«Nire iritziz, ezker abertzalea ez da egongo 2011ko udal eta foru hauteskundeetan». Hala esan du Ramon Jauregi Espainiako Gobernuko presidentetza ministroak. Haren esanetan, ezker abertzalearen mugimenduak eta adierazpenak «ez dira nahikoak», eta ez dute balio baldin eta ETAren indarkeriatik aldentzen ez bada, edo erakunde armatua desagertzen ez bada. Eta Espainiako Gobernuaren estrategia ez dela aldatuko ohartarazi du: «ETA desagertzen bada edo ezker abertzalekoek indarkeria gaitzesten badute baino ez da posible izango estrategia aldatzea».
Antena3 Espainiako telebista katean mintzatu da Jauregi. Haren ustez, ETAren amaiera ez dago gertu. Are gehiago, erakunde armatuaren behin betiko desagertzea «prozesu luzea» izango dela iritzi dio. Horrez gain, adierazi du Zapateroren gobernuak ez duela «asmo alderdikoirik» ETAren aurkako borrokan, gaia «oso serioa» delako eta garrantzi handia duelako Espainiako historian. Gai horretan alderdien batasunari eutsi behar zaio, «eta demokraziak eta gobernuak burua hotzizan behar dute», Jauregiren hitzetan.
«Politika fikzioa»
«Alderdi demokratikoen» arteko batasunari eusteko deia egin du, bestalde, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Hala, esan du ETAren aurkako borrokan ez duela «demokraten» arteko hausturarik onartuko, gai horretan «batasuna ezinbestekoa delako». Santiagon egin ditu adierazpenok lehendakariak, Galiziako Xuntako presidente Alberto Nuñez Feixoorekin batzartu ostean.
Lehendakariaren iritziz, azken egunotan ezker abertzalearen eta ETAren inguruan egin diren adierazpenak «politika fikzioa» dira, eta errealitatearekin zerikusirik ez dute. Nolanahi ere, ETAren agirien inguruan «euskal alderdiek erakutsi duten batasunari» garrantzi handia eman dio lehendakariak. Haren esanetan, alderdi guztien mezua ildo beretik joatea garrantzitsua da: «Denok nahi dugu ETA desagertzea, eta uste dugu Batasunak politika egin nahi badu mugitu egin behar duela, eta indarkeria gaitzetsi».
Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren politikak ez direla aldatuko ohartarazi du. «Printzipio demokratikoen irmotasunak, terrorismoaren aurkako zero tolerantziak eta Batasunarekiko exijentzia mailari eusteak eman ditu bere fruituak», lehendakariaren aburuz. Eta politika horren ondorio dira ETA sekula baino «ahulago» egotea eta ezker abertzaleak bide politikoen aldeko urratsak egitea, haren irudiko. Baina berretsi du pauso horiek ez direla nahikoak: «Batasunaren munduak badaki herri honetan politika egiteko bide bakarra dagoela».
Jauregik uste du ezker abertzalea ez dela egongo udal hauteskundeetan
ETAren aurkako borrokan ez duela «demokraten» arteko hausturarik onartuko ohartarazi du Lopezek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu