Arropa merkataritza

Jantzi eta botatzeko moda

Beste zenbait produkturi baino balio gutxiago ematen diogu arropari, eta prest gaude erabili eta botatzeko jantzi merkeak erosteko. Are gehiago, botako ditugula jakiteak berrriak erosteko aukera ematen digu. 

Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2013ko ekainaren 30a
01:13
Entzun

Elikadura ekologikoagatik gehiago ordaintzen badugu, auto hibridoen salmentak gorakada izan badu, eta diseinuzko ordenagailu eramangarri bat erosteko bi mila euro gastatzeko prest bagaude, zergatik harrotzen gara prezio txikiko arropa kate batean azken mauka lortuta?

Galdera horiek egin zizkion Elisabeth Cline idazle eta blogariak bere buruari Overdressed:The shockingly high cost of cheap fashion (Gehiegi jantzita: moda merkearen izugarrizko gastua) liburua idaztera heltzeko. Kostu txikiko arropa dendetara sarri jotzen zuen Clinek, eta armairuan gehiagorentzako lekurik ez zuela ohartu zen. Orduan, guztiak atera eta markaren, jatorrizko herrialdearen, enpresaren eta erositako urtearen arabera sailkatzen saiatu zen. Ia astebeteko lanaren ostean, 354 pieza zituen guztira, eta harrituta zegoen: "Gauza bakoitzagatik, 30 dolar (22,5 euro) baino gutxiago ordaindu nuen".

Prezio txikia posible izateko, ezinbestekoa da Asiako eskulana. Herrialde garatuek Txinan edo Bangladeshen egiten duten eskala handiko ekoizpena, alegia. Clineren arabera, "ganoragabeko arropa" ekoizten dute, "sei edo zazpi aldiz garbitu ostean zaborrontzian edo armairu hondoan geratuko dena". Bi lekuetan egona da Cline. Txinan izan zenean, harrituta geratu zen edozein markaren imitazioak hamar minutuan zirriborratzen zituzten diseinatzaileekin. Horrez gain, bisitatu zuen ehungintza enpresako langileak AEBetako merkaturako ekoizten ari ziren arropa berdina jantzita zeudela ikusi zuen.

2001eko abenduan onartu zuten Txina MME Munduko Merkataritza Erakundean sartzea, negoziazio luzeen ostean, eta bertako ekonomian aldaketa handiak eginda. Garai hartan, MMEko herrialdeek ehungintzako produktuei kuotak ezartzen zizkieten, baina, 2005eko urtarrilean, kendu egin zituzten. Lan kostu merkeak baliatuta, Txinak presio handia egiten zien mundu osoko ekoizleei, eta, kuotak kendu zirenetik, jantzi uholdea iritsi zen EB Europako Batasunera. AEBetako Gobernuaren arabera, Txinako kamiseta inportazioak %1.350 handitu ziren 2005eko urtarriletik maiatzera; galtzenak, %1.500, eta, kotoizko barne arropenak, %366. Baina Txinako kontsumoaren ekonomiak gora egin ahala, zenbait langileri %10 igo zioten soldata 2012ko lehen bi hilabeteetan, eta herrialdeak utzi egin zion arropa ekoizteko erakargarri izateari.

Modaren zatiketa

Globalizazioak muturreko aldaketa eragin du modaren munduan. Ekoizpen, banaketa eta merkaturatze sistemak aldarazi ditu, eta kontsumitzailearen eta produktuen arteko bestelako harreman bat sortu du. Ana Martinez Barreiro Coruñako (Galizia) unibertsitateko irakasleak La cultura de usar y tirar. ¿Un problema de investigación? (Erabili eta botatzearen kultura. Ikerketarako arazo?) txostenean kontatzen duenez, dena aldakorragoa den sentipena hedatu da, eta "kostu txikiaren kultura" nagusitu da.

Horrez gain, hirutan zatituta geratu da moda. Lehen zatia goi mailako joskintzarena da, luxuaren kontzeptuaren bueltakoa. Bigarrena, prêt-á-porter delakoa, bizi estiloaren araberako modan zentratzen da. Eta amaitzeko, moda azkarra dago, horren elementu nagusia aldakortasuna da, eta nortasun tenporalak eraikitzea du xede. Martinezen ustez, klase ertainaren beherakadarekin lotuta dago moda azkarraren jatorria. 1980ko hamarkada amaierarako nagusitu zen "hareazko ordulariaren sistema" deiturikoa. Mutur batean, esklusibotasuna eta erabateko luxua maite dutenak daude, eta, bestean, eskuragarritasun azkarreko modaren aldekoak.

Ekoizpenari dagokionez ere, gertatu da halako zatiketa. Banaketa modu tradizionala arropa diseinatzen denetik, patroiak egin, ehuna hautatu, fabrikatu eta banaketara bideratzen denera arteko prozesua da, gutxienez 300 egun irauten dituena. Bigarren ekoizpen modua nahasketa bat izango litzateke, tradizionalak baino ekoizpen etapa motzagoak eta malguagoak dituena. Hirugarrena modaz pasatzen ez diren oinarrizko jantziak ekoiztean datza, banaketa ziklo motzak eta merkatuko aldaketak kontuan izateko aukera dituzten enpresena.

Clinek moda azkarraren "aitzindaritzat" jotzen du Inditex enpresa, eta diseinatzaileei buruz, berriz, esaten du etenik gabe tendentziak sortzera behartuta egoteaz gain gastuak murrizteko kalitate txarreko materialarekin lan egitera derrigortzen dituztela. Inditex 1963an mantal negozio modura sortu zuen Amancio Ortegak, eta, geroztik, garatuz joan da, dendak ezartzeko eraikin historikoak erosteraino. Merkatuko legeek estu hartu arren, Ortegaren inperioa Espainiako diseinatzaile askoren harrobia izan da. Nadia Mediavilla Sietedelonce marka propioaren sortzaileak, esaterako, bertan eduki zuen lehen lanpostua. Mediavillaren arabera, "ez gara lehen baino kontsumitzaile txarragoak, baina ohituegi gaude xingola eta botoi distiratsu bana dituen kamiseta estanpatu bat sei euro ordaintzera, eta hori ezinezkoa da, kamiseta egiten aritu diren langile guztiei soldata duina ordainduz gero".

Diseinatzailearen figuraz, merituaz edo talentuaz ahaztu izanaren ideiarekin bat dator Martinez ere, baina, aldi berean, moda azkarrak figura berriak sortu dituelakoan dago: blogariak, estilistak, eta kaleko estiloa ehizatzeaz eta ikertzeaz arduratzen diren coolhunter delakoak. Moda azkarreko markek ez dute zuzenean diseinuan inbertitzen. Baina asko inspiratzen dira moda desfileetan, eta horietako arropak sinplifikatzen dituzte. Aitzitik, ekoizpenean, banaketan eta publizitatean egiten dituzte inbertsio nagusiak. Modara oso bideratuak daude, eta kopiatzea zuzentzat jotzen dute, azkar eta ondo eginez gero. Gainera, moda azkarrak desfileetako tendentziak kopiatzearekin batera, aldi berean Interneten ikusgai jartzen ditu, teknologiari esker.

Enpresak eta salerosleak denboraldiko bildumetatik aske geratu direla esan daiteke. Inditexen barneko Zara dendetan, esaterako, astero aldatzen dituzte bildumak. Hala, erosleek badakite ikusi orduko erosi behar dutela gustatzen zaiena, beste baterako utziz gero ziurrenik ez dutelako berriz bertan topatuko.

Kontsumitzailea, aktibo

Ekoizpena eta marketina prozesu bakarraren barnean hartzeak moda azkarraren arrakasta eragin du, eta hainbat marka gai dira dagoeneko kontsumitzaile apetatsu eta aldakorren beharrei epe laburrean erantzuteko.

Horrez gain, modaren sistemak jakin du komunikazioak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzen ere, Martinezen esanetan: "Arropa marka gehienek sare sozialak komertziorako eta kontakturako bide modura baliatzen jakin dute". Hain zuzen, 2009. urtetik, posible da modaren munduko edozein gertaera, gertatzen ari den unean bertan, ordenagailuan edo sakelako telefonoan izatea, eta horrek aurrez pentsaezina zen bezeroekiko gertutasuna ekarri die ehungintza enpresei.

Edonola ere, Martinezen ustez, aldaketarik nabarmenena kontsumitzaileak subjektu aktibo bihurtu izana da. "Orain, eskaera egiten dutenek zuzentzen dute modaren merkatua", haren hitzetan, eta esaten du merkataritzarako ezinbestekoa dela bezeroek zer erosi nahiko duten aurrez jakitea. Moda azkarrak produktuen balio sinbolikoa areagotu du, erabilgarritasunaren balioaren kaltetan, baina balio ekonomikoa eta psikologikoa murriztu ere egin ditu. "Egungo arropa erabiltzeko eta erabiltzeari uzteko errazagoa da, eta baita beste erosteko ahalmenekin uztartzeko modukoa ere".

Erabili eta botatzeko kulturaren jatorria kontsumo eta komunikazio masiboaren hastapenetan kokatzen du Martinezek. Ordura arteko industrialismo burgesaren balio diziplinatu eta zorrotzei "balio irekiagoak eta atseginzaleagoak" gailendu zitzaizkiela dio. Hala, norbanako bakoitza bere bizitza estiloa eraikitzeko libreagoa da orain, eta kontsumoa eraikuntza horretarako ezinbesteko tresna bihurtu da. "Kontsumoarekin hezi eta sozializatu dira, publizitatearen bidez, bereziki". Gizarteak eskaintzen dizkigun askotariko aukerak kontuan izanda, gainera, hautatzeko aukera genuen lehen, eta orain, hautatzeko beharra omen dugu.

Paradoxa bat aipatzera jota, jantzien balioa ez dago dagoeneko haien bertuteetan, gabezietan baizik. Hau da, zaharkitze programatua da erakargarri egiten dituena, horrek dakarrelako tendentziak berritzeko eta gazteagotzeko aukera. Hala, denboraldiko maiztasuna galduta, enpresak urte osoan etengabe ekoiztera eta banatzera igaro dira moda zaborrari bidea irekiz. Martinezen iritziz, "arropa merkeak, dudazko kalitatea dutenak eta zaborrontzian bukatuko dutenak ekoizten dituzte". Ekoizpen kate azkarrak sortutako hondakinei, eragindako kutsadura eta langileen esklabutza gehituta, "moda azkarraren industria ez da iraunkorra".

Ekonomia globalean, gehien garatuta dauden nazioek geroz eta harreman handiagoa dute garapen bidean daudenekin, eta azken horietan askoz merkeagoa da kualifikatu gabeko lana. Ondorioz, garapen bideko herrietan, diru gutxiagogatik ekoitzi daitezke lanerako beharrezkoak diren lehengaiak, eta, garatutako herrietan, gutxietsita dago arlo hori.

Hargatik ari dira txikizkakoak ekoizpena Bangladesh eta halako lekuetara mugitzen. Han jantzigintzan dabiltzanek 43 dolarreko (32,24 euroko) gutxieneko hileko soldata dute, eta makinen inportazioak ez du zergarik aduanan. Azken hamarkadan, laukoiztu egin da Bangladeshek arropak saltzetik irabazten duen dirua. H&M enpresak han egiten du bere ekoizpenaren %25, eta maiatzean adierazi zuten portzentaje hori handitzeko asmoa dutela.

Azken hilabeteetan, hautsak harrotu dira, iragan apirilean Bangladeshko eraikin bat erorita mila lagun baino gehiago hil ostean. Dhaka hiriburutik gertuko Savar hirian gertatu zen, eta eraikinaren barnean ehun lantegi bat, banku bat eta merkatu bat zeuden. Hura ez zen hildakoak eragin zituen istripu bakarra izan, aurreko azaroan suak hartu baitzuen Dhakako Tzreen Fashions lantegiak, eta ehun emakumetik gora hil baitziren bertan. Apirilekoaren ondoren, 100 arropa fabrika baino gehiago itxi zituzten, behin-behinean, langileek soldata igoera eskatuz eginiko protestengatik, eta gobernuak igoko dizkiela agindu zien.

Baina denak ez daude pozik. Siddiqur Rahman arropa fabrikatzaileen eta esportatzaileen elkarteko presidenteordearen arabera, "protestek produktuen banaketa etetea ekarri dute, eta lantegien jabeek diru asko galdu dute". Rahmanen iritziz, kontuan izan beharko luke gobernuak hori. Hala ere, Bangladeshen ekoizten denetik AEBetan saltzen denera bitartean, laukoiztu egiten da jeans pare baten salneurria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.