Jaurlaritzak helegitea aurkeztuko dio EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiari

Goizean epaileek ebatzi dute Jaurlaritzak ez duela eskumenik herritarren joan-etorriak mugatzeko behin alarma egoeraren legea indargabetu eta gero. Etxeratze agindua ezartzeko modurik ez duela ere zehaztu du, eta bilkurak lau lagunetara mugatzeko debekua ere atzera bota du.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Labiren bileran. JON USUAL, EFE
Paulo Ostolaza - Jon Ordoñez Garmendia
2021eko maiatzaren 7a
17:53
Entzun

Eusko Jaurlaritzak helegite bat aurkeztuko dio gaur goizean EAEko Auzitegi Nagusiak hartu duen erabakiari, eta, ondorioz, ikusteko dago zer gertatuko den Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan igandetik aurrera. Larunbat gauean amaituko da Espainiako Gobernuaren alarma egoera, baina Eusko Jaurlaritzak mugikortasun mugekin, etxeratze aginduarekin eta bilkurak lau pertsonetara mugatzeko aginduarekin jarraitu nahi du, beste neurri batzuekin batera.

EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiaren ostean bildu da Labi gaur, eta ondoren eman du bere jarreraren berri Jaurlaritzak. Lehenago aurreratu bazuen ere errespetatu egingo zuela auzitegiaren erabakia, gaur arratsaldean helegitea aurkeztuko duela esan du. Iñigo Urkullu lehendakariak atzo esan zuenez, alarma egoeraren bukaerak sortuko lukeen lege hutsunea bete nahi du Jaurlaritzak dekretuarekin, neurri «arrazoizkoak» eta «arrazoituak» jasoz.

Jaurlaritzak, auzitegiari asteartean igorri zion dekretuaren zirriborroan, proposatzen zuen orain arteko murrizketa berekin jarraitzea, alarma egoera bukatu ondoren ere, eta intzidentzia tasaren arabera itxiera perimetralak ezartzeko aukera jasotzen zuen, besteak beste. Auzitegi Nagusiak, baina, jakinarazi du gobernuak soilik ostatuen eta denden ordutegi eta edukiera murrizketak arautu ditzakeela igandetik aurrera.

Nafarroa ere, mugikortasun mugarik gabe

Nafarroako Gobernuak asteazkenean iragarri zuen maiatzaren 9tik aurrera leundu egingo dituela pandemiari kontra egiteko neurriak eta horien artean bere mugak zabalduko ditu igandean. Ikusteko dago, ordea, igandetik aurrera Hego Euskal Herriko lau herrialdeen artean mugitzea libre izango den.

Nafarroatik Ipar Euskal Herriko herrialdeetara joan ahal izateko, igandetik ezinbestekoa izango da PCR negatiboa izatea. Kontrako noranzkoan, Iparraldetik Nafarroa Garaira joateko, funtsezko arrazoiengatik baizik ezingo da muga zeharkatu, eta horietan ere beharrezkoa da PCRa, mugatik 30 kilometroko tartean bizi ez diren herritarrentzat salbu.

Ipar Euskal Herria, arintze fasean

Ipar Euskal Herria arintze fasean da astelehenetik. Frantziako Gobernuak hamar kilometroko tartean ibiltzeko debekua kendu du aste honetan, eta, ondorioz, eskualde bereko departamenduetan ibiltzeko eskubidea dute herritarrek. Maiatzaren 19an, saltegiak eta terrazak irekitzen hasiko dira; ekainaren 9an, ostatu eta jatetxeen barrualdeak irekiko dituzte, eta, ekainaren bukaerarako, etxeratze agindua osoki kentzea da asmoa.

Etxeratzeko agindua indarrean dago oraindik: 19:00etan erretiratu behar da. Bigarren hezkuntzako ikasleak aste honetan hasi dira aurrez aurrekoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.