Jainkoak, elizak eta parodiak

Sinesmenen inposizioari eta absurdoari kritika umoretsua egiteko moduak bilatu dituzte ateoek. Eliza pastafaria da horietako bat.

Irune Lasa.
2013ko martxoaren 17a
09:14
Entzun

Gero etorri zena ez zuen inondik espero Bobby Hendersonek.  2005ean, 24 zituela, gutun satiriko bat idatzi zion Kansas Estatuko Hezkuntza Kontseiluari, protesta gisa, eskoletan diseinu inteligentearen hipotesia eta kreazionismoa irakastea baimendu zutelako. Hendersonen arabera, Espageti Munstro Hegalarian zuen bere sinesmenak, eta haren araberako diseinu inteligenteak kreazionismoak adina toki merezi zuen zientzia eskoletan.
Handik gutxira, Internetez zabaldutako gutunaren harira, espageti eta haragi bola formako jainkoaren ideiak eta hark eskaintzen zuen absurdorako ariketa umoretsuak asko zabaldu ziren ateo eta agnostikoen artean.

Pixkanaka, Hendersonen ekarpenekin, erlijio oso baten elementuak hartuz joan da, eta, dagoeneko, Eliza pastafariaz hitz egiten da. Espageti Munstro Hegalaria dute jainkoa, eta euren sinesmenean piratak izaki jainkotiarrak dira. Izan ere, Hendersonek, korrelazioak ez duela kausa inplikatzen erakusteko, berotze globala piratak murriztu izanarekin lotu zuen grafiko batean. 2008an, Adengo golkoan pirateria handitu zenean, Hendersonek azaldu zuen nola, hain zuzen, Somalia den pirata gehien eta karbono emisio gutxien dituen herrialdea.

Euren aginduak ere badituzte pastafariek, Zinez, nahiago nuke ez esaten zaienak; hamar ziren, baina Mosey kapitain piratak bi galdu egin zituen, Saltsa menditik jaistean. Honela dio lehenak: "Zinez, nahiago nuke ez bazina arituko santujale zuri baten gisa, besteak baino hobea zarela uste duzun hori, zergatik eta nire jainkotasun espagetikara deskribatzen duzuelako. Norbaitek ez badu nigan sinesten, ondo da. Ez naiz hain harroputza, egiatan. Gainera, hemen hizpidea ez dira haiek; beraz, ez aldatu gaia".

Bere burua ateo militantetzat du Niko Alm austriarrak, eta bere gidatzeko baimeneko argazkian, pastafarien burukoarekin —pasta xukatzaile bat— agertzea lortu zuen 2011n. Herrialde horretan argazki ofizialetan jantzi edo ikur katoliko zein musulmanekin agertzea baimenduta dagoela jakin zuenean saiatu zen.

Eliza ateoa

Erlijio satirikoekin batera, bada ateismoa adierazteko beste modu bitxi bat Londresen: Eliza ateoa. Bi umoristak, Sanderson Jones eta Pippa Evansek bultzatuta, urtarrilean hasi ziren hileroko Igandeko Batzarrekin, eta bi egin dituzte, oraingoz. Meza modukoarekin, "bizitza ospatzea" hartu dute helburu.

Horretarako, errezo eta kantuen ordez, Queen edota Steve Wonderren kantuak (Don’t Stop Me Now eta Superstition) erabiltzen dituzte, eta sermoiak eman beharrean, zientziari buruzko hitzaldiak egiten dituzte, adibidez, antimateria aurreikusten zuen Dirac-en ekuazioari buruz. Lehen batzarrean, berrehun lagun eskas bildu ziren eliza izandako eraikinean, baina, bigarrenean, hirurehundik gora izan ziren. Zenbaitek euren hirietan antzeko egitasmoak egiteko asmoa erakutsi zuten, gainera.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.