Euskal presoak

Jagoba Codo euskal presoa aske geratu da, baldintzapean

Larriki gaixo dauden presoen zerrendan zegoen Codo. Osasun krisia dela eta, 70 urtetik gorako presoak eta larriki gaixo daudenak askatzeko eskatu du Etxerat-ek.

Preso erien aldeko mobilizazio bat artxiboko irudian. LUIS JAUREGIALTZO/FOKU
2020ko abuztuaren 6a
20:08
Entzun

Etxeratek jakinarazi duenez, Jagoba Codo euskal presoa aske utzi dute, baldintzapean. 19 urte pasatu ditu espetxean, eta larri gaixo dauden presoen zerrendan zegoen. Espainiako Auzitegi Nazionalak eman du hura aske uztearen aldeko ebazpena.

Codo Logroñoko espetxera gerturatu zuten, eta azken asteetan Martuteneko gizarteratze zentroan egon da, hirugarren graduan. Halere, Castelloko espetxean (Herrialde Katalanak) pasatu ditu urte gehienak. Izan ere, 2001etik zegoen espetxean, urte hartan Mexikotik estraditatu zutenetik. 22 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, ETAko kide izatea leporatuta. 2015etik, hirugarren gradua lortzeko edo baldintzapean aske geratzeko eskubidea zuen, zigorraren hiru laurdenak beteak izanik. Codori espondilitis ankilopoietikoa diagnostikatu zioten. Eritasunak mugimendua mugatzen dio.

Etxerat-ek oroitarazi du Gorka Fraile preso ohiaren ostean Codo Calleja dela EPPK-ko presoek abiatutako ibilbide juridiko-penitentziarioa amaierara arte eraman eta aske geratzea lortu duen lehena. Elkarteak eskatu du ez jartzeko «trabarik» euskal presoek abiatutako bideari, modu horretan «salbuespenezko politikaren erru den zigor erantsiarekin» amaitzeko. Era berean, salatu dute «lotsagarria» dela zigorraren hiru laurdenak beteak dituzten edo betetzear dauden 79 presoetatik gehienak lehen graduan egotea, «etxetik ehunka kilometrora urrunduta».

COVID-19ak eragindako osasun krisia dela-eta euskal presoek bizi duten «salbuespen egoera» ere kritikatu dute, eta, OME Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioei men eginez, 70 urtetik gorako presoen eta larriki gaixo daudenen askatasuna exijitu dute, baita baldintzapean aske geratzeko modua eta gradu aldaketak erraztea ere. Egun, hamasei euskal preso daude larri gaixo.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.