Igande gauean Tuteran kolpeka hildako gaztearen familiak argi utzi du ez duela nahi mendekurik, justizia baizik. Poliziak hiru lagun atxilotu ditu, magrebtarrak hirurak, Javier Martinezen ustezko hiltzaileak direlakoan. Haren anaiak arrazakeriaren itzala uxatu nahi izan du, hemengoak balira bezala tratatzea eta epaitzea nahi duela esanez: «Langilea naiz, magrebtarrekin lan egin dut, eta haien artean jende ona dago».
Mendeku gogoa bizi-bizia izan daitekeen garaian eskertzekoak dira adierazpenak, batez ere sentimendu horiek biktimaren familiak azaltzen baditu. Ez da erraza delituentzako zigor egokiak hotzean neurtzea. Behin, Herrialde Katalanetako herri batean, neskato bat bortxatu eta hil egin zuten. Jendea heriotza zigorra eskatzera irten zen kalera. Ez dut ahaztuko umearen aitak zer esan zuen hedabideen aurrean, ia negarrez: bera heriotza zigorraren kontrakoa zela eta hala pentsatzen segitzen zuela, ez zuela nahi zigor horren aldekoek alabaren hilketa erabiltzea. Berak inork baino arrazoi gehiago zituen mendekua eskatzeko, baina ez zuen nahi. Bitartean, herria, odol egarriz.
Arriskutsua da etorkinak eta delituak lotzeko joera. Are arriskutsuagoa ustezko gaizkileentzat beste justizia bat eskatzea kanpokoak direlako. Hortik lintxamendura urrats bat baino ez dago. Hiltzailea hemengoa bada samurrago jokatzen dugu atzerritarra denean baino. Hemengoa izanda, delituak egiteko nolabaiteko bulda izango bagenu bezala. Nazka berdina eragiten dit Agadirko bortxatzaile batek edo Azpeitiko bortxatzaile batek. Batzuek esango dute atzerritarrek, halakoak egiteko, hobe zutela euren herrian geratzea; kanporatu egin beharko genituzkeela. Horretan hasita, beste horrenbeste eskatuko nuke hemengoarentzat, pribilegiozko traturik gabe. Afrikako hainbat herri eta kulturatan horixe egiten dute oraindik. Tribuaren ohorea horrela zikindu duena kanporatu egiten dute, deserriratu, besterik gabe.
Errazena bestea kriminalizatzea da; diferentziak daudenean beldurra edo mespretxua nagusitzea. Zailena, arrazakeria errotik kentzea. Horregatik, erne egotea komeni da, jokabide horrek ekar ditzakeen ondorioei aurre egiten jakiteko. Behin eta berriro gogoratzea gorrotoaren hazia denok daramagula barruan, inor ez dagoela salbu. Albert Camusen pertsonaia batek, Rieux doktoreak, hauxe dio Izurria liburuan gaizkiaren sorburuari buruz: «Izurriaren baziloa ez da inoiz hiltzen edo desagertzen. Hamarkada luzeetan lo egon daiteke, pazientzia handiz zain». Arrazakeriaren izurriari ere berdin gertatzen zaio. Lo dago gure barruan, gu ohartu gabe.
Ez nau bereziki kezkatzen 60ko eta 70eko urteetako gizon edo emakume bat arrazista izateak. Haren 14urteko semeak edo bilobak hala izaten segitzeak, ordea, bai. Atzerritarrek gurera etortzen segituko dute, gehiago edo gutxiago. Moldatu egin beharko dugu errealitate berrira, guk eta haiek, elkarrengandik ikasiz eta elkar errespetatuz. Oker goaz gurasoek arrazakeriaren pozoia injektatzen badiete seme-alabei, edo gazteak sendatzen ez badituzte izurriaren lehen zantzuak ageri direnean. Izan ere, ume eta gazte horiek gizarte berri batean bizi beharko dute. Txipa aldatzen ez badute, akabo. Zygmunt Bauman soziologoak esanikoa hartu beharko lukete kontuan: XXI. mendea ez da izango diferentziak izan arren bizirik iraungo dutenen garaia, diferentziekin bizitzen jakitearen artea menperatuko dutenen garaia baizik.
Izurria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu