Jaurlaritza ziur da PPk parte hartuko duela lantaldea osatzeko akordioan

Pastorrek uste du PPk zuzendaritzaren «presioak» jaso zituela bakegintzarako batzordea ez babesteko

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako eleduna ziur da posible izango dela Eusko Legebiltzarrean bakegintza eta elkarbizitza sustatzeko lantaldea osatzeko ados jartzea. Gainera, uste du PP ere egongo dela akordio horretan: «Une honetan, akordio zabal bat lortzea espero dugu, eta PP horren barruan legoke».

Batzordearen inguruan «adostasun zabala» erdiesteko aukera badagoela azpimarratu du Mendiak, gobernu kontseiluaren bileraren ondorengo prentsaurrekoan. Nabarmendu du «UPD eta EA izan ezik» gainontzeko taldeak batzordea osatzearen alde agertu zirela joan den ostegunean eta, beraz, hasierako elkar ulertze horrekin abian jar litekeela lantaldea. Denborarekin babes hori talde guztietara zabalduz joan daitekeela gaineratu du: «Hasiera bateko jarrerak aldatuz joan daitezke hilabeteak aurrera joan ahala, eta hasiera batean parte hartzen ez zutenek parte har dezakete».

Aralarrek eraman zuen, mozio baten bidez, lantaldea osatzeko proposamena Eusko Legebiltzarrera.Batzorde hori irekia eta bazterketarik gabekoa izatea eskatu zuen, baina PPk eta PSEk ez zuten begi onez ikusi ezker abertzaleari parte hartzeko aukera ematea. Horretan datza, hain justu, desadostasunaren gakoa. Hala, akordioa lortuz gero Aralarren jatorrizko mozioan aldaketarik egongo ote den ez du argitu Mendiak, eta legebiltzarreko taldeei lanean uzteko eskatu du.

Akordioa lortzeko aukeren inguruan baikorra da, halaber, Jose Antonio Pastor PSE-EEko eleduna. Akordio zabala lortzeko oinarri nahikoak daudela azpimarratu du ETBn. Nolanahi ere, Pastorrek uste du Espainiako PPko zuzendaritzak «presioa» egin ziola EAEko PPri lantaldearen eraketaren aurka ager zedin. Azaldu duenez, osoko bilkuraren bezperan PPrekin «ia erabat ados» zeuden bakegintzarako lantaldea sortzeko, baina alderdi horrek jarrera aldatu zuen «ustekabean», bezperan PPko zuzendaritzaren «deiak eta presioak» jaso zituelako. Ezker abertzaleak lantaldean parte hartuko zuen «beldur» zelako erabaki zuen PPk batzordearen alde ez egitea, Pastorren iritziz.

PSEko eledunak, baina, argi utzi du Eusko Legebiltzarreko lantaldean ez duela ezker abertzaleak parte hartuko: «Batzordea Batasunaren bozgorailu bilakatzeko arriskurik ez dago». Hala, «mesfidantzak» albo batera uzteko eta akordioaren alde egiteko eskatu dio PPri.

Lopezek Loza hartu du

Bestalde, Patxi Lopez lehendakaria Jesus Loza PSE-EEko legebiltzarkidearekin batzartu zen atzo Lehendakaritzako egoitzan, azken honek Eusko Jaurlaritzako Elkarbizitzarako eta Memoriarako agintari kargua hartuko baitu aurki.

Kargu berriaren funtzioak aztertzeko lehen hartu-emana izan zen atzokoa. Elkarbizitza sustatzeko politikak koordinatzea eta gauzatzea izango da Lozaren egitekoa. Lehendakariak kargu hori sortuko zuela iragarri zuen osteguneko bilkuran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.