Politika

Jaurlaritzak Etxerati debekatu egin dio giza eskubideen aldeko kanpainaren ekitaldira sartzea

Presoen senideen erakundeak agerraldira joateko gonbitea zeukan. Lehendakaritzak, sarrera galarazteko, Amnistiaren Aldeko Mugimenduek egoitza atarian egindako elkarretaratzearen ardura leporatu die Etxeratekoei.

2008ko apirilaren 30a
14:04
Entzun
Eusko Jaurlaritzak giza eskubideen aldeko kanpaina aurkezteko agerraldia egin du gaur goizean Gasteizen, Lehendakaritzan, baina ez die Etxerat presoen senideen erakundeko ordezkariei bertan sartzen utzi. Elias Miner, Ana Azua, Joxepa Arregi eta Mariluz Sebastian saiatu dira aretora sartzen.

Etxeratek gogor kritikatu du Jaurlaritzaren debekua. "Hau oso-oso larria da: gonbite gutuna jaso genuen, etorri gara eta ez digute sartzen utzi. Guk ez dugu existitzen haientzat, guk ez dugu eskubiderik, presoen senideon errealitatea ezkutatu egin nahi dute".

Amnistiaren Aldeko Mugimenduek egoitzaren atarian Jaurlaritza-PNV ere errepresioaren arduradun. Aski da! lelopean elkarretaratzea egin dute ekitaldiaren aurretik, eta Jaurlaritzak aipatu du horregatik debekatu diela Etxeratekoei sarrera. "Ekitaldia denei irekia zegoen, baina errepresioaren arduradun jo gaituzte, eta joko arauak hautsi dituzte hala", esan du Lehendakaritzako arduradun batek.

Jon Mirena Landa Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendariak Miner Etxerateko ordezkaria hartu du gero, eta honek adierazi dio Etxerat ez dela izan elkarretaratzearen antolatzailea. Jaurlaritzako iturriek adierazi dute Etxerati esan diotela ordezkari bat sar zitekeela ekitaldira, baina inor ez dela sartu.

ETAk eragindako biktimen elkarteak ere gonbidatuta zeuden ekitaldira -Covite, Gregorio Ordoñez Fundazioa edota Fernando Buesa Fundazioa-, baina ez dira agertu. Ezta PP eta PSE-EE ere. Etxerat gonbidatua zegoelako egin dio PSE-EEk uko agerraldiari, berak azaldu duenez.

Ibarretxeren kritika bikoitza

Ekitaldian, besteak beste, Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak eta Joseba Azkarraga Justizia sailburuak hartu dute parte. Ibarretxek giza eskubide "denak" defenditu ditu, eta "ETAren sarraskien aurrean isilik egoten direnek ezin dute giza eskubideen izenean hitz egin", esan du, "ezta presoen sakabanaketa politika defenditzen dutenek edo tortura kasuak ikertu nahi ez dituztenek ere. Giza eskubideak zatikaezinak dira".

Maiatzaren 15etik urriaren 11ra bitartean giza eskubideen aldeko adierazpenaz atxikimenduak bilduko dituzte, eta dokumental bat aurkeztuko dute abenduaren 10ean, Bilbon, Euskalduna jauregian. Orduan amaituko da kanpaina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.