Albistea entzun

Itxiera perimetrala eta etxeratze agindua bertan behera utzi ditu EAEko Auzitegi Nagusiak

Epaileak erabaki du Jaurlaritzak ez duela eskumenik herritarren joan-etorriak mugatzeko behin alarma egoeraren legea indargabetu eta gero. Etxeratze agindua ezartzeko modurik ez duela ere zehaztu du.

Labiren azkeneko bilera, duela hiru aste.
Labiren azkeneko bilera, duela hiru aste. ADRIAN RUIZ-HIERRO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel P. Ansa -

2021eko maiatzak 7 08:04

Irizpidea eman du auzitegiak, eta Eusko Jaurlaritzak ez dio helegiterik jarriko; beraz, igandetik aurrera Eusko Jaurlaritzak ez du izango eskumenik itxiera perimetralak agintzeko, ez autonomia erkidegoarentzat, ez herrialdeentzat, ez eta herrientzat ere. Alarma egoera larunbatetik iganderako gauerdian bukatuko da; hortaz, igandetik aurrera libre izango da batetik bestera mugitzea, Hegoaldean behintzat. Etxeratze agindua ere bertan behera geratuko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eta bilkurak lau lagunetara mugatzeko debekua ere atzera bota du auzitegiak. Igandetik aurrera indarrean egongo diren neurriak azaldu ditu Urkulluk ostiral arratsaldean, Labiren bileraren ondoren.

Administrazioarekiko Auzien Salak ebatzi du estatuko lege batek soilik ezar ditzakeela oinarrizko eskubideen murrizketak, eta autonomia erkidegoek ezin dutela osasun legeetan oinarrituta halako neurririk agindu. «Oinarrizko eskubideak murrizteko, zorrotza izan behar da, ez boluntarista», adierazi du auzitegiak ebazpenean, «eta osasun krisi larri batean gaudela ahaztu gabe, eta horrek justifikatuko lituzke oinarrizko eskubideen murrizketak, abstraktuan, baina neurri horiek zuzenbideari lotuta hartu behar dira, bai hori egiteko bidea ematen duen lege baten bidez, bai horretarako zehaztuta dauden tresna konstituzionalen bidez».

Jaurlaritzaren Labi batzordeak ostiral arratsalde honetan egin du bilera, 16:30ean, eta horretan erabaki du bere asmoak nola egokitu. Iñigo Urkulluk esan du ez duela auzitegiaren ebazpenaren kontra joko, nahiz eta baduen aukera, Espainiako Gobernuak horretarako bidea emanda, Espainiako Auzitegi Gorenean kasazio helegite bat jartzeko. Okerrik ezean, eta Labik gaur hartutako erabakiarekin, dekretu berria larunbatean argitaratuko dute aldizkari ofizialean, eta igandean sartuko da indarrean. Nafarroako Gobernuak dagoeneko esana du herrialdetik ateratzeko aukera emango diela bertako bizilagunei; beraz, Hego Euskal Herrian joan-etorriak libre izango dira igandetik aurrera.

Bilerak ere, murriztu gabe

Jaurlaritzak, bere dekretuan, lau lagun baino gehiagoko bilerak debekatu nahi zituen intzidentzia tasa 200 kasutik gorakoa zenerako hamalau eguneko eta 100.000 biztanleko, baina Auzitegi Nagusiak ez du legezko ikusten hori mugatzea, biltzeko eskubideari kalte egingo liokeelako, eta biltzeko eskubide hori ezin delako murriztu, haren hitzetan, estatuko lege baten aterkipean ez bada. Hala ere, ñabardura egin du auzitegiak berak: kirolean, ostatuetan, dendetan eta halako jardueretan murrizketei eustea posible iruditzen zaio, ez direlako oinarrizko eskubideak arriskuan jartzen murrizketa horiekin. Bestalde, gogorarazi du beharrezkoa dela halako bileretan distantzia fisikoa gordetzea, maskara jantzita edukitzea eta beste osasun neurriak betetzea. Eta ohartarazi du jende bilerak ez mugatzeak ez duela esan nahi «legez kontrako jarduerak» egin litezkeela; propio aipatu du kalean zurruterako biltzea, adibide gisa.

Nafarroako Gobernuak ere prestatu du dekretu bat alarma egoera amaitu osteko egoerarako prestatzeko, eta igandean sartuko da indarrean hori ere. Jakina da mugak zabalduko dituela, baina ez dago argi etxeratze aginduarekin zer gertatuko den. Eusko Jaurlaritzak ez bezala, Nafarroako Gobernuak ez du bere dekretua auzitegira igorri indarrean sartu aurretik, eta, beraz, teorian bederen, etxeratze agindua indarrean egongo da, 23:00etatik 06:00etara, momentuz. Auzitegiak ondoren erabakiko du murrizketa hori manten dezakeen edo ez, baina litekeena da ebazpen hori ez egitea asteartea baino lehenago.

Balearretako eta Valentziako auzitegi nagusiek, EAEkoaren irizpidearen kontra, baimendu egin dute autonomia erkidegoek etxeratze aginduak ezartzeko eskumena izatea. Hortaz, datozen egunetan ikusiko da auzitegiek, Gorenaren bidez, irizpideak bateratuko ote dituzten edo ez. Jaurlaritzak, dena den, baztertu egin du Gorenera jotzeko aukera. Administrazioarekiko Auzien Salako epaile nagusi Luis Garridok eman du ebazpena; otsailean eremu gorriko tabernak ixteko debekua kendu zuen epaile bera da.

Fiskalak asteazkenean aurreratu zuen bere jarrera. Jaurlaritzaren txostena aztertuta, iragarri zuen ez zituela legezkoak ikusten herritarren joan-etorriak mugatzeko proposamenak, ez lurralde artean mugitzeko, ez ordutegiak mugatzeko ere. Etxeratze agindua ezar zitekeela ere zalantzan jarri zuen, beraz. Legelariek eta adituek ere esana dute igandetik aurrera «ziurgabetasun» egoera bat sor litekeela, ez baitago argi egoera berrirako helduleku juridikoak zeintzuk izango diren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Baionako terraza bat, artxiboko irudian ©Bob Edme/ Iparla

Uztailaren 9an diskotekak irekiko dituzte Ipar Euskal Herrian

Berria

Dantzalekuetan sartzeko ezinbestekoa izango da osasun ziurtagiria aurkeztea. Kontzertu aretoetako neurriak, berriz, ekainaren 30ean malgutuko dituzte, edukiera %75era zabalduta.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua artxiboko irudi batean. ©Jaizki Fontaneda/FOKU

Hegoaldetik joandako biztanleak txertatzeko irizpideak zorroztuko dituzte Lapurdin

Maria Ortega Zubiate

Maider Arostegi Miarritzeko alkateak adierazi du Hegoaldetik joandako biztanleen gorakadak neurriak zorroztea ekarriko duela. Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi du ez dutela prozesu horren berri.

Hainbat herritar Gasteizko kale batean. ©Jaizki Fontaneda

Beste 119 COVID-19 kasu atzeman dira Hegoaldean

Uxue Rey Gorraiz

2020ko uztail erdialdetik erregistratutako kutsatu kopururik apalena da. 5.000 proba inguru egin dira; beraz, %3 da positiboen ehunekoa.

Bi txitek tamaina handia zuten jada, eta horrek zaildu egiten zion haien amari haiek babestea. ©Urdaibai Bird Center

Hil egin dira Urdaibain jaio ziren bi arrano arrantzaleak

Paulo Ostolaza

Jaio eta hogei egunera hil dira; ezin izan zioten eutsi joan den ostiralean Urdaibai astindu zuen ekaitzari. Arduradunen arabera, txiten heriotza «naturaltzat» hartu behar da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.