'Atutxa auzia'

Jaurlaritza: "Estatua trantsizioan iritsitako elkarbizitza ituna hausten ari da, etengabe eta jakinaren gainean"

Espainiako Auzitegi Gorenak 'Atutxa auzian' emandako epai zigortzailea ez dutela "ez ulertzen, ez onartzen" agertu du Juan Jose Ibarretxe lehendakariak. Halaber, alderdi gehienek gaitzetsi dute Eusko Legebiltzarreko Mahaiko hiru kide ohien kontrako zigorra. Atutxak adierazi du justiziak ez diola inolako konfiantzarik sortzen.

2008ko urtarrilaren 22a
17:56
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak atzo arratsean Atutxa auziaren inguruan emandako epaiarekin haserre agertu dira Eusko Jaurlaritza eta alderdi gehienak. Izan ere, epaitegi horrek bi urteko inhabilitazio zigorra eta isunak ezarri dizkie Juan Mari Atutxa Eusko Legebiltzarreko Mahaiko presidente ohiari, eta Gorka Knörr eta Kontxi Bilbao Mahaiko idazkari izan zirenei. Desobedientzia delituagatik zigortu ditu hirurak,hain justu, Legebiltzarrean kargu horiek zituztela eta Batasuna legez kanpo utzi zutenean SA Sozialista Abertzaleak taldea desegin ez zutelako.

Jaurlaritzak, adibidez, ez du epai hori "ez ulertzen, ez onartzen". Areago, trantsizioan hitzartutako oinarriak urratzen aritzea egotzi dio Espainiako Estatuari: "Trantsizioan iritsitako elkarbizitza ituna hautesn ari da Estatua, etengabe eta jakinaren gainean", adierazi du Juan Jose Ibarretxe lehendakariak. Epaia gaitzesteko agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren ostean, sailburu gehienak lagun zituela.

Ibarretxek erantsi du "elkarrenganako errespetua" dela etorkizunerako balio duen eredu bakarra "erakunde eta herrien artean, Euskadi eta Espainiaren artean". Ildo horretatik, "herriari hitza" emango diola berretsi du "zentzugabekeria honi guztiari erantzun demokratikoa eman diezaion".

EAJko presidente Iñigo Urkullu ere gogor mintzatu da Gorenaren epaiaren aurka: Espainiakoa "Erdi Aroko eta demokraziaren aurreko" justizia dela iritzi dio, eta Batasuneko buruzagiekin biltzeagatik Ibarretxeren kontrako auzibidearentzat aurrekari larriak ezartzen dituela. EAJren Bilboko egoitzan egin du agerraldia Urkulluk, doi-doi epaia gaitzesteko, eta, besteak beste,Juan Mari Atutxa bera, Belen Greaves EBBko idazkaria, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia, eta Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia izan ditu alboan. Atutxari ez dagoela bakarrik esan dio Urkulluk, eta ondoren besarkatu egin du.

EBk, berriz, Auzitegi Gorenaren epaiak interes politiko jakin batzuei erantzuten diela uste du, eta auzipetuen kontrako zigor pertsonala dela. Zigortuetako bat, Kontxi Bilbao, EBkoa da. "Epaiak interes politikoei erantzuten die, botere banaketa urratzen du eta demokraziako joko arauei erasotzen die", adierazi du Javier Madrazo EBko koordinatzaileak. Hori guztia dela eta, "Justizia honetan" ez dutela sinesten azpimarratu du. Gaspar Llamazares IUko koordinatzaile nagusia ere epaiaren kontra agertu da.

Batasunak, berriz, Gorenaren epaiak "Legebiltzarraren burujabetza hankaz gora" jarri duela uste du. "Deigarria da Gorenak utraeskuineko sindikatu bati sinesgarritasun handiagoa aitortzea Eusko Legebiltzarrari baino", esan du Pernando Barrena mahaikideak. Horrez gain, azpimarratu du Atutxa Herrizaingo sailburu zela Espainiakohainbat sektorek txalotzen zutela haren jarduera, eta egun orduan txalotzen zuten berak direla zigortzen dutenak.

Aralarren iduriko, askatasunean atzera egitea esan nahi du Atutxa auziko epaiak. Patxi Zabaleta koordinatzaileak elkartasuna adierazi die Atutxa, Knörr eta Bilbaori eta Espainiako demokrazia kalitate txikikoa dela nabarmendu du: "Lehenago ere esan izan da Espainiako demokrazia oso kalitate txikikoa dela, eta berriro ere hala dela frogatu dute. Martxoan Batasuna legezkoa izango da Frantziako Errepublikan eta hauteskundeetan parte hartu ahal izango du. Aldiz, Espainiako Estatuko demokrazia zeltiberikoan legez kanpokoa izango da. Egoera hori bera utzi du agerian Auzitegi Gorenak".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.