Jaietan parekotasuna lortze aldera, parte hartzera deitu die Bilgune Feministak andreei

Emakumeok Plazara proiektuarekin festetan leku gehiago nahi dute emakumeentzat, sexismoa gainditzeko

Iruñea
2011ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
«Herrietako jaietan gizonak dira protagonistak: harri jasotzaileak, aizkolariak, pilotariak, dultzaineroak, txarangak, kontzertuak...». Emakumeek, ordea, sarri etxean «arropa garbitzen eta bazkari eta afariak prestatzen» gelditu behar izaten dutela salatu du Saioa Iraola Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak. Adierazpide sexistak festetako «errealitate» direla ere azaldu du Iraolak. Hortaz, emakumeek eta gizonek jaietan parte hartze parekidea izan dezaten, Emakumeok Plazara proiektua martxan jarri du aurten ere Bilgune Feministak. Jai parekideak lortzea eta sexu erasoak salatzea du helburu ekimenak. Atzo aurkeztu zuten, Iruñean, eta andreei herrietako jaietan parte hartzeko deia egin zieten bertan.

Herrietako jaiek gizarte ordena «erreproduzitzen» dutela azaldu du Iraolak. Ondorioz, emakumeek jasaten duten «zapalkuntza eta diskriminazioa» areagotzen dela. Jaietan «ikuspegi feminista» txertatzeko garaia dela uste dute. «Ohiturak bizirik daude, eta gizartean eman nahi ditugun aldaketek gure herriko festetan isla izan behar dute».

Bilgune Feministak iaz aurkeztu zuen lehendabizikoz Emakumeok Plazara proiektua. Emakumeek jaietan leku gehiago izateko eta sexu erasoak saihestekoeta salatzeko jarri zen martxan. Aurten ere, herrietako festa batzordeetan eta koordinadoretan proiektua «indartzen» jarraituko dute. «Lapikoak elkarrekin bete behar ditugu».

Erasoen aurka

Errealitatearen hainbat alderdi ilun biluztu ditu Bilgune Feministak. «Ez zaizkigu arrotzak iruditzen 'ipurdia eta titiak ukitu dizkit hark' eta 'txarrera ligatzen dabil' hitzak». Horregatik, Euskal Herriko festetan ematen diren eraso sexistak saihesteko eta saltzeko bitartekoak jarriko ditu aurten ere.

Erasoak salatzea ere badute xede. «Sanferminetan, esaterako, sexu erasoak izaten dira, nahiz eta udala horiek ez ikusarazten saiatzen den behin eta berriro», salatu du Miren Aranguren Bilgune Feministako kideak. Jaietako balorazioan udalak sexu erasoen datuak ez ematea salatu izan du Astelehen Lilak elkarteak ere.

Eraso sexistak saihestu eta salatzeko duela zenbait urte Iruñeko peñen laguntzarekin martxan jarritako telefonoa aurten ere martxan izango dela adierazi du Arangurenek. Norbaitek «edozein motatako eraso» bat ikusten badu, 699-68 16 81 telefonoan salaketa jartzeko eskatu du Bilgune Feministak. «Gero eta ezagunagoa da telefonoa. Hasieran txantxak egiteko deitzen zuten, baina gero eta jende gehiago ausartu da salaketa jartzeko deitzera». Telefono horren bidez jasotzen duten informazioa oso garrantzitsua dela gogorarazi du Arangurenek.

Sanferminetan izaten diren sexu erasoen berri hilabeteak pasata ere izaten du elkarteak. «Adibidez, duela bi hilabete zenbait kasuren berri izan genuen», salatu du Zuriñe Altable Bilgune Feministako kideak. Gehienetan, epaiketak izaten direnean jakiten dute sexu erasoak izan direla. «Ez digute esaten larrialdiek zenbat emakume artatu dituzten eraso bat izan dutelako. Datu horiek ez dituzte plazaratzen».

Iruñeko jaietan parekotasuna lortze aldera, Bilgune Feminista Bodegika tabernan izango da. Bertan, «giro atsegina eta polita» sortzeko helburuarekin egitarau erakargarria prestatu dute; uztailaren 8an DJ emakumeak izango dira, uztailaren 10ean bertso bazkaria egingo dute Nekane Zinkunegi eta Eneritz Arzallus bertsolariekin, eta uztailaren 12an ere DJ bat ariko da. Astelehen Lilek uztailaren 6an zapi morea eramateko egindako eskakizunari «ekimen polita» deritzote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.