giza eskubideen nazioarteko eguna

Jaurlaritzak herrien borondatea errespetatzeko eskatu du eta ETAri desagertzeko galdegin

Giza eskubideen adierazpena sinatu zenetik 57 urte pasatu direnean, eskubide horiek guztiak "salbuespenik gabe" errespetatu behar direla aldarrikatu du Eusko Jaurlaritzak, Joseba Azkarragaren ahotik zabaldu duen adierazpen instituzionalean. ETAri desagertzeko eskatu dio, "herrien borondatea" errespetatu behar dela aldarrikatu du, eta "ideien kriminalizazioaren kontra" ere aritu da. Espetxe politika "humanizatzea" ere galdegin du. Esan duenez, "pertsonen eta herrien garapena giza eskubideak errespetutik soilik etorriko da".

2005eko abenduaren 10a
13:51
Entzun
Giza eskubideak errespetatzen ez badira "elkarbizitza eta armonia" bilatzea zaila dela iritzi dio Jaurlaritzak, eta horregatik, "bazterketarik gabe" errespetatu behar direla azaldu du. Bere iritzian, bizitzeko eskubidea da, gainera, giza eskubideetan garrantzitsuena.

"Gizagabetasunak" desagertzeko lana egin behar da gizarte guztietan, Jaurlaritzaren aburuz, eta horretan euskal herritarren badutela lana azaldu du Azkarragak. "Indarkeria mota guztiak" desagertu behar direla aldarrikatu du.

Hala ere, itsaropentsu dago Azkarraga, eta "bizi dugun indarkeria egoera" gainditu daitekeela iritzi dio. Horretarako desagertzeko eskatu dio ETAri. Izan ere, Jaurlaritzaren iduriko hori da "gure gizarteak etorkizuna izateko modu bakarra".

Torturak

Atxilotuen eskubideak errespetatzea ere galdegin du Azkarragak, Jaurlaritzaren izenean: "Ezerk ez ditu tratu txarra eta tortura justifikatzen, ezerk ez du justifikatzen ezarritako zigorrari beste zigor batzuk gehitzea. Eusko Jaurlaritzak berriro ere aldarrikatu du espetxe politikak ikuspegi humanitarioa behar duela delituak egin dituztenen kontrako mendekuari uko egiten diona.

Ideien "kriminalizazioaren" kontra

Esan gabe, baina 18/98 auziaz eta antzekoez ere aritu da Azkarraga: "Demokraziak ezin du biziraun herritarrak susmopean jarrita eta gutxiago ez bazaie uzten eskubideak normaltasunez gauzatzen. Ideiak krimen bihurtzeko tentazioan eroriz gero, tirania ezartzeko eta gizartea lardaskatzeko ateak zabaltzen dira".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.