EUSKARA

Jaurlaritza: «Euskarak Europan ofiziala izan behar du»

EBk euskara hizkuntza ofizialtzat onar dezan lanean jarraitzeko deia egin du Kontseiluko idazkari Xabier Mendigurenek

Erredakzioa
DONOSTIA
2004ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
EAEko Kultura Sailak proposatuta, Eusko Jaurlaritzak Europan euskara aintzat hartzeko adierazpen instituzionala onartu zuen atzo. Adierazpenak dioenez, «euskara Europako hizkuntza dugu, Euskadi deitzen diogun Europako Batasunaren eremu honetan berezko hizkuntza eta hizkuntza ofiziala dugu eta horrela azaldu beharko luke Europako Konstituzioan». Espainiako Konstituzioak onartzen duen «izaera eleanitz hori» Europara ez zela «bere horretan» eraman salatzen du idatziak, eta horren ondorioz euskarak, katalanak eta galizierak ez dutela inongo izaerarik Europako Konstituzioan. Europak hiru hizkuntza horien ofizialtasuna aitortzea ezinbestekoa dela dio, eta, aitortza hori lege testuen itzulpen hutsera ezin dela mugatu.

Halaber, hizkuntzen ofizialtasunaren eztabaidan «itxuretan» erortzeko arriskua dagoela uste du Gasteizko Gobernuak, eta hiru hizkuntza horietan hitz egiten duten herritarrei huts egingo zaiela. «Honek guztiak ezin hobeto adierazten du Euskadik Europako Batasuneko erakundeetan zuzenean parte hartzeko duen beharra. Inork ez du guk bezain ondo defendituko euskarak berezkoa duen eremuan behar duen presentzia eta aitortza», azpimarratu du.Espainiako Gobernuko Atzerri ministro Miguel Angel Moratinosek atzo adierazi zuenez, EBko herrialde gehienek Europako Konstituzioa hizkuntza koofizialetara euskara, katalana eta galiziera itzultzea onartu dute. «Urrutirago joatea zaila izango da, ordea», gaineratu zuen.

Lanean jarraitzeko deia

Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek atzo Radio Euskadin Frantziako Gobernuaren jarrera salatu zuen, Europan eremu urriko hizkuntzak ofizial izateko eskakizunaren aurka agertu baita. Hala ere, EBk euskara hizkuntza ofizialtzat onar dezan lanean jarraitzeko deia egin zuen: «Euskarak bere lekua izan behar du Europan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.