Jaurlaritzak aplikazio bat sortuko du koronabirusari aurre egiteko

Aplikazioak prebentzio neurriak hartzen eta behin-behineko diagnostiko bat egiten lagunduko luke. Hego Korean arrakasta izan du sistema horrek.

Hego Korean aitzindariak izan ziren koronabirusare aurkako aplikazio bat sortzen. EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko martxoaren 19a
16:04
Entzun

Iñigo Urkullu lehendakariak gaur eguerdian egin du egoeraren balantzea egiteko agerraldia, eta, iragarri dituen neurrien artean, atzerritik datorren ideia bat nabarmendu du: koronabirusaren epidemiari aurre egiteko aplikazio bat sortzea, sakelakoetarako. Urkulluk behin eta berriz azpimarratu du zer-nolako garrantzia duen prebentzio neurriak hartzeak, eta horiek azaltzeko eta zabaltzeko balioko du aplikazioak, nagusiki. Kasuak identifikatzen eta haien jarraipena egiten ere lagunduko du.

Edozein herritarrek deskargatu ahalko du aplikazioa. Behin deskargatuta, sintomak dituzten herritarrek galdetegi bat bete beharko dute euren datu pertsonalekin eta dituzten sintomekin; informazio hori erabilita, aplikazioak ondorio bat aterako du, eta, beharrezkoa bada, proba egiteko ordua emango dio erabiltzaileari. Positibo eman ostean tratamenduarekin jarraitzeko ere balioko du, telefonoak kolapsatu gabe.

Urkulluk adierazi duenez, «sistema horrek erabilgarria dela erakutsi du beste herrialde batzuetan», eta datorren astetik aurrera egongo da eskuragarri Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zenbait euskal enpresa ari dira aplikazioa garatzen, Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta Osakidetzarekin elkarlanean. Lehendakariaren iritziz, «elkarlan publiko-pribatuaren arrakasta bat gehiago da proiektu hori», eta aplikazioak «berme mediko guztiak eta datuen babeserako sistemak» izango dituela gehitu du.

Hego Korean aitzindariak

Hego Korean izan ziren koronabirusaren epidemiari aurre egiteko aplikazioak sortzen aitzindariak. Nazioarteko hainbat herrialdek aitortu dute eraginkorra izan dela han ezarritako sistema, eta asko ari dira ideia kopiatzen. Txina izan zen lehenengoa, Espainiak duela bi egun adierazi zuen antzeko egitasmo bat garatzen ari zela, eta gaur Jaurlaritzaren txanda izan da.

Hego Korea izan zen Txinatik kanpo garatu zen koronabirusaren lehen foku handia, baina, beste herrialde batzuekin alderatuz gero, makal garatu da epidemia han. Dagoeneko kasu berri gutxi agertzen ari dira, eta, gaixotutakoen artean, hildakoen tasa %1 ingurukoa da. 

Aplikazioak, gainera, ez die prebentziorako soilik balio izan. Hasieran, atzerritik iritsitako pertsonen egoera kontrolatzeko baliatu zuen app-a gobernuak, eta hala kudeatu zuten herrialdean zehar sakabanatutako 30.000 pertsonaren berrogeialdia. GPSaren lokalizazioa erabili zuten berrogeialdia egiten ari ziren lekutik ez zirela mugitzen bermatzeko. Erabilpen horrek, ordea, mahai gainean jar dezake herritarren pribatutasunaren, mugimendu askatasunaren eta egoeraren larritasunaren inguruko eztabaida.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.