Jaurlaritzak hiru hilabetean erabakiko du errauste planta eraikitzeko kontratuari buruz

Enpresariek eta GHK-k etetearen kalte-ordaina hitzartu nahi dutela zehaztu dute, «amaiera adostua» lortzeko

Erredakzioa
Donostia
2013ko urriaren 5a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Zubietako errauste planta eraikitzeko kontratuaren baliagarritasunari buruzko erabakia Eusko Jaurlaritzaren esku dago. Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak kontratua baliogabetzearen erabakia berretsi zuen atzo, batzarrean, eta Jaurlaritzako Batzorde Juridikoak hiru hilabete izango ditu orain, erabaki horri buruz ebazpen bat emateko.

GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa sozietate publikoak uztailaren 12an erabaki zuen obrak etetea. Argudiatu zuen errauste plantaren egitasmoak ez zuela arauzko ingurumen baimen integraturik. Jaurlaritzak 2010eko apirilean eman zion baimen hori GHK-k aurkeztutako proiektu bati. Baina, Jaurlaritzari aldakuntzak jakinarazi gabe, proiektu hura aldatu egin zuen GHK-k gerora: azpiegiturak hiru metro gorago eraikitzea erabaki, eta zepa eta errautsentzako azpiegiturak kendu zituen.

Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko presidenteak berretsi du «irregulartasun asko» egin zituztela Zubietako errauste plantaren inguruan, eta ezinezkoa dela obrekin aurrera egitea legea urratu ezean. Esplikatu du horregatik erabaki zutela kontratua baliogabe jotzea, eta eteteko prozedura hastea. Atzo sozietate publikoaren erabakia berretsi zuen partzuergoak. Jaurlaritzari egokituko zaio ebazpen bat ematea orain, etar erabakia kontratuen aldekoa balitz, auzitara jotzeko aukera ez du baztertu sozietate publikoak.

Enpresariekin negoziatzen

Zubietako obra egin behar zuten enpresek eta GHK-k negoziatzeko bideari hasi diote, bien bitartean. Herenegun, prentsa ohar bat kaleratu zuten bi aldeek, jakinarazteko elkarri bi hilabeteko tarte bat eman diotela akordio bat lortzeko. Intxaurrandietak atzo zehaztu zuen enpresek jaso behar dituzten kalte-ordainak adostea dela negoziazio horien helburua. GHK-ko presidenteak nabarmendu zuen bi aldeen borondate onaren ondorioz hasi direla negoziazioetan. Enpresariek, bestalde, erabaki dute Gipuzkoako Merkataritza Ganberan hasitako arbitratze prozedura bi hilabetez etetea, negoziazioei laguntzeko.

UTE Gipuzkoa CGRG enpresa taldeak eraiki behar zuen Zubietako errauste planta. 2011ko otsailean irabazi zuen horretarako lehiaketa. FCC, Serbitzu, Altuna y Uria, Murias eta AE&E Inova enpresek osatu zuten enpresa talde hori. Uda hasieran, merkataritza ganberaren bitartekaritza eskatu zuten, kontratua geldirik zegoela argudiatuta. Justu orduan, baina enpresen pausoen berri jakin gabe, hasi zuen kontratua baliogabetzeko prozedura GHK-k.

Enpresek eta GHK-k sinatuta herenegun zabaldu zuten prentsa oharrak jasotzen zuen «amaiera adostua» eman nahi diotela proiektuari. Kalte-ordaina adostea da negoziazioen helburua, eta, hori neurtzeko, aintzat hartu beharko dituzte enpresek bi urteotan egindako gastuak eta espero zituzten irabaziak. Kontratua bertan behera utziko balute, Zubietako lurrak libre geratuko lirateke. Heldu den astean GHK-k eta enpresariek prentsaurreko bat emango dutela ere iragarri dute.

Denis Itxaso PSE-EEko kideak egoki jo ditu negoziazioak, baina «mus partida» bat ez hasteko eskatu die bi aldeei. Xabier Ezeizabarrena EAJko kideak, berriz, batzar nagusietan gehiengoak «behin eta berriro» eskatutakoa betetzeko eskatu dio Bilduri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.