Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak Bizigune informazio kanpaina abiatu zuen Gasteizen atzo, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hutsik dauden 22.300 etxebizitza alokairuan eskaintzeko. Hutsik dauden etxeen jabeek etxeak alokatzea erabakiz gero, Etxebideren zerrendetan dauden 69.000 lagunetako batzuek alokatzea nahi du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak. Javier Madrazo sailburuak atzo azpimarratu zuenez, «gaur egun luxu onartezina da 22.000 etxe hutsik egotea».
Informazio kanpainaren oinarria Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 25 herri bisitatuko dituen autobusa izango da. Autobusak atzo hasi zuen ibilbidea Gasteizen eta otsailaren 13an amaituko du. Horrez gain, eskuorriak banatuko dituzte 190.000 etxetan eta publizitate kanpaina egingo dute komunikabideetan.
Urte eta erdian 2.000 etxe
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak duela urte eta erdi sortu zuen Bizigune programa eta ordutik hutsik zeuden 2.000 etxe eskaini ditu alokairuan. Horietatik mila etxetan Etxebideren zerrendetan zeuden pertsonak bizi dira.
Bizigune programaren bitartez Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak konpromiso bat hartzen du hutsik duen etxea alokatzen duen jabearekin: adostutako errenta kobratuko duela eta alokairu garaiak iraun bitartean etxea utzitako egoeran mantenduko dela. Horrez gain, etxeen jabeei 18.000 euroko kreditua eskaintzen die (interesik gabe), etxeak alokairuan jarri aurretik obrak behar baditu, obrak egiteko.Bizigune programako etxe bat alokatuz gero, alokairuaren prezioa inoiz ez da izango maizterraren diru sarreren %30 baino gehiago. Maizterrek 235 euro ordaintzen dituzte batez beste; etxeen jabeek, berriz, 560 inguru jasotzen dituzte. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak ordaintzen du aldea.
Informazio gehiagorako:
Telefonoa: 900251251
Webgunea: www.etxebide.info
ETXEBIZITZA
Jaurlaritzak kanpaina abiatu du 22.300 etxe huts alokairuan eskaintzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu