatzeko aukera eman zioten sendagai haiek. «Hainbat urtez hiltzeko prestatu eta gero, argi bat piztu zen». Hilabeteetako prozesua izan zen, luzea, eta gogorra. Baina Errekalde bizirik dago egun. «Pribilegiatu» bat sentitzen da.
Ordutik erruz aldatu dira gauzak. Tratamenduak gero eta eraginkorragoak dira. Horrek, tamalez, gaitzarekiko «beldurra eta errespetua» galtzea ekarri duela dio. «Baina ez dira galtzen aurreiritziak». Horrekin kezkatuta, GIBdunei abegi egiteko asmoz,haien premiei erantzuteko, Harribeltza elkartea sortu zuen. Gaitzak jotako jende asko ikusten du oraindik ezkutatuta. «Armairu batean sartuta», dio. «Gizarteak ez du ondo hartzen; eta jende askok ezkutatu egiten du».
Gay kolektiboan izaten dira egun kutsatze asko. Bereziki kezkatzen du horrek Errekalde, eta Gehitu elkartearen barruan gaia lantzen ari da. Izan ere, GIBdun homosexual askok, sexu joerarentzat nola, gaitzarentzat beste armairu bat eraikitzen dutela dio: «Armairu bat beste armairu baten barruan». Kritikoa da: kolektiboak prebentzioaren arloan erantzukizun urriarekin jokatu duela dio. «Uko egin dio prebentzioari; oso gutxi inplikatu da».
Hiesa. 30 urte
Izurri gorriaren izu
Lehen hies kasuen berri 1981ean izan zen munduan; Euskal Herrian, 1984an. Bizkor zabaldu zen; diagnostiko kopuruak 1994an jo zuen goia; heriotzenak, 1996an. Hedatu zen aurreiritzien itzala, eta ez da guztiz ahitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu