Jaietarako prest, erasoei aurre egiteko ere bai

Sanferminen atarian, iruindarrek oraindik gogoan dituzte iazko irudiak: sexu eraso larri baten ostetik Gazteluko plazan bildu zen jendetza, ñabardurarik gabeko gaitzespen isila. Udalak, peñek eta Gora Iruñeak ahalegin handiagoa egiten dute urtetik urtera, erasoak eragotzi eta haiei kolektiboki erantzuteko.

Farrukas talde feministak deituta, herenegun egin zuten eraso sexisten aurkako gaueko manifestazioa; ehunka lagun batu ziren. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Samara Velte.
2017ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Uztailaren 6ko eguerdiak salbuespenezko hamar eguni ematen die bide Iruñean. 240 orduz, nonahi suma daiteke jaia, hiri osoarentzako hainbat formatutan. Denen gozamenerako leku behar lukeena, ordea, behar baino gehiagotan bihurtzen da gehiegikerien lekuko: azken urteotan, sexu erasoengatik ere bihurtu dira ezagun Iruñeko sanferminak. Jaien antolatzaile nagusiak —Iruñeko Udala, peñen federazioa eta Gora Iruñea herri mugimenduen plataforma— jakinaren gainean daude, eta hainbat protokolo ezarri dituzte arazoari aurrea hartzeko.

«Urteak daramatzagu esaten sanferminetan eraso sexistak gertatzen direla, baina orain arte ez genituen ikusten, aurreko udalak jaiak amaitu arte ez zuelako haien berri ematen», azaldu du Gora Iruñeako Zurine Altablek. 2014ko txupinazoan, mundu osoan eman zuten zeresana emakume batzuei ukituak egiten zizkieten gizonen irudiek. Horren ostean, Sanferminak Berdintasunean taldea sortu zuten administrazioak eta gizarte eragileek, erasoak ikusarazteko asmoz. «Urteetan, legerik gabeko hiria balitz bezala saldu zituzten sanferminak, eta jai eredu horren ondorioak sufritzen ari gara oraindik», azaldu du Altablek. «Erasoak ikusarazteak ez du esan nahi gehiago gertatzen direnik: jarrera arduratsu bat da. Horrela, gure jaietan gertatzen denaren erradiografia erreala daukagu, eta gauzak aldatzeko neurriak har ditzakegu».

Elkarlan horren adibide dira iaz egin zituzten bi elkarretaratze jendetsuak: mugimendu feministak deituta eta udalak babestuta, Gazteluko plazaren inguruko kaleek ere gainezka egin zuten sanferminetan gertatutako bortxaketa baten aurkako protestan. Urte hartan, «paradigma aldaketa» gertatu zela uste du Laura Berrok, Iruñeko Udaleko Berdintasun eta LGTBI zinegotziak: «Gizarte osoari eragiten dion auzia da. Mingarria zaigun arren, gure adiskideak, aitak, semeak eta lehengusuak dira erasotzaileak».

Jokatzeko jarraibideak

Erantzuna koordinatu arren, eragile bakoitzak bere neurriak dauzka erasoak saihesteko. Udalak abian du informazio kanpaina zabala hiriko ibilgailu eta euskarrietan, hala nola Interneten eta telefonoko aplikazioetan. Informazio gune nagusia Gazteluko plazan jarri dute. «Kanpoko jendearengana heltzen ere saiatu gara», azaldu du Berrok: «Ez uste dugulako eraso gehiago egiten dituztela, baizik eta kanpoko emakumeek ez dutelako hiria ezagutzen». Kalez jantzitako udaltzainak ere ibiliko dira «eraso sexistak geldiarazteko».

Gora Iruñeak ere jarriko ditu panel eta eskuorriak txosnaguneetan eta gizarte mugimenduek kudeatutako lokaletan. Tabernariei aldez aurretik azaldu diete zer egin behar duten eraso baten berri jakiten badute. «Txanda asko direnez, gerta liteke justu lanean dagoenak ez jakitea zer egin; kasu horretan, badaki barrako arduradunari esan behar diola», azaldu du Altablek. Aldaketa nabarmena sumatu du sektore horretan: «Lehen gu joaten ginen haiengana materiala eskainiz, baina orain eskatu egiten digute. Jabetzen dira euren tabernan gertatzen dena euren ardura ere badela».

Eraso bat ikusten duenarentzat, antzekoak dira udalak eta Gora Iruñeak ematen dituzten aholkuak: «Emakumeari laguntza eskaini; ez egin ezer hari galdetu gabe. Onartzen badu, ikusi ea erasoa intentsitate altukoa edo baxukoa den. Irainak edo ukituak badira, erasotzailea identifikatu behar da eta eremutik kanporatu, ulertaraziz eremu horretan ez dela erasorik onartzen».

Erasoak salatzeko telefonoa ere izango du Gora Iruñeak: (0034) 699-68 76 87. Emakumezko boluntario talde bat dago 24 orduz deiak hartzeko prest. «Printzipioz salaketak jasotzeko da, ez asistentziala. Dena den, emakume horiek prest daude edozein informazio emateko, baita laguntza behar duenarengana hurbiltzeko ere». Udalaren zenbakia ez da publikoa —112ra deituta edo Gazteluko plazako informazio gunean galdetuta eskura daiteke—, baina antzeko zerbitzuak eskaintzen ditu. «Behar izanez gero, ospitalera edo Poliziarengana lagunduko diote emakumeari; lo egiteko edo egoteko espazioak behar baditu, horiek ere badauzkagu», zehaztu du Berrok. Jaietan, udalak egunero emango du jasotako salaketen berri.

Erasoa larriagoa balitz —biktimari fisikoki min emateko saiakera bat, esaterako, salaketa protokoloa abiatuko lukete jaietako antolatzaileek, iazko eredua errepikatuz: mugimendu feministak egingo luke deialdia, eta udala atxikiko litzaioke. Jai gunean bertan, bat-batean moztuko litzateke musika; peñek ere bat egingo lukete neurri horrekin. «Bilgune Feministaren protokoloa erabiltzen dugu protesta egiteko», azaldu du Ruth Gonzalezek, Oberena peñako presidenteak. «Zezenketen aurretik, pankartarekin ateratzen gara, eta erasoen aurkako kuña bat sartzen dugu». Peñen lokaletan eskura izango dute erasoen aurkako telefonoa.

Gizonentzako mezua

Aurten, hain zuzen ere, indarkeria matxistaren aurkako egitasmo bat abiatu dute Iruñeko Peñen Federazioa osatzen duten hamasei taldeek. Erasotzailerik gabe, erasorik ez kanpaina gizonezkoentzat da propio, eta«ikasitako maskulinitate rolak zalantzan jartzea» du helburu. «Parekidetasuna ez da soilik emakumeen kontua», diote euren manifestuan: «Eraso sexistak eragozteko giltza da erasotzailerik ez egotea; ez espazio publikoetan, ezta pribatuetan ere. Eta hori gizonezkooi zuzen-zuzenean dagokigun erantzukizuna da». Festetan, kanpaina peñetan zabalduko dute, elastiko eta antzeko materialen bidez. «Gure nahia da pertsona guztiek izan dezatela eskubidea eta aukera jaiak baldintza berdinetan gozatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.