Poliziaren indakeriaren biktimak. Erreparazioa

Jaurlaritzak egiaren bila lagundu beharko die Poliziaren biktimei

1968. eta 1978. urteen artean Poliziak eragindako biktimei erreparazioa nola egin zehazteko dekretuaren zirriborroa osatu duEz du zehazten torturen kasuan nola jokatuko duen Balorazio Batzordeak

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
«Erreparazioa, egia, justizia eta duintasuna izateko eskubidea» dute «sufrimendu bidegabeen biktimek», eta horretan lagundu beharko die Eusko Jaurlaritzak, atzo aurkeztutako zirriborroa onartzen bada. 1968. eta 1978. urteen bitartean «motibazio politikoko indarkeria egoeran gertatutako giza eskubideen urraketaren ondorioz» sufrimendu bidegabeak jasan dituzten pertsonei aitorpena eta erreparazioa egiteko dekretuaren zirriborroa egiteko agindu zion Jaurlaritzak Manuela Carmena epaile ohiari. Legebiltzarrak ireki zuen bidea, PPk eta UPDk ez beste alderdi guztiek indarkeriaren biktimen egoera aztertu eta erreparazio eta aitortza neurriak bultzatzeko lantalde bat osatzea erabaki baitzuten. Dekretua ekarpenak jasotzeko fasean da orain, onartu aurretik.

Dekretuak dio Jaurlaritzak biktima horiei lagundu egin behar diela egiaren bila eta justizia lortzeko ahaleginean. Gainera, erreparazioa ere egin behar zaiela dio, eta zehaztu egiten du zenbatekoa. Egiaren bila, artxibo ofizialetara zein bestelako informazioetara iristen lagunduko diela jasotzen du, eta, horretaz gain, egia hori zabalduko duela ere jasotzen du.

Biktima horiek nortzuk diren izango da, ordea, gakoa. Dekretuak zehaztuta dakartza baldintzak, eta batzorde bat arduratuko da baldintza horiek betetzen diren ebaluatzeaz. Batzorde hori zazpi lagunek osatuko dute: Giza Eskubideen zuzendaria edo hark izendatutako pertsona bat —buru izango da—, Giza Eskubideen Zuzendaritzak izendatutako bi pertsona, Terrorismoaren Biktimei Laguntzako Zuzendaritzako kide bat, alderdi eta erakunde sozialek izendatutako bi lagun eta Giza Eskubideen zuzendaritzak aukeratutako gizarte zibilaren ordezkari bat.

Biktima gisa onartuak izan nahi dutenek eskaera aurkeztuko dute, eta Ebaluazio Batzordeak elkarrizketa egingo die. Batzordeak eskatuz gero, Giza Eskubideen Zuzendaritzak erakunde publikoetara joko du, dokumentazio bila. Hori guztia aztertuta, ebazpena emango du batzordeak.

Batzorde horrek kontuan hartzeko definizioak jasotzen ditu dekretuak. Honela definitzen du motibazio politikoko indarkeria: «Aldi ez-konstituzional horretan gertatu zen indarkeria, hainbat egintzaren bitartez gauzatu zena, eta aitortu nahi den giza eskubideen urraketa, zuzenean edo zeharka, egintza horiei lotuta egon bada». Nork eragindakoa den ere zehazten du: segurtasun indarretako agenteek, beste funtzionario publiko batzuek edo «administrazio publikoa osatzen ez duten hainbat estamentutako kanpoko laguntzaileek».

Carmenari txostena eskatu zionean aurreratu zuen Jaurlaritzak bonba jartzen hildako etakideak edo tiroketetan hildakoak ez direla hartuko biktimatzat. Dekretuan ez dator hain zehaztuta hori, baina hala uler daiteke: «Ez dira inola ere sufrimendu bidegabetzat hartuko edozein jarduera indarkeriazko egiten ari zirenek edo egiteko asmoa zutenek jarduera horiek egiterakoan jasandako sufrimenduak, nahiz eta heriotza edo lesioak indarkeria-ekintza hori zuzenean saihesteko edo eragozteko agintaritzaren egintza legitimoen ondorioz gertatu».

Torturatuekin zer gertatuko den ez du batere argi jasotzen dekretu zirriborroak. Aipamen espliziturik ez dio egiten gaiari. Eskaera aurkezten dutenen elkarrizketak onartzen baditu, elkarrizketaren ostean erabaki beharko du batzordeak biktima gisa hartzen dituen edo ez. Izan ere, honela sailkatu dituzte dekretuan tokia duten kalteak: «Heriotza, balioezintasun handia, ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor partziala eta balioezintasunik gabeko lesio iraunkorrak».

Terrorismoaren Biktimen Legean jasotzen diren kalte berberak dira, baina lege hartan, erreparazioak nolakoa izan behar duen azaltzen duenean, «aldi bateko balioezintasuna» eta «bahiketa» izandakoen kasuak zehaztu ditu, Jaurlaritzaren dekretu zirriborroan ez bezala.

390.000tik 35.000ra

Erreparazioa nolakoa izango den eta dirutan zenbatekoa izango den ere zehaztu du Manuela Carmena epaile ohiak egindako dekretu zirriborroan: «Diru konpentsazioa, birgaitzea, arreta pertsonala eta gogobetetze morala» aurreikusten ditu.

Dirutan zenbatuta, heriotzagatiko kalte-ordaina 135.000 eurokoa izango da, baliaezintasun handiko kasuetan 390.000 eurokoa, ezintasun iraunkor erabateko kasuetan 95.000 eurokoa, ezintasun iraunkor osoaren kasuetan 45.000koa, partzialen kasuan 35.000koa eta balioezintasun gabeko lesio iraunkorren kasuan Ibilgailu Motordunen Zirkulaziorako Erantzukizun Zibilari eta Aseguruari buruzko Legean ezartzen diren kalte-ordainak aplikatzea.

Gogobetetze morala nola egingo den ere zehazten du dekretu zirriborroak: «Euskal aginte publikoek hainbat jardun publiko sustatuko dituzte, biktimei beren duintasuna eta ohorea birgaitzea eskaintzeko, beharrezkoa bada, bai eta haiei gogobetetze morala eskaintzeko ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.