«Jaurlaritza berreskuratzea» da Urkulluren luze gabeko helburua

Salbuespen neurriak deuseztatzeko eskatu du, Auzitegi Nazionala, presoen egoera eta «Euskaditik kanpoko» poliziak aipatuta2015. urterako «Euskadik beste estatus politiko bat» izatea posible dela ziurtatu du

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
EAJren EBBko presidente karguan jarraitzeko aukeratu berritan, epe labur, ertain eta luzera begira dituen helburuen berri eman du alderdiko buruzagi nagusiak, Iñigo Urkulluk. Eusko Jaurlaritza berreskuratzea jarri du lehen helburutzat. Aurrerago begira, 2015. urtean «Euskadirentzat beste estatus bat» lortu nahi du, eta hori egingarria dela adierazi du, gainera. Luzera begirako helburu nagusitzat, independentzia duela berretsi du; horixe dela jeltzaleen eguneroko «ametsa».

«Euskadik benetako Eusko Jaurlaritza behar du», esan zuen igandean Urkulluk Barakaldoko BEC azokan, EAJren EBBko presidente hautatu berritan, alderdiko militanteen aurrean egindako lehen hitzaldian. Hautagai bakarra zen Urkullu, eta Nazio Batzarreko 71 ordezkariek aho batez erabaki zuten karguan berrestea. «Euskadik galdutako denbora berreskuratu behar du», esan zuen presidente karguan jarraituko duenak. «Euskadi berrirako gobernu berria behar da. Gobernu abertzalea. Benetako Eusko Jaurlaritza, EAJko gobernua». Eta hala izango dela hitzeman zuen, gainera.

Atzo ETBri eskainitako elkarrizketan ere, helburu horri begirako lanean sakonduko duela esan zuen. EAJk «gobernua berreskuratzea» duela epe laburreko helburutzat. Patxi Lopezenak ez duela «gehiagorako ematen» esan, eta, hurrengo hauteskundeetan, garaile izango direla ziurtzat eman zuen. «Prest gaude horretarako».

Ezker abertzaleak ez diola «beldurrik» ematen esan zuen. «Ezta lehian sar ditzakeen hautagaiek ere». Urkullu seguru dago EAJk «lidertzarako gaitasuna» frogatua duela, eta, beraz, lasai dagoela dio.

Hiru urte barruko egoera

2015. urterako beste estatus politiko bat izan nahi du EAJk. Eta, Urkulluren hitzetan, «posible da». Egungo egoeran, «batez ere», hori lor daitekeela adierazi zuen atzo. Urte askoko indarkeria amaitu izanak nabarmen erraztuko duela hori. «Orain, elkarbizitza era normalizatu batean eraikitzen jarraitu behar da».

Bakeak atzera bueltarik ez duela ere adierazi du, ETAk jardun armatua amaitutzat eman zuenetik «aurrera egiten» ari dela kontutan hartuta. Izan ere, Urkulluren hitzetan, «gero eta gehiago konprometitzen ari da ezker abertzalea». Bide horren aurkako «elementu bakanen bat» egon daitekeela adierazi du, baina, horiek, «elementu bakanak» besterik ez direla.

Salbuespen neurriak

Bai PSOEren gobernuari eta bai PPrenari «salbuespeneko lege neurriak» ezartzeaz aski delaesan izan die Urkulluk, atzo azaldu zuenez. Bide horretan, Auzitegi Nazionalari «amaiera» emateko eskatu zuen igandean, eta, «Euskaditik kanpoko poliziaren presentzia» amaitzeko. «Mendekuzko» espetxe politika bertan behera uztea eta Parot doktrina desegitea ere galdegin zuen.

«Bakea eta elkarbizitza» berreskuratu behar direla adierazi, eta ETAri egindako minagatik barkamena eskatzeko, erreparaziorako asmoa azaltzeko, «desarmatzeko eta desegiteko» eskatu zion.

Jeltzaleen beste «ametsa» ere ez dutela alboratuko ohartarazi zuen Urkulluk: «Jeltzaleek esna egonik amesten dugun helburua Euskadiren independentzia da». Eta horri eusten diola adierazi zuen igandean, militante jeltzaleen txalo zaparrada jasota: «Euskadi bakarra instituzionalizatu eta konstituzionalizatzeko konpromisoa mantentzen dugu».

«Herri bakarraren alde» egingo duela errepikatu zuen: «Ebrotik Aturrira» doan «herri bakarra» eratu nahi duela; «inor ez dadila engainatu». «Euskadi da gure helburua, helburu bakarra, eta hori lortzea berriro jaiotzea izango da». Eta lortuko dela sinetsita dago: «Nork esaten zuen Europan ez dela autodeterminazioa ezartzen erabaki behar duenak erabakitzen duena errespetatuta? Atzo Irlanda izan zen. Gaur Eskozia. Bihar Euskadi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.