Jaurlaritzak dio eskolek «autonomia» izango dutela itzuleraz erabakitzeko

Betiere, «irizpide pedagogikoak» lehenetsita hartu beharko dituzte erabakiak, eta aurrez zehaztutako ikasturteetako ikasleek bakarrik izango dute itzultzeko era. Sindikatuak haserre azaldu dira Jaurlaritzaren erabakiarekin, eta «arduragabe» jokatzea leporatu diote. Biharko protestara deitu dute. 

Donostiako Amara Berri ikastetxeko jolastokia, hutsik. JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2020ko maiatzaren 12a
11:26
Entzun

«Eskolen autonomia»: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko iturrien arabera, printzipio horrek ardaztuko du nola itzuliko diren ikasleak eskolara ikasturte amaiera honetan. Beharrak non dauden erreparatuta eta «irizpide pedagogikoak» aintzat hartuta erabaki ahal izango dute zer-nola jokatu. Ondoren, Hezkuntzako ikuskaritzei adierazi beharko diete zer erabaki hartu duten. Ebatzi dezakete ikasle guztiek online amaitzea ikasturtea, zenbait ikasle bakarrik joatea aurrez aurreko eskoletara, edota den-denak. «Errealitate ezberdinak» daudela aintzat hartuta, hauturik onena hori dela adierazi dute.

Jokatzeko era horren berri atzo eman zien administrazioak Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioko ordezkariei, eta poza adierazi zuten haiek: ikastetxeen «autonomia» aintzat hartu izana ona dela esan zuten, eskola bakoitzak ezagutzen baititu hobekien ikasleen beharrak eta eskolaren egoera.

Hezkuntza Sailak lehengo astean asmoa adierazi zuen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako, Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasleak maiatzaren erdialdetik aurrera ikasgeletara itzul daitezen, era horretan amaitzeko ikasturtea. Haserrea eta ezinegona eragin zuen erabaki horrek hezkuntzako eragile askoren artean; hitzartu gabeko erabakia izan zela salatu zuten. Aste honetan, eragileekin bilerak egiten jarraitu du administrazioak, eta horien barruan heldu da eskolen “autonomia” lehenetsita eskolako itzulera ebazteko proposamena.

«Autonomia» horren harira, soilik aurrez aipatutako ikasmailetako ikasleen gaineko itzulerari buruzko erabakiak hartu ahal izango dira. Gainerakoan, ikasgeletara ez bueltatzeko «osasun irizpideek» lehengoan jarraitzen dutela esan dute, eta ezin dela horietan inolako aldaketarik egin.

Gobernu Kontseilu osteko agerraldian, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du eskoletara aurrez aurre itzultzeko asmoa «proposamen bat» zela, ez «inposizio» bat, eta asmoa zutela hezkuntza komunitatearekin proposamen horretaz hitz egiteko. Horiek horrela, Erkorekak adierazi du hezkuntza arloko adituek egokitzat jotzen dutela maila jakin batzuetako ikasleek aurrez aurreko komunikazioa izatea irakasleekin.

Sindikatuek, ordea, salatu dute ez dagoela baldintzarik ikastetxeetara maiatzaren 18an itzultzeko. Nabarmendu dute «are arduragabekeria handiagoa» dela aurrez aurreko eskoletara itzultzea ikastetxe bakoitzaren ardurapena uzteko erabakia.

Ipar Euskal Herriko haurrak, berriz, gaur hasi dira ikasgeletara itzultzen. Hezkuntza eragileen hitzetan, haurren ongizatea bermatzeko baldintzak ez dira beteak.

Sindikatuak, haserre 

Steilas, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuak haserre daude Jaurlaritzaren proposamena dela kausa, eta salatu dute erabat «arduragabea» dela itzultzeko erabakia eskola bakoitzaren esku uztea. Jaurlaritzari eskatu diote arduraz jokatu eta hezkuntzako agenteekin erabakitzea eskolara itzuli edo ez. Sindikatuek DBH, batxilergo eta lanbide heziketako ikasleak berriz ere ikasgelara itzultzearen aurkako iritzia plazaratu zuten joan den astean. Gaur, ohar bidez esan dute egungo egoeran ez dagoela nahiko berme ikasleak eta irakasleak modu seguruan ikasgelara itzultzeko. Biharko protestara deitu dute goizeko hamaiketarako, Jaurlaritzaren Bilboko Hezkuntzaren egoitzaren aitzinean. 

Sindikatuek egin bezala, EH Bilduk ere txarretsi egin du Eusko Jaurlaritzak ikasleak ikasgelara itzultzeko erabakia eskola bakoitzaren esku uztea. Erabakia erabat «arduragabea» dela erran du Rebeka Ubera EH Bilduko eledunak. Uberak salatu du Jaurlaritzak hasieran «inposatu» egin zuela ikasleak eskolara itzultzea, eta hezkuntza komunitatearen ezezkoaren ondotik etorri dela oraingo aukerako neurria. Erabakia hezkuntzako agenteekin hartzeko eskatu du Uberak, eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuari aurpegiratu dio ez izatea inolako plan sendorik. "Hezkuntza Sailaren ardura da bermatzea osasun eta segurtasun neurriak mantendu daitezen, eta, horretarako, eskolei behar duten plan eta materiala ematea", nabarmendu du Uberak.  

Hezkuntzako prozedurak martxan

Gobernu Kontseiluak gaurko onartu du Hezkuntza Saileko langileen kudeaketaren eremuko zenbait prozedura administratibori berrekitea. Prozedura horiek bertan etenda gelditu ziren martxoaren 14an. Gaur onartutako akordioaren ondoren berrabiatuko edo hasiko diren prozeduren artean daude irakasleen zenbait kidego lekualdatzeko lehiaketak, bai eta birbarematzeko administrazio prozedurak ere.

Aurreko horiez gain, Gobernu Kontseiluak baimena eman du martxan paratzeko Araubide Bereziekiko Irakaskuntzentara sartzeko probak. Hala, bertzeak bertze dagoeneko ireki dute  Dantzerti, Musikene eta Diseinuko Goi Mailako Arte Irakaskuntzarako matrikula eta ezagutarazi dituzte sarrera proben behin-behineko datak. 

Dantzerti:

Probetarako izen ematea: maiatzaren 11tik 26ra, biak barne.
Sarbide probak:  uztailaren 13tik 17ra.

Musikene:

Probetarako izen ematea: ekainaren 8ra luzatu dute.
Sarbide probak: ekainaren 15etik uztailaren 3ra.

ID Arte:

Probetarako izen ematea: maiatzaren 18tik ekainaren1era, biak barne.
Sarbide probak:  ekainaren 6an.

Arte Plastiko eta Diseinuko Heziketa Zikloak:

Probetarako izen ematea: maiatzaren 18tik  ekainaren 1era, biak barne.
Sarbide probak: ekainaren 6an.

Musika Ikasketa Profesionalak:

Probetarako izen ematea: maiatzaren 11tik 26ra, biak barne.
Sarbide probak: ekainaren 10etik 30era.

Dantza Ikasketa Profesionalak:

Probetarako izen ematea: maiatzaren 18tik ekainaren 5era, biak barne.
Sarbide probak: ekainaren15etik 17ra.

Kirol ikasketak (futbola, areto futbola, atletismoa, saskibaloia, eskubaloia, salbamendu eta sorospena eta piraguismoa). Kirolene

Probetarako izen ematea:  maiatzaren 6tik ekainaren 12ra, biak barne.
Sarbide probak: 2020ko ekainaren bukaera / uztailaren hasiera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.