Jaurlaritzak hilaren 25era arte atzeratu du eskolarako itzulera

Hasieran, maiatzaren 18an ezarri zuen eskolak irekitzeko eguna, baina azkenean atzera egin eta astebete atzeratu du. Denis Itxasok atzo erran zuen lehenengo fasean ezin direla ireki eskolak. 

Gasteizko eskola bat itxita. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre-Irati Urdalleta Lete
2020ko maiatzaren 14a
14:36
Entzun

Hasieran hezkuntzako jarduera maiatzaren 18an hastea nahi bazuen ere, hasierako data hori astebete atzeratzea erabaki du orain Jaurlaritzak. Beraz, maiatzaren 25etik aitzinera hasiko dira eskolak zabaltzen. Borondatezkoa izango da irekiera, eta eskola bakoitzak erabaki beharko du. 

Gaur eman du erabakiaren berri Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak: «Eskola komunitatean arazo gehiago ez sortzearren, argitasuna eta segurtasuna emateko helburuarekin, eta kontuan hartuta oraindik ez dugula Madrildik jaso zehazketa juridikoa, erabaki dugu maiatzaren 25ean hasiko dela eskoletara itzultzeko dinamika guztia».

Cristina Uriarte Hezkutza sailburuak gutun bat helarazi du ikastetxeetara, erabakiaren berri emateko. Bertan jasotzen denez, joan den larunbatean Espainiako Gobernuak onartutako proposamen bat lantzen aritu da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza eragileekin. Oharrean, zehaztuta dago Eusko Jaurlaritzak, proposamena onartzeaz gain, Espainiako Gobernuaren arautze juridikoa behar duela, estaldura juridikoa, akordioa aplikatzeko. «Eusko Jaurlaritzak, honetara ezkero eta Espainiako Gobernuak oraindik hartu ez duen erabaki horren zain, ez du tentsioan eta zain eduki nahi hezkuntza komunitatea datozen egunotan, ezta Hezkuntza Saila egiten ari den elkarrizketa prozesuan maiatzaren 18rako geletara itzultzeko prest dauden hezkuntza sareak ere». Horrenbestez, Hezkuntza Sailak ziurtatu du eragileekin lanean jarraituko duela hurrengo egunetan eta datorren astean, maiatzaren 25ean ikasgeletara itzuli daitezen lehen aurreikusitako mailetako ikasleak.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskolen irekiera atzeratzea ez da izan hezkuntzari buruz gaur hartu duten erabaki bakarra. Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministroak bilera izan du autonomia erkidegoetako ordezkariekin, eta, ikasturte honetan ikasleak ikasgeletara itzultzeko aukerari dagokionez, Hezkuntza Ministerioak nabarmendu du «gehienen babesa» izan duela bigarren fasean etapa amaieran dauden ikasleei itzultzeko lehentasuna emateko erabakiak.

Datorren ikasturtera begira, lanerako talde bat osatzea adostu dute irailean ikasgeletara nola itzuli prestatzeko, pandemiaren eboluzioan hiru egoera izan daitezkeela ikusita: eskola jarduerari normal ekiteko moduan egotea, osasun distantzia bat beharrezkoa izatea edo berragerraldi baten ondorioz ikastetxeak berriro itxi beharra izatea. Uste dute egoera guztietan beharrezkoa izango dela curriculumak eta mailetako, arloetako eta ikasgaietako programazioak egokitzea, arreta berezia emateko «ezinbesteko konpetentziei», eta galerak konpentsatzeko, hots, aurrez aurreko hezkuntza bertan behera gelditu izanak eragindako «aldaketa garrantzitsuen» ondorioz izandako galerak.

Irailean, ez kutsatzeko pertsonen arteko distantzia zaintzea beharrezkoa bada, taldeak banatu beharko dira, eta «ikastetxeko leku guztiak optimizatu, aurrez aurreko jarduera eta urrutitik egindakoa konbinatu, edo ordutegiak egokitu osasun baldintza guztiak betetzeko eta prestakuntzaren jarraipena ziurtatzeko». Hezkuntza Ministerioaren ustez, aukera gehien dituen egoera horretan, beharrezkoa izango da ikastetxeei osasun eta higiene materiala ematea ikasleentzat eta irakasleentzat; higienerako eta osasun kontrolerako neurriak ezartzea; mugikortasunerako protokoloak egitea, ikastetxera sartzeko eta handik ateratzeko; eta osasun alorreko heziketa ematea ikasleei eta irakasleei. Edozein moduz, programatuko dituzten jarduerek eta edukiek egokiak izan beharko dute online eta urrutitik egiteko, eta aurreikuspenak egin beharko dituzte ikasturtearen zatiren bat urrutitik ebaluatu behar badute ere.

Gainera, konpromisoa hartu dute uda baino lehen dokumentu bat egiteko hurrengo ikasturterako orientazioarekin. Espainiako Hezkuntza Ministerioak azaldu duenez, gomendio horiekin, autonomia erkidegoek eta ikastetxeek kontingentzia planak diseinatu beharko dituzte, «hezkuntza jarduera bermatzeko, autonomia erkidego bakoitzaren konpetentziak eta ikastetxeek irakaskuntza autonomia errespetatuz».

Hurrengo ikasturtea hasi aurretik, unibertsitatera sartzeko proba egin beharko dute hainbat ikaslek. Gogorarazi dute autonomia erkidego bakoitzaren ardura dela proba horiek egitea «bertako ikasleentzako eta irakasleentzako baldintza egokienetan».

Maiatzaren 7an iragarri zuen Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eskolak maiatzaren 18an irekitzeko asmoa. Batxilergoko bigarren mailako ikasleak ziren hastekoak egun horretan, baita Lanbide Heziketako goi mailako zikloetako lehen eta bigarren mailako ikasleak eta erdi eta oinarrizko mailetako bigarren ikasturtekoak ere. Astebete geroago, maiatzaren 25ean, DBHko laugarren mailakoak, Batxilergoko lehen mailakoak eta Lanbide Heziketako erdi mailako zikloetako lehen mailakoak itzultzea espero zuten. 0-1 urteko haurrentzako haur eskolak irekitzeko aukera ere zabaldu zuen Uriartek. Sindikatuen haserrea eragin zuen erabakiak; «aldebakarreko» erabakiak hartzea leporatu zioten Jaurlaritzari, eta aurreratu zuten protesta egin eta irakasleak ez zirela ikasgelara itzuliko segurtasun baldintzak bete ezean. 

Astelehenean, ordea, berriz ere irizpidea aldatu zuen Jaurlaritzak, eta erran zuen «borondatezkoa» zela ikastetxeak irekitzea. Erkorekak, orduan, adierazi zuen beharrak non dauden erreparatuta eta «irizpide pedagogikoak» aintzat hartuta erabaki ahal izango dutela zer-nola jokatu eskola bakoitzak. Ondoren, Hezkuntzako ikuskaritzei adierazi beharko diete zer erabaki duten. Ebatzi dezakete ikasle guztiek online amaitzea ikasturtea, zenbait ikasle bakarrik joatea aurrez aurreko eskoletara, edota den-denak. «Errealitate ezberdinak» daudela aintzat hartuta, hauturik onena hori dela adierazi dute. 

Atzo, ordea, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak mezua argia bidali zion Jaurlaritzari: «Lehenengo fasean eskolez esaten den gauza bakarra da irekitzea, desinfektatzea, garbitzea eta prestatzea dela posible, baina ez eskoletako gelak ireki eta bertan haurrak sartzea». Haren hitzetan, hori «azkarregi joatea» zela-eta, printzipioz ez dago lehenengo fasearen aukeren artean. Itxasok nabarmendu zuen arintze prozesuan baldintza zorrotzagoak jarri nahi badira ez dagoela arazorik; bai, ordea, arintze prozesua «gehiegi azeleratu» nahi izanez gero. «Ikusiko dugu, bigarren fasera begira, zein diren aukerak».

Iraila baino lehen, ez

UGT sindikatuak dioenez, irakasleen %79k ez dute ikasgelara itzuli nahi iraila baino lehen. Sindikatuak inkesta bat egin du irakasleen egoera aztertzeko, eta, bertan jaso duenaren arabera, alarma egoera ezarri zenetik irakasleen estresa areagotu egin da ordu estrengatik eta kontziliazio arazoengatik. Galdegindako irakasleen %20k bakarrik babestu dute ikastetxera itzultzeko aukera.
Alarma egoeraz geroztik eskola emateko moduaz galdetuta, irakasleen %65ek erantzun dute nahiago dutela klasea aurrez aurre eman. Hala ere, %74k onartu dute “ongi” edo “nahikoa ongi” egokitu dela online metodologiara. Gainera, irakasleen %85ek diote egun lanean bi ordu estra egiten dituztela egunero.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.