Murrizketen aurka kalera aterako dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako maisu-maistrak ere. Nafarroan greba egitekoa duten egun bererako, hilaren 27rako, manifestazioak antolatu ditu hezkuntzako gehiengo sindikalak —EILAS, LAB eta ELA—. Eusko Jaurlaritzak azkeneko bi urtean baliabideak gutxitu dituela ohartarazi dute. Egoera salatzeko eskatu diete irakasleei eta gurasoei.
Datuak iragan astean eman zituzten sindikatuek, Eusko Legebiltzarrean. Han azaldu zuten Jaurlaritzak behar baino 350 maisu-maistra gutxiago hartu dituela; aurtengo ikasturtean hezkuntza sarean iaz baino 5.000 ikasle gehiago dituzte, eta langileen ordezkariek salatu dute irakasle gutxiago daudela estudianteko.
Baliabiderik ezari buruz elkarrekin egin duten hausnarketaren berri emateko agerraldia egin zuten atzo hiru sindikatu nagusietako irakaskuntza arduradunek: Belen Arrondok (EILAS), Jon Urrusolok (LAB) eta Xabier Irastorzak (ELA). Iragan otsailean egindako hauteskundeetan izandako gorakadaren ondorioz, langileen ia hiru laurden ordezkatzen dituzte sindikatu horiek.
Murrizketak eta salaketak, ez da besterik izan ikasturtearen hasieran. Horrek eragin bistakoa duela adierazi dute sindikatuek: «Horrelako erasoek nabarmen okertzen dituzte lan baldintzak, eta, horri zuzenean lotuta, hezkuntzaren kalitatea kaltetzen dute nabarmen». Ikasleak jasaten ari dira eragina, haien iritzian: «Beharrei erantzuteko langile gutxiago dituzte, eta sarritan astebete edo gehiagoz ez dute ordezkorik». Nafarroan, eskola ordu bat gehiago jarri diete Bigarren Hezkuntzako irakasleei. «Ikasgaiak eta materiala prestatzeko edota hezkuntza proiektuetarako ez dute denbora nahikorik», salatu dute. Heziketarako programak eta euskara ikastekoak ere gero eta urriagoak direlako kexu dira.
Murrizketek kalitatea auzitan jartzen dutela abisatu dute behin eta berriro hezkuntzako eragileek. Agintariek, Iruñekoek zein Gasteizkoek, ezetz. Hara zein gogoeta egin duten sindikatuek: «Kalitateari eusten bazaio, langileen eta hezkuntzako beste eragileen inplikazioagatik, lanagatik eta esfortzuagatik da, ez gure administrazioek ematen dioten garrantziagatik edo bertara bideratzen dituzten baliabideengatik».
Inbertsioa eskas
Konparatzeko eskatu dute, zenbat diru jartzen duten Euskal Herrian hezkuntzan inbertitzeko eta zenbat adierazle onenak dituzten herrialdeetan. EAEn, BPG barne produktu gordinaren %3,6 bideratzen dute hezkuntzara; Nafarroan, %3,1. Urrun daude Europako iparraldeko herrialdeetako datuak; Danimarkan, esate baterako, BPGaren %7,2 jartzen dute hezkuntzan. Frantzia eta Espainia ere gorago dira: %5,6 eta 4,3 bideratzen dute, hurrenez hurren. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko herrialdeen batez bestekoa %5,2 da.
Horrenbestez, hezkuntzan ez inbertitzea hautu bat dela uste dute EILASek, LABek eta ELAk, lehendik txarra zen egoera okertu egin dutela oraingo murrizketek. Ardurak eskatu dituzte.
Protestak alorrez alor egin dituzte orain arte. Orain, hasi haur eskoletatik eta unibertsitatera arte, elkar hartzea erabaki dute. Hilaren 27an, ostegunarekin, mobilizazioak egingo dituzte. Arratsaldean izango dira, 18:30ean. Propio aukeratu dute egun hori. Nafarroan hezkuntza publikoan grebara deitua dute bost sindikatuk —EILAS, LAB eta ELA dira antolatzaileak, CCOO eta C-SIFekin batera—. Murrizketak Nafarroan soilik ez direla izan adieraziko dute era horretara Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako maisu-maistrek. Jarrera aldatzeko eskatuko diete Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta patronalari.
Jaurlaritzak ere murrizketak egin dituelakoan, protestara dei egin dute hilaren 27rako
Nafarroako hezkuntzan greba duten egunean kalera irteteko eskatu du gehiengo sindikalak: EILAS, LAB eta ELAk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu