Plastikozko bolatxoak Bizkaira heldu diren ikertzen ari dira AZTIko teknikariak

Bizkaiko hainbat hondartzatan hartutako laginak aztertzen ari dira; Eusko Jaurlaritzak, berriz, plan bat egin du ahal dela pinportak itsasoan bertan harrapatzeko

maddi iztueta olano
2024ko urtarrilaren 9a
21:00
Entzun

Itsaslasterrek bultzatuta, hilabete eskasean Galiziako eta ondoren Asturiasko kostaldera iritsi dira Portugal iparraldeko Viana do Castelo parean uretara eroritako plastikozko bolatxoak. Hara-hona ur gazietan barrena, litekeena da egun gutxiren buruan bolatxo horiexek Euskal Herriko kostaldera iristea. Hain justu ere, gaur ilunabarrean jakin da Bizkaiko hainbat hondartzatan agertutako pinportak aztertzen ari direla AZTI Arrantzuarekiko Zientzia eta Teknologia Iraskundeko teknikariak, Galiziatik heldu diren argitzeko. Sopelan eta Zierbenan agertutako laginak ikertzen ari dira. Nolanahi ere, ahalik eta plastiko gutxien iristen dela ziurtatzeko, larrialdi plan bat abiarazi du gaur Eusko Jaurlaritzak: pinportak itsasoan bertan harrapatzen saiatuko dira, horiek euskal kostaldera iritsi baino lehen.

Itsasertza deituriko mekanismoarekin hasi baino lehen, gaur arratsaldean biltzekoa da planari xeheki erreparatuko dion batzordea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak jakinarazi duenez. Bestalde, sailburuak atzo aurreratu zuenez, plan horrek aintzat hartzen du arrantzaleen kofradien federazioarekin lankidetzan aritzea, hala «behar izanez gero».

Eusko Jaurlaritzak eskatuta, AZTI teknologia zentroak zenbait simulazio egin ditu, aztertzeko plastikozko bolatxoek nora joko duten datozen egunetan. Simulazio eredu horiek kutsadura arriskuak neurtzen dituzte, eguraldiaren, itsasoaren eta ingurumenaren egoera aintzat hartuz, eta bolatxoen joan-etorria iragar dezakete ur korronteen, haizearen, uhinen eta beste zenbait faktoreren arabera.

Tapiak jakinarazi duenez, eta simulazio horiek kontuan hartuta, badirudi bolatxoak ez direla aste honetan iritsiko Euskal Herriko kostaldera. Edonola ere, «zuhur» jokatzeko aholkatu du Tapiak: «Baliteke aldaketak egotea, eta, gaur-gaurkoz ezinezkoa da zehatz-mehatz igartzea bolatxoak noiz iritsiko diren».

Adituen arabera, irtenbiderik egokiena da plastikoak itsasoan bertan biltzea, kostaldera iritsi aurretik. Tapiak esan du bide hori hobetsiko dutela, eta badutela plastikoak itsasoan jasotzeko beharrezkoa den teknologia. «Edonola ere, oso litekeena da batzuk kostaldera iristea», erantsi du

Lasaitasunerako deia ere egin du Tapiak: «Ingurumenean eragina izango duen arren, ezin da inola ere alderatu Prestige-ren hondamenarekin». Azaldu duenez, duten informazioaren arabera, plastiko horien eragin toxikoa «oso txikia edo hutsaren hurrengoa» da.

Era berean, Portugal iparraldetik Iberiar penintsulako kostaldean barreiatu diren mikroplastikoen aferari aurre egiteko, alerta fasearen bigarren gradua ezarri du Asturiasko Gobernuak. Horrek modua emango dio Espainiako Gobernuari gertakariaren kudeaketan esku hartzeko eta itsasbazterrak garbitzen laguntzeko baliabideak jartzeko. Halaber, Espainiako Ingurumen Fiskaltzak ikerketa bat abiatu du zer gertatu den aztertzeko. Galiziako Gobernuak ere iragarri du larrialdia bigarren gradura igoko duela: «Hori baldin bada ezinbesteko baldintza Espainiako Gobernuak plastikoak jasotzeko lanetan esku har dezan, guk ez dugu arazorik horretarako», esan du Galiziako Xuntako presidente Alfonso Ruedak.

Hauteskundeen atarian

Otsailean egingo dituzte Galiziako Parlamenturako bozak, eta hauteskunde giroa aferari buruzko eztabaida mikazten ari da. Galiziako Alderdi Popularreko kideen esanetan, joan den astean izan zuten lehenbizikoz bolatxoen berri, eta informazio hori eman ez izana leporatu dio Ruedak Espainiako Gobernuari. Pedro Sanchez buru duen gobernuak, ordea, ziurtatu du gutxienez abenduaren 20tik zutela gertakariaren berri.

Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministro Teresa Riberaren ustez, Xuntak bestela jokatuko luke afera hauteskunde kanpaina hasi baino lehen gertatu izan balitz, Cadena Ser irratian gaur goizean esan duenez. «Bakarrik egin dezaketela uste badute, ados, baina, oraingoz, auzia udaletxeen eta herritarren esku uzten ari dira».

Plastikozko bolatxoak gaur hilabete erori ziren uretara, Atlantikoan nabigatzen ari zen itsasontzi baten zamaren parte bat itsasora jausi zenean. Eroritako kontainerrak plastikozko bolatxoen mila zaku zituen, eta horietako bakoitzak 25 kilo zituen; beraz, litekeena da 25 tona inguru plastiko jausi izana itsasora.

Ontziaren enpresa, auzitara

Toconao izeneko itsasontziak izan zuen ezbeharra, eta, armadoreak berak aitortu zuenez, sei kontainer galdu zituen itsasoan. Poloniako enpresa batena da ontzia, Bedeko Europerena, eta konpainia hori auzitara eraman du Ekologistak Martxan erakundeak, bolatxoak itsasoratzeagatik eta horrek eragingo dituen kalteengatik.

Noiako Auzitegian (Coruña) aurkeztu dute enpresaren aurkako auzia. Ingurumenaren eta baliabide naturalen aurkako delituak leporatzen dizkiote konpainiari. Elkartearen hitzetan, plastikozko bolatxoek gutxienez Natura 2000 sareko hamar eremu babesturi kalte egin diete jada. Froga gisa aurkeztu dituzte inguru horietako uraren kalitatearen eta hondartzetako hondarraren laginak, besteak beste.

Elkarteak bere webgunean argitaratu duenez, kutsatzen duen orok «zigorrik handiena» jaso dezala nahi dute, eta, horregatik, enpresari gutxienez 10 milioi euroko kauzioa jar diezaiola eskatu dio auzitegiari, diru horrekin eremua leheneratzeko kostuak ordaintzeko.

Erakunde ekologista nagusiek, berriz, «koordinazio handiagoa» eskatu diete instituzioei, eta erantsi dute «neurri azkar eta zorrotzak» hartu behar direla, «plastiko horiek bioaniztasunari ekar diezaioketen arriskua dela eta». Ekologistak Martxan, Greenpeace, Lurraren Adiskideen Sarea, SEO-BirdLife eta WWF batera azaldu dira, eta «informazio gehiago eta gardentasun handiagoa» eskatu dute: «Zoritxarrez, Xuntaren erreakzioak gogora ekartzen digu 2002an eta 2003an Prestige-ren hondamendiaren karietara izandakoa, eta orduko koordinazio falta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.