Eusko Ikaskuntzak Jakiunde sortu du, Zientzia, Arte eta Letren Akademia, “maila goreneko erakunde aholkularia” eta “euskal gizartearentzat erreferentziazko foroa” izateko helburuarekin. Gaur goizean egin dute aurkezpena, Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian, eta han izan da, besteak beste, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria.
Jakiundeko lehendakaria Pedro Miguel Etxenike fisikaria da eta, "ohorearen eta zalantzen gainetik" dakitenaren "egia harrokeriarik eta beldurrik gabe" azalduko dutela adierazi du. Ibarretxek "ezagutzaren proiektutzat" jo du Jakiunde, eta "aldaketa garai honetan tentsio intelektuala" izatea garrantzitsua dela deritzo.
Etxenikez gain, euskal gizarteko sona handiko beste 25 lagun elkartu dira Akademian. Hala-nola, literatura, historia, antropologia, zientzia, zinema, musika edo arkitekturaren alorretako adituak: Jesus Altuna antropologoa, Bernardo Atxaga idazlea, Gregorio Monreal Zuzenbidearen Historian aditua, Mari Carmen Gallastegi ekonomilaria, Montxo Armendariz zinemagilea, Jose Maria Asua kimika ingeniaria… “Elkarrekin lan eginda etorkizunerako erronka handi eta berrien aurrean duten pertzepzioa gizarteari eskaini nahi diotenak dira”, Eusko Ikaskuntzak dioenez. Bilgunea 31 lagunez osa daiteke gehienez.
Kide horiek guztiek elkarrekin hausnartu eta iritziak ematea da Jakiunderen xedea, “gizartean hautematen dituzten gabeziak eta euskal letrek, zientziek eta arteek datozen urteetan hartu beharko luketen bidea hizpide hartuta”.
Uutean hiru aldiz elkartuko dira osoko bilkuretan, batzorde espezializatuek urtean zehar egindako lana berresteko.
Gizartea
Jakiunde, Eusko Ikaskuntzaren Zientzia, Arte eta Letren Akademia eratu dute
Gaur goizean egin dute aurkezpena, Donostian. “Maila goreneko erakunde aholkularia” izango da eta “euskal gizartearentzat erreferentziazko foroa” izateko helburua du. Pedro Miguel Etxenike fisikaria da lehendakaria, eta euskal gizarteko beste 25 lagunek osatu dute bilgunea. "Ohorearen eta zalantzen gainetik, dakigunaren egia harrokeriarik eta beldurrik gabe azalduko dugu", esan du Etxenikek. Ibarretxek "ezagutzaren proiektutzat" jo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu