Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak asteazken gauerdira arteko epea eman zion EH Bilduri aurrekontu proiektua babestu ala ez erabakitzeko. Epea bukatu da, eta gauerdia jota, Jaurlaritzak ohar bat zabaldu du, azalduz du ez duela EH Bilduren mezurik jaso, eta beraz aurtengo aurrekontuak luzatuko dituela 2019ra. Ostegun goizean, 08:00etan, bilduko da gobernu kontseilua; ezohiko bilera horretan hartuko du erabakia, eta atzera botako ditu orain arte landu dituen aurrekontu proposamenak.
Azkeneko momenturaino luzatu eta tenkatu dute bi aldeek aurrekontuen negoziazioa. Goizean, Jaurlaritzak beste proposamen bat bidali dio EH Bilduri. Iñigo Urkullu lehendakariak kezka agertu du: "Ematen du bakarrik ari garela pentsiodunen giza taldeari buruz hitz egiten, baina datorren urterako aurrekonturik ez badago, kaltetua euskal gizarte osoa izango da". Gauerdirako eskatu dio erantzun bat EH Bilduri.
Arratsaldean EH Bilduren bozeramaile Maddalen Iriartek esan du azkeneko proposamen hori ere astelehenean jaso zutenaren "ia berbera" dela: "Ez da ia ezer mugitu". Hala ere, "azken minutura arte" negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu du EH Bilduk. "Aterik ez ixteko" eta "ultimatumik" ez jartzeko eskatu dio Iriartek Jaurlaritzari.
Iriarteren ondoren hitz egin du Azpiazuk, eta eutsi egin dio azken proposamenari. Pentsioen inguruan dute desadostasunetako bat, eta Azpiazuren arabera, azken proposamenean jasota dago pentsiorik txikienak DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren bidez osatzea, "progresiboki", 2021ean hileroko 858 euroko pentsiora heltzeko. "Uste dut ez dutela proposamena ondo irakurri", esan du sailburuak, eta hura arretaz begiratzeko eskatu dio EH Bilduri. "Erantzun baten zain gaude. Hamabiak arte badugu denbora, baina ezin gara luzatu".
"Pilota Jaurlaritzaren teilatuan dago", esan du Iriartek Eusko Legebiltzarrean, Azpiazuk hitz egin baino lehen. Akordioa lortzeko, "gutxienekoak" lehengo berak direla zehaztu du EH Bildukoak: 858 euroko gutxieneko pentsioa, DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren bidez pentsio txikiak osatzeko "atea irekitzea", eta erakundeek kontratatutako enpresetan gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea.
Kontuen gaineko "kontrola"
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aurrekontu proiektuak atzo gainditu zuen lehen oztopoa: EH Bilduko bi legebiltzarkidek emandako abstentzioei esker, Elkarrekin Podemosek eta PPk aurkezturiko osoko zuzenketak atzera bota zituzten Eusko Legebiltzarrean, eta, hortaz, tramitazioak aurrera egin zuen. Horrek ez du esan nahi, ordea, bidea eginda dagoenik: Jaurlaritzak bihar arteko epea eman dio EH Bilduri aurrekontuen inguruko akordioa bilatzeko, eta, adostasunik ez badago, Jaurlaritzak berak erretiratuko du aurrekontu proiektua, eta ez du legebiltzarraren aurrean aurkeztuko. Aurtengo aurrekontuak luzatzeari atea irekiko lioke erabaki horrekin.
Jaurlaritzak azaldu zuen, gaur gauerdia baino lehenago EH Bildurekin aurrekontuak adostea lortzen ez badute, bihar goizean Gobernu Batzordearen ezohiko bilera egingo dutela, aurrekontuen proiektua erretiratzeko. Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak eman zuen horretarako arrazoia: proiektua aurkeztuko balute lehenago EH Bilduren onespena lotuta eduki gabe, gerta liteke oposizioko hiru indarrak ados jartzea eta Jaurlaritzaren asmoen kontrako zuzenketaren bat onartzea: "Egitasmoa aurkeztuta, Jaurlaritzak galduko luke aurrekontuen gaineko kontrola, eta hori ezin dugu onartu".