«Koldo Mitxelenak esan zuen bezala, euskarak ere bere tokia behar du; toki nahikoa beste hizkuntzen artean, bizi dadin eta aurrera egin dezan. Aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunak mundu berri bati begira paratu gaitu, mundu digitalari begira alegia». Aurtengo abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Eusko Jaurlaritzak mundu digitalari begiratu dio, eta Iñigo Urkullu lehendakariak egin ditu haren bozeramaile lanak Tabakaleran (Donostia) egin duten ekitaldi nagusia.
Urkulluk euskarak azken berrogei urteetan izandako «berpizkundea» goraipatu du, eta beharrezkotzat jo du «atzera begiratu eta nondik gatozen ikustea». Frankismoan euskararen alde borroka egin zutenen grina eta nahia nabarmendu du, eta haiek hasitako bideari jarraitzearen alde egin du: «Hemen gaude berriz ere, ezintasunaren aurka borroka egiteko eta erabaki berriak hartzeko». Hizkuntzaren alde lanean jarraitzera eta harekiko konpromisoa mantentzera dei egin du, eta esan du egokia litzatekeela helburu neurgarriak ezartzea haiek indartzeko.
Azken hilabeteetan albistegien lehen lerroan izan den hezkuntza sistemaz ere jardun da lehendakaria. Esan du hori dela «euskara biziberritzeko biderik eraginkorrena», eta hala izaten jarraituko duela. «Herritar trebatuak nahi ditugu, kritikoak diren eta irizpidea duten pertsonak, ezagutzen ez dugun etorkizunari aurre egiteko prest daudenak. Argi dago horretarako ezinbesteko tresna direla hizkuntzak, bai eguneroko elkarrizketetarako, bai nazioarteko harremanetarako ere», gehitu du.
Digitalizazioaz
Azpimarra berezia, ordea, «digitalizazioaren erronkan» egin du, eta, horren harira, urriaren hasieratik abian den Gaitu egitasmoa aipatu du. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak sustatutako ekinbide horrek ahalik eta euskaldun gehienen ahotsak biltzea du helburu, adimen artifiziala euskaraz ere ahalik eta ondoen garatu dadin. Batu ditzagun gure ahotsak lelopean, euskal hiztunei eskatu diete gaitu.eus atarian sartu eta euren ahotsak grabatzeko; zenbat eta grabazio gehiago, orduan eta material gehiago teknologia hobetzeko.
Kanpaina martxan jarri zenetik, munduan grabazio ordu gehien dituzten hizkuntzetan hamabigarrena da euskara 131 hizkuntzako zerrendan, besteak beste, italieraren eta japonieraren aurretik. 8.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte, eta 518 ordu grabatu dituzte denera.
Jaurlaritzak plazaratu duen adierazpen instituzionalak Urkulluren ildo beretik jo du, eta nabarmendu du beharrezkoa dela mundu digitalean euskararen presentzia handitzea. «Erakutsi diezaiogun euskaraz lan egiten geure eguneroko jardunean ezinbesteko lankide dugun tresneria digitalari», dio oharrak adimen artifizialari buruz. «Euskal gizartea aurrerapen erabakigarriak egitera behartuta dago bere ahalduntze prozesuan, digitalizazioan kasurako», azpimarratu du, eta beharrezkotzat jo du erronka hori «euskarara gerturatzen ari diren pertsonekin» batera egitea.
Ekitaldian izan dira, besteak beste, Eneko Goia Donostiako alkatea, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Jaurlaritzako hainbat sailburu: Bingen Zupiria, Josu Erkoreka, Olatz Garamendi, Arantxa Tapia, Pedro Azpiazu, Jokin Bildarratz, Gotzone Sagardui eta Nerea Melgosa.
Akordio berri baterako garaia
Euren aldetik, EH Bilduk eta EH Baik ohar bat plazaratu dute Euskararen Egunean. Azken hogei urteotan euskalduntze prozesuaren geldotze aro bat izan dela aipatu dute lehenik, baina jarraian goraipatu egin dute azken hamarraldietako ibilbidea. «Zer esan dezakegu? Hain zuzen ere, egin duguna ikaragarria dela. Leku, modu, bide askotatik egin da. Herri mugimenduaren bultzada erabakigarria izan da, eta instituzioek hauspoa eta egitura eman diote prozesuari», adierazi dute.
Salatu dute oso aurrerapauso gutxi eman direla azken urteetan euskararen lege babesean, eta aipatu dute oso zaila dela normalizazio prozesu bat garatzea Euskal Herrian bost egoera juridiko ezberdin izanda: «Babesgabetasun horrek Frantziako eta Espainiako estatuen esku hartzeari eta euskararen kontrako oldarraldiari bide ematen die». Subiranisten iritziz, prozesu horretan gakoak dira hizkuntzaren ezagutza eta erabilera, eta, testuinguru horretan, euren kezka eta desadostasuna adierazi dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Legean hizkuntz ereduen politika mantentzeko hainbat alderdik harturiko erabakiarekin. «Lege hori onartzen bada, euskararen normalizazioan urrats berri bat egiteko aukera galduko dugu».
Aipamena egin diote azaroaren 4an Bilbon egindako manifestazioari ere: «Euskalgintzak adierazi duen gisan, uste dugu euskalduntze prozesuan jauzia egiteko, akordio sozial eta politiko berri baterako garai erabakigarria dela hau».