Koronabirusa

Izurriaren «errudun» egin dituztela salatu dute ostalariek

Jaurlaritzaren egoitza bat okupatu du SOS Ostalaritza elkarteak. Baliabideak eskatu dituzte egoerari aurre egiteko

SOS Ostalaritza elkartearen afixa, Eusko Jaurlaritzak Donostiako Andia kalean duen egoitzan. JUAN HERRERO / EFE.
Ion Orzaiz - Edu Lartzanguren
2021eko martxoaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kalean dira berriz. Hego Euskal Herriko ostalariak ez daude konforme Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak hartutako azken neurri murriztaileekin. Sentitzen dute erakunde publikoek «pandemiaren erantzule» bihurtu dituztela, eta, debekuez harago, baliabideak eskatu dituzte, neurri murriztaileei aurre egin ahal izateko: izan diru laguntzak, izan gastu eta zergen behin-behineko etetea. Hori bermatu ezean, protestei eutsiko diete, eta auzitara jotzeko aukera ere aztertzen ari dira elkarteetako batzuk.

Atzo, Donostian egin zuten protesta ikusgarrienetako bat: SOS Ostalaritza elkarteko kideek okupatu egin zuten Eusko Jaurlaritzak Andia kalean duen egoitza, neurri murriztaileengatik protesta egin eta laguntzak eskatzeko. 30 bat pertsona sartu ziren egoitzan, ostalaritzaren aldeko aldarriak oihukatzen.

Elkarteko ordezkariek azaldu zuten «okupazio baketsua» egin nahi zutela, eta egoitzaren alde batean jarri ziren txartelekin eta Urkullu, aski da, SOS Ostalaritza lelodun pankarta batekin. Ondoren, Garazi Otegik eta Elena Gineak hartu zuten hitza, elkarteko ostalarien izenean. Azaldu zutenez, okupazioa egin zuten «Urkulluren exekutiboak, berriz ere, ostalaritza egin duelako izurriaren garapenaren arduradun eta errudun».

Taberna eta jatetxeen egoera zailaz ohartarazi zuten: «Urtebete daramagu %30ean lan egiten, eta horrek egoera larrian utzi gaitu. Taberna askok itxi egin dute, eta beste askok gorriak ikusiko ditugu ez badira behar diren neurriak hartzen».

Lau eskaera zehatzetan laburbildu zituzten neurri horiek. Lehenik, ostalaritzari eragingo dioten neurri murriztaileekin batera, atal bat gehitzea azaltzeko zer-nolako ordaina jasoko duten kaltetuek, eta konpentsazio ekonomiko hori atzera begirakoa ere izatea. Bigarrenik, ostalaritzari eragiten dieten gastu eta zergak murriztea edo kentzea: «Alokairuak izoztea, errenta zerga murriztea, BEZa aldi baterako jaistea, eta zabor, ura eta terrazetako zergak kentzea». Hirugarrenik, galdegin zuten «langileen soldatak osatzea eta enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteetan dauden irregulartasunak zuzentzea». Eta, azkenik, «burokrazia bizkortzea», diru laguntzak eta bestelako espedienteak eskatzeko izapideak errazte eta malgutze aldera.

Jaurlaritzaren neurri murriztaileen kontrako helegiteez, Gineak esan zuen hori egitea «elkarte handiei» dagokiela. Prentsaurrekoa amaituta, egoitzatik atera ziren, «Langileak gara, ez gaizkileak», eta «Urkullu entzun, ez gara errudun» oihuen artean.

Nafarroan, auzitegien zain

Kexu azaldu da Nafarroako Ostalarien Elkartea ere. Taberna eta jatetxeen barnealdea ixteko asmoa iragarri zuen Nafarroako Gobernuak ostiralean, eta neurri horrek ostalarientzat «ondorio suntsigarriak» izanen dituela esan zuen Ana Beriainek, ostalarien elkarteko buruak. Hori dela eta, helegitea aurkezteko aukera «aztertzen» ari direla iragarri dute ostalariek.

Gobernuak, alta, neurrion bideragarritasun juridikoa bermatu nahi izan du, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren oniritzia bilatuz: atzo bidali zituzten neurri berriak auzitegira, eta magistratuek datozen egunetan ebatziko dute horien zilegitasunaren inguruan. Aurreko neurri murriztaileen bidea aintzat hartuta, uste izatekoa da auzitegiak ontzat joko dituela honako debeku hauek ere, eta datozen egunetan sartuko dira indarrean. Zehazki, osteguneko 00:00ak baino lehen.

Hain zuzen, ostalarien eta beste sektore batzuen ezinegonaz galdetuta, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Javier Remirezek esan du neurri murriztaileak «justifikatuta» daudela erabat, transmisio datuen goranzko joeragatik: «Datuok berretsi egin dute Nafarroako Gobernuak iragarritakoa, eta hartutako neurriak justifikatu. Ulergarria da jendearen nekea, baina neurri hauek egokienak dira osasun publikoa babesteko eta, era berean, jarduera sozial eta ekonomikoak ahal den neurrian bermatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.