Igor Portu atxilotua erietxean

Jaurlaritza: “ETAren indarkeriari demokraziarekin egiten zaio aurre”

Igor Portu atxilotuaren ustezko tortura kasua lehenbailehen argitzeko eskatu du Miren Azkarate bozeramaileak, adierazpen instituzionalean, eta zalantzak agertu ditu Espainiako Gobernuaren bertsioari buruz. EHAK-k dio azken hau "torturaren beste kasu bat" dela, eta azken 30 urteetan “Guardia Zibila, Polizia eta Ertzaintzaren eskuetan beste zazpi mila euskal herritar ere basatiki torturatuak” izan direla.

2008ko urtarrilaren 8a
15:54
Entzun
Eusko Jaurlaritzak Igor Portu atxilotuak Guardia Zibilaren aldetik ustez jasotako tortura lehenbailehen argitu dadin eskatu du gaur, eta balizko jokabide horien kontra egin du. “ETAren indarkeria arbuiagarria, gaitzesgarria eta onartezina da, baina indarkeriari demokraziarekin egiten zaio aurre, demokraziarekin borrokatzen da indarkeria, ez demokraziari mugak jarriz”, esan du Miren Azkarate Jaurlaritzaren bozeramaileak adierazpen instituzionalean.

Galderak egin ditu Azkaratek Porturen lesioez, Espainiako Gobernuaren bertsioaz zalantzak agertuz: zergatik eraman zuten Portu atxiloketa gertatu eta hamabost ordura ospitalera, lesioak atxiloketa unean gertatu baziren, Gobernuak dioen bezala?; nola eraman zuten Portu Lesakara miaketetara zauri horiekin edo nolatan hartu zuen parte hark normaltasunez miaketetan horrela egonda?...

Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzaren Justizia sailburuak "zuhurtzia" eskatu du, baina Espainiako Gobernuaren bertsioaz ez dela fio esan du Herri Irratiari emandako elkarrizketan. "Bukaerarainoko ikerketa" eskatu du.

EHAK-k, berriz, “torturaren beste kasu bat” gertatu dela nabarmendu du, eta azkeneko 30 urteetan “Guardia Zibila, Polizia eta Ertzaintzaren eskuetan beste zazpi mila euskal herritar ere basatiki torturatuak” izan direla. “Igorrena bezala, Unai Romano, Andoni Beroiz, Sergio Lezkano eta Gorka Lupiañezen kasuak lortu dira hedabideetan azaltzea, beste asko ezkutatzen diren bitartean”.

Guardia Zibilak “eta Euskal Herria eta euskal herritarren aurka gerra egitera etorri diren indar armatu guztiek” alde egitea exijitu du EHAK-k, eta Espainiako Gobernua “gerra apustuan” sartuta dela uste du. “PSOEk prozesua bertan behera uztea erabaki zuenetik, Zapaterok bere kareta guztiak kendu ditu eta, beste presidente espainol guztiekin gertatu den bezala, Zapaterok Euskal Herriaren eskubideak ez onartzea erabaki eta Aznarrek, Francok eta Felipe Gonzalezek egin zuten gerra apustua berretsi egin du”.

EAJ ere kritikatu du EHAK-k, PSOErekin hitzarmenak egiteagatik, baita, hura ez ezik, EA eta Nafarroa Bai ere, abenduaren hasieran, Capbretongo erasoaren ondoren, Espainiako poliziei babesa adierazteagatik.

PSOEk eta PPk Guardia Zibila babestu dute

Bestelako adierazpenak egin dituzte gaur PSOEk eta PPk, Guardia Zibila babestu dutelako ustezko torturaren kasuaren aurrean.

Jose Blanco PSOEren antolakuntza idazkariak esan du guardia zibilek “biktimak egotea saihestu” dutela Portu eta Sarasola atzemanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.