Nafarroak mugak zabalduko ditu igandetik aitzina

Foru gobernuak iragarri du maiatzaren 9tik aurrera leundu eginen dituela pandemiari kontra egiteko neurriak. Halere, besteak beste, aztergai dute etxeratze agindua bere hartan uzteko aukera.

Foruzaingoa Nafarroako mugen gaineko kontrola egiten, Sartagudan. JESUS DIGES, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko maiatzaren 5a
13:13
Entzun

Espainiako Gobernuak maiatzaren 9an utziko du bertan behera COVID-19ari kontra egiteko alarma egoera. Ordutik aurrera Nafarroan indarrean izanen diren neurrien berri eman du foru gobernuak. Besteak beste, igandetik, itxiera perimetrala indargabetu eginen da herrialdean, eta, beraz, baimendua izanen da mugak zeharkatzea, lurraldetik ateratzeko edo bertara sartzeko. Dena dela, litekeena da zenbait oztopo izatea Euskal Herriko beste herrialdeetara mugitzeko. Adibidez, oraindik ere ez da garbi Nafarroatik Gipuzkoara eta Arabara sartzea baimendua izanen den. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez mantendu nahi ditu egungo neurri murriztaileak. Gainera, foru erkidegotik Ipar Euskal Herriko lurraldeetara joan ahal izateko ezinbestekoa da PCR negatiboa. Kontrako noranzkoan, Iparraldetik Nafarroa Garaira joateko, funtsezko arrazoiengatik baizik ezin da muga zeharkatu, eta horietan ere beharrezkoa da PCRa, mugatik 30 kilometroko tartean bizi ez diren herritarrentzat salbu.

Nafarroako itxiera perimetralari buruzko aldaketaz gainera, behin alarma egoera bukatuta, posible izanen da eremu pribatuetan etxe berekoak ez diren lagunak biltzea –orain arte, bizikideak soilik bil zitezkeen–; dena dela, bi etxetako pertsonak elkartzen ahalko dira gehienez, eta sei lagunekoa da gehienezko edukiera. Ostalaritzari eragiten dioten neurrietan ere izanen dira aldaketak: lokaletako terrazak gaueko 22:00ak arte izaten ahalko dira irekiak; hau da, ordubete atzeratuko dute ixteko agindua.

Gobernuak jakinarazi duenez, Nafarroan egun indarrean den etxeratze aginduari eusten saiatuko dira; hau da, 23:00etatik 6:00ak arte izanen da igandetik aurrera ere. Bestalde, gaur indarrean diren gainerako neurriei ere eusteko asmoa duela adierazi dute. Halere, araudian eginen diren gainerako moldaketen antzera, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren oniritzia beharko du neurri horiek ezartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.