Jaurlaritzak ez ditu zehaztuko Poliziaren indarkeriaren egileak

Idoia Mendia Justizia sailburuak esan du: «Ez dugu errudunik bilatuko, ezta inor epaituko ere»

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
1968 eta 1978 bitartean poliziaren indarkeriaren biktimei ordaina emateko Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den dekretua aurkeztu du Idoia Mendiak Madrilen. Jaurlaritzako Justizia sailburuak nabarmendu duenez, dekretuan ez dira zehaztuko indarkeriazko ekintza horien egileak edo arduradunak. «Ez dugu errudunik bilatuko, ezta inor epaituko ere». Mendiaren esanetan, Euskal Herriak jasan duen indarkeria «bakarra» ETArena izan da, baina aitortu egin du denbora tarte horretan Poliziaren indarkeria «kasu bakan batzuk» izan zirela. «ETAren terrorismoak ez ditu justifikatzen Poliziaren indarkeria kasu horiek», adierazi du. Mendiak ez du zehaztu zenbat kasu hartuko dituzten kontuan, erakundeek kopuru ezberdinak dituztelako. Gogorarazi du Jaurlaritzak batzorde bat sortuko duela horretarako.

Madrilgo kazetariekin egin duen gosarian, Justizia sailburuak azaldu du «ezberdintasun argiak» izango dituztela bi dekretuek —1978tik aurrerako kasuak hartuko dira kontuan bigarrenean—. Mendiak aitortu duenez, «polemika handiagoa» piztuko du bigarren dekretu horrek.

Gosari informatiboaren ostean Alberto Ruiz-Gallardon Espainiako Justizia ministroarekin bildu zen Mendia. Agentziek zabaldu dutenez, Justizia sisteman erreformak egiteko beharra nabarmendu zuten biek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.