Jaurlaritzak eskatu du EAE izatea fase aldaketaren balorazioa egiteko esparrua

Urkulluk esan du osasun sistemaren arloan Jaurlaritzak «kontrolpean» duela egoera, eta Eusko Legebiltzarrerako bozez hitz egin beharra nabarmendu du: «Hauteskunderik eta legebiltzar berririk ez badago, ezin da legerik onartu».

Iñigo Urkullu, parlamentura heltzen. EUSKO LEGEBILTZARRA
jon olano
2020ko maiatzaren 8a
11:33
Entzun

Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean mintzatu da gaur goizean Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Saioan, Urkulluk nabarmendu du Euskal Autonomia Erkidegoak ondo betetzen dituela datorren astelehenean itxialditik irteteko 1. fasera igarotzeko irizpideak. Hegoaldeko lau lurraldeek lehen fasera igarotzeko eskaria egin dute.

Horretarako, hamar adierazle zerrendatu ditu, eta azaldu nola dagoen EAEko osasun sistema horiei erantzuteko; besteak beste, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zainketa intentsiboetako unitateetako 620 ohe izan ditzakete bost eguneko epean; 2,8 pertsonarentzako oheak 10.000 biztanleko, alegia. Era berean, Osakidetzak eginiko PCR testak 40.000 dira milioi bat biztanleko; «estatuko kopururik handienetan bigarrena». Test horiei dagokienez, Urkulluk gaineratu du Jaurlaritzak badituela nahikoa proba datozen 14 egunetan egiten jarraitzeko.

Gainera, hiru herrialdeetan, gaitza duen pertsona bakoitzak kutsatutakoen tasa 1etik beherakoa da; 0,75 Bizkaian, 0,67 Araban eta 0,58 Gipuzkoan. Gogora ekarri du izurriaren hedapena beheranzko joeran dela apirilaren 4tik. Hortaz, «osasun sistemaren ikuspegitik, egoera kontrolpean» du Jaurlaritzak, Urkulluren esanetan.

Hori horrela, datozen asteetan Osakidetzak zer ardatz nagusi izango dituen aipatu du: «profesional sanitarioen eta soziosanitarioen segurtasuna indartzen jarraitzea» eta «lehen mailako arreta eta osasun zentroak indartzea, detekzio goiztiarra egiteko eta kontaktuen jarraipena egiteko, Osasun Publikoarekin koordinatuta».

Hiru herrialdeak fase berean

Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrari eta Espainiako Osasun Ministerioari igorri dio fase aldaketa justifikatzeko txostena —soilik gaztelaniaz dago—, eta, bertan, argudiatu du zergatik hartu behar den aintzat Euskal Autonomia Erkidegoa ebaluazio esparru gisa, eta ez probintzia. Besteak beste, Jaurlaritzak azaldu du EAEren eremu geografikoa txikia dela; herrialdeen arteko garraiobide onak dituela eta horrek erraztu egiten duela herritarren mugikortasuna: «Ikuspegi horretatik, ezinezkoa da bereiztea Bilbon gertatzen dena Donostiatik edo Gasteiztik».

Osasun arretaren ikuspegitik, berriz, Jaurlaritzak azaldu du herrialde batean dauden eskualde bateko biztanleak beste herrialde bateko osasun etxera joan ohi direla: «Artaren ikuspegitik, ez litzateke ez arrazoizkoa ezta eraginkorra ere jarduerak zatitzea eta gure osasun sistemaren ezaugarri sistemikoa apurtzea»

Hauteskundeez, «arduraz»

Eusko Legebiltzarreko hauteskundeei dagokienez, «ardura hutsagatik» bozez hitz egiteko garaia dela nabarmendu du Urkulluk: «Hauteskunderik eta legebiltzar berririk ez badago, ezin da legerik onartu». Azaldu du eztabaida ez dela «egun bat edo bestea», erabakiak «erantzukizunez» hartzeari buruzkoa baizik: «Osasun larrialdiaren bilakaera objektiboak martxoaren 13a baino lehenagoko datuetan kokatzen gaitu. Alarma egoera eta agintaritza bakarra ezin dira aplikatu parte hartze politikorako eskubidea murriztuta».

Erantsi du Euskal Autonomia Erkidegoa «jarduera berreskuratzen» hasi dela, eta «normaltasun politiko eta instituzionala osorik berreskuratzeak» eskatzen duela hauteskundeak egitea. Halere, zehaztu du bozak «osasun berme batzuekin eta ziurtasun demokratiko batzuekin» egin behar direla. Urkullu datorren ostegunean elkartuko da indar politikoekin, hauteskundeen datari buruz hitz egiteko.

Oposizioaren kritikak

Oposizioko alderdiek Urkulluri eskatu diote hauteskundeak alde batera utzi eta pandemiak sortutako krisiari erantzuteko. Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak salatu du Urkulluk ez diela inolako planik helarazi, eta ohartarazi du konfinamendutik ateratzeak gaitzaren bertze olde bat sortzen ahal duela gaizki eginez gero. Elkarrekin Podemoseko Jon Hernandezek kezka adierazi du Urkulluk Espainiako Gobernuarekin duen jarrera «mesfidatiagatik», eta Urkulluri aurpegiratu dio hauteskundeak direla bere lehentasun nagusia. Carmelo Barrio PPko bozeramaileak, berriz, Urkulluri aurpegiratu dio hauteskunde kanpainan aritzea, gobernuan ohikoak diren jardunak ezohikoak balira bezala azalduz. Hiru alderdiek bat egin dute hauteskundeak egiten badira segurtasun berme guztiak behar direla.

Oposizioaz harago, gobernukide duen Alderdi Sozialistako Idoia Mendiak Urkulluri ihardetsi dio ez dela autogobernuaren eta alarma egoeraren arteko eztabaidarik behar, biak «bateragarriak» direla. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.