EUSKO JAURLARITZA

Jaurlaritzak 210 milioi euro jarriko ditu herritar zaurgarrienak laguntzeko

Nerea Melgosa sailburuak Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren aurrekontuen berri eman du: %5,76 igoko da 2024an.

Seme-alabak dituzten familiendako laguntzak indartuko ditu Jaurlaritzak. JON URBE / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko azaroaren 8a
15:58
Entzun

Familia eta herritar zaurgarrienak laguntzeko erabiliko da Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren 2024ko aurrekontuaren herena: 210 milioi euro. Guztira, %5,76 igoko da sail horren aurrekontua, 682 milioi eurokoa izanen baita. Nerea Melgosa sailburuak eman du horren berri, Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordean.

210 milioi euro horiek bi atalen batura dira. Batetik, gizarte larrialdietarako laguntzak daude, zeinak udaletxeetan banatzen baitira, eta gero behar dituzten familiei eta herritarrei ematen baitizkiete. Bertzetik, Familien eta Haurren Zuzendaritzak emandako laguntzak daude, zaintzaren, jaiotzen, energiaren eta elikaduraren arloetakoak. Melgosaren erranetan, «intersekzionalitatea eta talde ahulenentzako arreta» izan dituzte ardatz aurrekontuak osatzeko. Betiere, helburu dutela euskal herritarren beharrak asetzea.

2024ko aurrekontua oinarri hartuta, sailak lau zutabe nagusi izanen ditu kontuan: herritarrengan eragin zuzena duten diru laguntzak, hirugarren sektorea bultzatzea, zaintza politikak eta indarkeria matxistari aurre egitea.

Hirugarren sektoreko gizarte arloak, erraterako, 127,3 milioi euro jasoko ditu: diru laguntzen bidez, eta irabazi-asmorik gabeko gizarte eragileek kudeatzen dituzten zerbitzu publikoak lagunduz. Bi formula horiek lankidetza publiko eta sozialaren isla direla dio Melgosak, «arlo publikoaren kudeaketa eraginkorraren» erakusgarri.

Zaintza politiken arloan, berriz, 173 milioi euro baino gehiago paratuko dituzte. Diru hori «baliagarria» izanen da zaintza publiko eta komunitarioko eredurako «trantsizio politikak» bultzatzen jarraitzeko. Melgosak politika horietako batzuk aipatu ditu: bertzeak bertze, seme-alabak dituzten familiendako laguntzak indartzea, haurtzaroko eta nerabezaroko gizarte sarea, familia sarerik ez duten gazteak helduarora igarotzeko laguntzak eta mendekotasunen bat dutenentzako laguntzak. Politika horiek bultzatzeko, lehentasuna emanen diote komunitateko arretari, eta, beraz, zaintzarako tokiko ekosistemak osatuko dituzte, eta telelaguntza sustatu.

Indarkeria matxista

Indarkeria matxistari aurre egitea ere izanen da sailaren lehentasunetako bat. Melgosak azpimarratu du hori ez dela Emakunderen egitekoa soilik: «Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko lan egiteak eta indarkeria matxistaren biktimei laguntza emateak eragina du arlo guztietan». Hala, gogoratu du Emakundek ez ezik, gizarte zerbitzuek, giza eskubideen arloak, justiziak eta espetxeen kudeaketaren arloak ere lan handia egiten dutela indarkeria matxistari aurre egiteko. Arlo horretarako, hamabi milioi euro paratuko dituzte.

Melgosak indarkeria matxistaren arloko hainbat aurrekontu sail nabarmendu ditu: emakumeen kontrako indarkeriaren biktima diren emakumeentzako arreta zerbitzua –514.000 euro baino gehiago–, emakumeen kontrako indarkeria matxistari buruzko inkesta –259.500 euro baino gehiago–, indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeentzako laguntzak –1,6 milioi euro– eta familia barruko eta sexu askatasunaren aurkako familia indarkeriaren delituen biktimentzako berehalako laguntza juridikoa –2,3 milioi euro–.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.