Jaka Horien izaeraz eta etorkizunaz gogoetatu dute Urruñako kanpalekuan

Jaka Horien biltzarren biltzarrak erreferendum bidez funtzionatzearen alde egin du. Gaur, Baionan mobilizazio bat egiteko asmoa dute

Urruñako kanpalekuan bildutako Jaka Horietako batzuk, asanblearen bukaeran. BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Urruña
2019ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jaka Horiek gune berezia dute Urruñako kanpalekuan, G7koen goi bileraren harira Irun eta Hendaia artean antolatu duten kontragailurrean. Bertan bildu dira hiru egunez Jaka Horiak, eta mugimenduari buruz gogoetatzeko batzarrak egiteko baliatu dute. Atzo zuten azkena, baina jende gutxi agertu zen; gehienak gaurko manifestazioari begira jarriak ziren, 41. mobilizazio asteburua Baionan egitea erabaki baitute.

Iazko azaroaren 17an hasi zen Jaka Horien mugimendua, erregaiaren gaineko zergak emendatu nahi zituztela salatzeko. Frantziako herri andanatan egin zituzten protestak, itzulguneetan, baina, pixkanaka, manifestazio handiak egiten hasi ziren hiriguneetan. Parisen, Bordelen, Tolosan eta abarretan izan dira nagusiak, eta horietako anitz istiluekin amaitu dira. «Tristea da, baina funtsean Frantziako Gobernua mugiarazi zuen. Ondoriorik latzena polizia bortizkeriak pairatzea izan da», azaldu du Anne Legrand Tarbesko jaka horiak. Ehunka zauritu izan dira, horietako anitz, larriak. Zenbait elkarteren datuen arabera, bederatzi hilabetean azken hamabost urteetan bezainbat zauritu eragin ditu Frantziako Poliziak.

Politika instituzionalarekin mesfidantza handia dute hasieratik Jaka Horiek, baina argi dute: egiten ari direna politika da. Erregaiaren zergatik aldarrikapen sozialetara egin dute salto. «Biharko nahiko genukeen gizartea gogoetatu nahi dugu», zioen atzo kanpalekura hurbildutako batek.

Mugimendua abiatu zenetik, korronte bat baino gehiago sortu da Jaka Horien artean, eta, elkarrekin komunikatzen baziren ere, ez zuten antolaketa bereziturik. Azken hilabeteetan, pixkanaka, batzuk funtzionamendu bat adosten hasi dira. Hasieratik, tokian tokiko taldeetan antolatu dira; itzulguneetako protestetan elkartzen ziren jendearen artean, funtsean. Urtarril bukaeran, tokiko talde guziak Frantziako Commercy herrian batzeko deia egin zuten, eta, pixkanaka, biltzarren biltzarra osatu dute. «Tokian tokiko taldeek elkarren artean harremana dugu, eta batak besteari informazioa pasatzen diogu. Ondoren, departamendu mailan, eskualdeka...», azaldu du Loic Barusek. Urruñako kanpalekuko deialdira Frantzia Hego Mendebaldeko Jaka Horien Biltzarrak deitu du.

Hiru egunetan bilkura bat baino gehiago egin dituzte mugimenduaren izaera hobeki definitzeko. Lehenik, arloz arloko borrokak zehaztu dituzte; sozioekonomikoak eta ingurumenari eta demokraziari lotuak. «Ezinbestekoa da beste eragileengana ireki gaitezen», iritzi dio Legrandek. Horrez gain, biltzarren biltzarrak nola funtzionatu beharko lukeen ere gogoetatu du. Biltzar nagusitik ateratzen diren proposamen guziak tokiko taldeek erreferendum bidez bozkatzearen alde egin dute Urruñako kanpalekuan bildu direnek. Mugimenduaren koherentziari buruz ere eztabaidan aritu dira.

41. asteburua

Aspaldi aipatu zuten G7koenaren kontra Jaka Horien mobilizazio bat antolatzea, eta azken asteetan zehaztuz joan da. Gaur izanen da, 17:00etan, Baionan. Leku zehatza azken momentuan jakinaraziko dute, haien sareen bidez. Pirinio Atlantikoetako prefeturak segurtasun perimetro bat jarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.