Jaurlaritzak iragarri du etxean biltzeko aukera egongo dela astelehenetik aurrera

Umeek ere aukera izango dute kalera ateratzeko ordubetean baino gehiagoan. Elkarte gastronomikoek irekiko dituzte, %50eko edukierarekin, mahaien artean bi metroko distantziarekin eta ostalaritzako baldintzak betez garbiketari eta desinfekzioari dagokionez. Nafarroan eutsiko diote elkarteetan edo lokaletan batzeko debekuari.

Jendea kalean paseatzen, Donostian. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko maiatzaren 23a
13:23
Entzun

Astelehenetik aurrera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egongo den egoera azaltzeko, agerraldia egin dute Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak. Tapiak esan duenez, bigarren fasera «sendo eta osasun ikuspegitik lasai» igaro dira.

Astelehenetik aurrera hartu beharreko neurriak ere iragarri ditu. Mugikortasunari eta ordutegiei dagokienez, ariketa fisikoa egiteko orain arteko ordutegiak kenduko dira, baina eguneko ordu batzuk 70 urtetik gorakoentzat eta pertsona «zaurgarrientzat» mantenduko dira: 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara. Gainerakoan, mugitu ahal izateko dauden ordu tarteak kenduko direla esan du Tapiak. Zehazki aipatu ez duen arren, ondorioztatu daiteke umeek ere aukera izango dutela kalera ateratzeko ordubetean baino gehiagoan. Aldiz, probintzien arteko joan-etorriak mugatuta jarraituko du, eta adineko senideei bisitak egiteko, arrazoi sozioekonomikoengatik eta lan arrazoiengatik baimenduta egongo da probintzien artean mugitzea, baina ez aisialdirako.

Etxean biltzeko aukera egongo dela ere iragarri du Tapiak, gehienez ere hamabost pertsona. Horiek familiakoak nahiz lagunak izan daitezkeela zehaztu du Tapiak. Lokal pribatuetan eta erabilera publikoko gure irekietan biltzeko aukera ere egongo da. Topaketa horiek distantziak eta prebentzio baldintzak betez egin beharko direla zehaztu du.

Tabernek kanpoan eta barruan zerbitzua ematekoa aukera izango dute, gehienez %50eko edukierarekin, mahaien artean bi metroko tartearekin eta guztiak eserita. 400 metro karratu baino gehiagoko zentro komertzialak irekiko dituzte, gehienez ere %40ko edukierarekin. «Hurbileko merkataritza jarduerarekin jarraituko da, gehienez ere %40ko edukierarekin».

Elkarte gastronomikoek eta «txokoek» ere irekitzeko aukera izango dute. Ostalaritzan bezala, gehienez ere %50eko edukiera edukiko dute, eta bi metroko tartea egongo da mahaien edo mahai multzoen artean. Garbiketa eta desinfekzioan ere ostalaritzaren arautegi bera bete beharko dute.

Nafarroan, ordea, zorrotzago jokatuko du Foru Gobernuak, eta aurrerantzean ere debekatuta egongo da lokaletan eta gastronomia elkarteetan batzea. Horrez gain, kanpoan egiten diren kultur eta kirol ekitaldietan asko jota 200 pertsona elkartu ahalko dira.

Kulturaz eta aisialdiaz gozatzeko aukera pixka bat zabalagoa izango da astelehenetik aurrera. Museoetan %50era arteko edukiera egongo da baimenduta, eta heren bateko edukiera izango dute, kultur etxeek, antzokiek eta zinenek, 50 pertsonako mugarekin. Espazio irekietan ere heren batekoa izango da edukiera, gehienez 400 pertsona elkartuko dira, eta publikoak eserita egon beharko du, distantziak mantenduz eta segurtasun neurriak betez. Turismo «aktiboarekin eta naturalarekin» berriro hasteko aukera egongo dela aipatu du Tapiak, gehienez ere hogei pertsonako taldeetan.

Hezkuntzari dagokionez, datorren astelehenetik hezkuntza eta formakuntza berriro hasiko dela esan du Tapiak. Hain zuzen, indarrean sartuko da Hezkuntza sailburuaren 2020ko maiatzaren 23ko Agindua, unibertsitatez kanpoko hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloko aurrez aurreko jarduerak berriz hastea eta ikasketa jakin batzuetan sartzeko azterketak eta probak egitea arautzen duena. Agindu horrek jasotzen du maiatzaren 25etik aurrera aurrez aurreko irakaskuntzari eta hezkuntza jarduerari berrekitea eta azterketak egitea DBH4an edo helduen hezkuntzako baliokidean, Batxilergoko lehen eta bigarren mailetan eta Lanbide Heziketako lehen eta bigarren maila guztietan.

Gainera, zehazten du ekaineko lehen astean gainerako ziklo eta mailetako irakasleak eta irakasle ez diren langileak berriro lanean hastea, ikastetxeetan hezkuntza jarduera egiteko. Hezkuntzarekin lotura duten beste hainbat jarduera berrekiteko aukera ere egongo da astelehenetik: araubide bereziko irakaskuntzak –artistikoak, kirolekoak eta hizkuntzetakoak–; proba libreak DBHko, Batxilergoko eta LHko tituluak lortzeko; enplegurako Lanbide Heziketako prestakuntza jarduera presentziala eta lanekoak ez diren praktiken moduluak; aurrez aurreko jarduera unitate terapeutikoetan eta hezkuntza bereziko zentroetan; hezkuntza eta prestakuntza jarduera presentziala euskaltegietan, akademietan, eskoletan eta prestakuntza zentroetan eta antzekoetan, publikoetan zein pribatuetan; azterketa ofizialak deitzea, antolatzea eta egitea ,adibidez, HABE azterketa.

Gustura agertu da Murga datuen joera «positiboa» delakoan. Azaldu duenez, hamahiru kasu berri egon dira –lau Araban eta bederatzi Bizkaian. Beste zazpi lagun hil direla ere iragarri du. Hala ere, prebentzio neurriak mantentzeko beharra azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.