Jacques Comet Hazparneko (Lapurdi) auzapezak galarazi egin die Euskal Herria Zuzenean musika jaialdi handi eta ezagunaren antolatzaileei festibala herri hartan egitea. Euskal Herrian egiten den kultur ekitaldi garrantzitsuenetakoa da jaialdi hori, eta iaz arte, Arrosan (Nafarroa Beherea) egin da. Antolatzaileek lekuz aldatzea eta Hazparnera eramatea erabaki zuten, eta, orain arte, ez dute Herriko Etxearekin arazorik izan.
Antolatzaileek agertu dutenez, Comet auzapezak bere kabuz hartu du debekatzeko erabakia, eurekin harremanik izan gabe. Lau hilabete baino ez dira geratzen festibalerako, uztailaren 2, 3 eta 4an egitekoa baita. Hainbat talderen artean antolatzen dute Euskal Herria Zuzenean festibala; hainbat herrialdeetako musika taldeek parte hartu izan dute aurreko urteetan, eta Euskal Herriko aldarrikapenekin zein globalizazio neoliberalaren kontrako mugimenduen asmoekin bat egin izan dute. Jaialdian bildutako dirua hainbat kultur proiektu bultzatzeko erabili izan da.
Euskal Herria Zuzenean festibala
Jaialdia bertan behera uzteko erabakia "auzapezak bere kabuz" hartu duela salatu dute antolatzaileek
Euskal Herria Zuzenenean musika jaialdiaren antolatzaileek gogor salatu dute Jacques Comet Hazparneko (Lapurdi) auzapezak festibalaren antolatzea galaraztea, eta erabakia "auzapezak bere kabuz" hartua izan dela azpimarratu dute. Segurtasun kontuak argudiatu ditu alkateak erabaki hori hartzeko, baina antolatzaileek azpimarratu dute segurtasun batzorde bat martxan zela kontzertuaren antolaketa modu egokian egitea bermatu ahal izateko. Batzorde horren lana gutxiestea ere kritikatu dute, eta erabakia hauteskunde bezperetan hartzea. Hala, martxoaren 13an Biltzar Nagusia egingo dute antolatzaileek Hazparnen jaialdiarekin zer egin erabakitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu