Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramitera onartu du botiken berrordainketaren inguruko dekretuaren aurkako helegitea; eta, ondorioz, Espainiako Gobernuak botiken berrordainketa ezartzera derrigortu du Eusko Jaurlaritza, dekretua legez kontrakoa dela argudiatuta.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan berehala jarri beharko da indarrean botiken berrordainketa —pentsionistek botiken %10 ordaindu beharko dute—, Konstituzionalak horri buruzko erabaki bat hartzen duen arte, gutxienez.
Hilabeteak edo urteak igaro daitezke Konstituzionalaren erabakia iritsi arte. Ondorioz, Hego Euskal Herri osoan jarriko da martxan neurria, Nafarroako Gobernuak hasieratik onartu baitzuen, eta joan den uztailaren 1etik dute abian.
Madrilek agindutako osasun publikoko murrizketei aurre egiteko helburuz onartu zuen Jaurlaritzak dekretua. Dekretu horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoaren statu quo-a mantendu nahi izan du: biztanleei doako osasun sistema unibertsala bermatu, eta botiken doakotasuna krisi ekonomikoa pairatzen ari diren sektoreetara zabaldu. Denbora luzean langabezian dauden pertsonei eta gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenei zabaltzen zaie dekretua.
Espainiako Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioak 456 sendagairen zerrenda proposatu zuen finantzaketa publikotik kentzeko. Tartean dira, adibidez, eztularekin eta gripearekin zerikusia duten botikak. Ana Mato Osasun ministroaren arabera, neurri horrek Osasun Sisteman “440 milioi euro aurreztea” ekarriko luke.