Duela 50 urte ikastola bultzatu zutenen ondarea etorkizunean ere hala izan dadin nahi du Ibilaldiak: “Katea ez dadila apurtu”. Ikastola eta herria batuko ditu ibilbideak, eta lau gune izango ditu 5,7 kilometrotan.
[youtube]https://youtu.be/hL30f0bPm50[/youtube]
Larramendi ikastola eraldaketa prozesu estrategiko batean murgilduta dago. Proiektu akademikoak eta kudeaketak bat egitea nahi dute, ikastolak bultzatutako balioetan oinarrituta. Ibilaldiaren irabaziak eraldaketa “integral” horretan laguntzeko erabiliko dituzte.
Baina aurtengo jaialdia, gainera, “jasangarria” eta “parekidea” izango da. Durangoko Ibilaldiak egindako ekarpena aintzat hartuz eta horri jarraipena emanez, eragile moreek Ibilaldi honetan ere eraso bako jaia izateko lan egingo dute, jai parekidea bultzatuz. More koloreko petoa eramango dute, eta gune guztietan egongo dira. Gainera, eraso sexistak egonez gero, protokoloa zehaztu dute antolatzaileek.
Jai jasangarria ere izatea nahi dute, eta Erronka Garbia zigilua lortu du ibilaldiak. Horregatik eta jaialdiak “ingurumenean eragin ditzakeen inpaktu negatiboak minimizatzeko asmoz, diseinuan eta antolakuntzan ingurumen neurriak” hartu dituzte: ibilgailu elektrikoak erabiliko dituzte, edukiontzi desberdinak ipiniko dituzte, eta ura eta argi indar gutxiago erabiltzeko neurriak hartu dituzte. Gainera, Ibilaldira garraio publikoan joateko dei egin dute. Bestalde, alkoholaren kontsumo “arduratsua” bultzatzeko asmoz, hainbat talde ibiliko da gazteei horri buruzko informazioa ematen.
Egitaraua
Aurtengo jaiak lau gune izango du: Egunero izenekoa, ikastolan kokatua; Erdu, Iturbaltzako auzoan; Alkarregaz, Atelan; eta Jaio, herri erdigunearen hasieran. Egitarau “herritarra, parekidea eta parte hartzailea” landu dute. Horrela, adin guztietako pertsonentzako ekitaldiak egongo dira, “edozein girotan murgiltzeko” aproposak.
Gaztetxoen inplikazioa bilatzeko, Erronka izeneko proba izango da, “14-16 urte bitarteko gazteek festa egunean parte hartze aktiboa” izan dezaten. Gu Ta Gutarrak telebista saioko lagunek ere parte hartuko dute probetan. Eurentzako kontzertuak ere nonahi izango dira: Itziarren Semeak —aurtengo abestiaren egileetako batzuk—, Hesian eta Ero taldeek joko dute Mungian. Musikari dagokionez, Trikizio, Anje Duhalde eta Oxabi ere egongo dira Ibilaldian.
Umeek ere izango dute zerekin gozatu, eta hainbat ekintza prestatu dute eurentzat: Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen emanaldia, joko inklusiboak, Izenaduba antzerkia eta abar.
Ohi legez, bestelako ekitaldiak ikusteko aukera ere egongo da: euskal zunba, batutailerra, artisau azoka, trikitilari, joaldun eta dantza emanaldiak, eta beste. Aurten, gainera, zeliakoentzako jakiak eskainiko ditu. Esaterako, bigarren guneko talogunean hori bermatzen duen prozesua egingo da.
Abestia eta bideoklipa
Mungiako Itziarren Semeak musika taldeak eta Taket bertsolari taldeko kide Mikel Goirienak eta Jone Larrinagak osatu dute abestia, denak Larramendiko ikasle ohiak. Antolatzaileen arabera, “gorputza aktibatu eta dantzan hasteko moduko kantua da, Ibilaldiaren alaitasunaren erakusgarri izan nahi duena”.
Jaia 09:30ean hasiko da jaia, ikastolan bertan, hasiera ekitaldiarekin. Lehen promozioko ikasleek moztuko dute zinta. Pare bat ordu geroago, berriz, 2018ko Ibilaldiko antolatzaileei emango diete lekukoa mungiarrek. Hurrengo ibilaldia Santurtziko Bihotz Gaztea ikastolak antolatuko du. Larramendikoek espero dute “Ibilaldiaren ondorengo egunean euskaldunago izan dadila ikastola, Mugiako herria eta Euskal Herria”.
Informazio gehiagorako: www.ibilaldia.eus.