Eusko Jaurlaritza «nora ezean» dabilela iritzi dio Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak. Hori «gizarte bati gerta dakiokeen gauzarik okerrena» dela gaineratu du.
Atzo agerraldia egin zuen Bilbon Ezenarrok. Bi gertakariri heldu die Aralarreko legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzaren nora eza azaltzeko: PSE-EEk Sorturi buruzko adierazpena «atzeratu» izana, eta Eusko Legebiltzarrean ETAren biktimek adostutako agiriaren alde bozkatu izana. Bi kasuetan, PSE-EEk PPk agindutakoa egin duela nabarmendu du Ezenarrok.
Zigorgabetasunik gabeko ETAren amaiera baterako printzipioak izenburu duen agiria adostu zuten iazko abenduan ETAren biktimen elkarte ugarik, eta herenegun, Eusko Legebiltzarraren babesa jaso zuen agiriak, PSE-EE, PP eta UPDren aldeko bozei esker. Eusko Legebiltzarraren babesak «gizartea bereizi» egiten duela ziurtatu du Ezenarrok.
Lokarri, ebazpenaren aurka
Lokarrik salatu duenez, PPk, UPDk eta PSE-EEk ez dute ebazpena Eusko Legebiltzarreko gainontzeko taldeekin eztabaidatu. «Elkarrizketa eskaintza oro saihestu dute gainontzeko indar politikoekin. Oinarrizko gai batean, euren gehiengoa inposatu dute, eta Legebiltzarra bitan banatu», leporatu die Lokarrik.
Gainera, ebazpenaren alde egin dutenek «erdizkako adiskidetze eredu bat» inposatu nahi dutela ziurtatu du Lokarrik. Erakundearen arabera, ebazpena lau zutoinetan oinarritzen da: gainontzeko biktima politikoak eta euren sufrimendua ukatzea; bizikidetza herritar batzuen porrotaren gainean eraikitzea; irabazleak eta galtzaileak dituen bakea sortzea; eta, proiektu politiko zilegiei uko egiteko eskatuz, onura politikoak lortzea.
Bakeak eta adiskidetzeak «adostasunera ailegatzeko ahalegina» eskatzen duela nabarmendu du Lokarrik: «Orain, bakea hain gertu dugula, inork ezin du bizikidetza eta adiskidetze eredu bat inposatu».
Jaurlaritza «nora ezean» dabilela dio Ezenarrok
PPk hala eskatu diolako, PSE-EEk ETAren biktimek adostutako agiriaren alde bozkatu duela uste du Ezenarrok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu