Aberri Eguna

Jardunek dio «konfrontazioaren gainean» eraiki behar dela Euskal Herriko langileen batasuna

Koordinakundeak argi du «askatasunerako bidea» ez dagoela Frantziako eta Espainiako instituzioetatik jorratzerik. Manifestazioa egin du Gernikan, Aberri Egunean.

Jardunen manifestazioa, gaur, Gernikan. JARDUN KOORDINADORA
Jardunen manifestazioa, gaur, Gernikan. JARDUN KOORDINADORA
Paulo Ostolaza.
2025eko apirilaren 20a
19:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Herriko langileak batzera deitu ditu Jardun koordinakundeak Aberri Egunean. Egun osoko egitaraua antolatu dute Gernikan (Bizkaia); eguerdian egin dute manifestazioa Euskal Herri langilea batu leloa hartuta, eta ondoren egin duten ekitaldi politikoan plazaratu dituzte euren aldarriak. Argi utzi dute «askatasunerako bidea» ez dagoela Frantziako eta Espainiako instituzioetatik jorratzerik, eta langileen batasuna estatu horiekiko konfrontazioaren gainean eraiki behar dela aldarrikatu dute.

Jarduneko kideen iritziz, «estatuon asimilazio estrategiaren pean ahulduz doan garra da Euskal Herria, azpiratuon egoskorkeriagatik iraun eta borrokaren ekarpenari esker handituz doana». Egoera horretan Euskal Herriaren etorkizuna zapalduek eraiki behar dutelakoan daude, haiek pairatzen dituztelako bidegabekeriak euren larruan. «Burgesia eta haien borreroak, euren posizioa hobetzeko ez baldin bada, eroso daude statu quo-an».

Salatu dute burgesia horrek «mozkin ederrak» lortzen dituela Euskal Herriaren suntsiketa estrategia eta markoen kontura, eta hor kokatu dute azken hilabeteetako militarizazio prozesua ere. «Burgesek beti aurkituko dute, heriotzak eta miseriak axola barik, mozkinak nondik lortu», gaitzetsi dute.

Jardunen ekitaldi politikoa, gaur, Gernikan. JARDUN KOORDINADORA
Jardunen ekitaldi politikoa, gaur, Gernikan. JARDUN KOORDINAKUNDEA

Olatu erreakzionarioa ere izan dute hizpide. Jardunen aburuz, joera horren helburua da «langileek pairatzen dituzten hamaika zapalketa baliatzea langileen arteko banaketa, ezinikusia eta etsaitasuna sustatzeko».

Horren aurrean, Jardunek uste du «otzantasuna, adiskidetzea eta elkarbizitza bezalako planteamenduek etsaia indartu besterik ez dutela egiten», eta aldarrikatu du «Euskal Herriko zapalduon batasunak bakarrik ahalbidetuko duela Euskal Herriaren gauzapena». Horregatik, estatuekiko konfrontazioa defendatu du koordinakundeak: «Guk argi daukagu independentziatik eta sozialismotik igarotzen dela Euskal Herriaren egikaritzea».

Ekitaldi politikoa amaitutakoan herri bazkaria izan dute, eta gauera arte kontzertu sorta bat ere bai.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.