Jaurlaritzak legez erraztu nahi du gurtzarako aretoak irekitzeko izapidea

Mendiak atzera egin du erlijio bakoitzarentzat hilerrientzako lekua gordetzeko asmoan, «zaila» dela argudiatuta

Mendia eta Ibañez de Maeztu, Islamiar Komunitateen Batasuneko ordezkariekin. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Gurtza areto txikiak irekitzeko izapideak erraztu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak, eta 300 pertsona baino gutxiagorentzat diren aretoak udalen baimenik gabe irekitzea proposatu du. Kasu horientzat, aretoa ireki nahi dutenen «ardura aitorpena» nahikoa izango da zabaltzeko, non udalaren baldintzak betetzen dituztela ziurtatuko baituten. Udalek arau horiek bete dituztela ikuskatu ahal izango du, behin aretoa zabaldutakoan. 300 pertsona baino gehiagorentzako aretoek udalen baimena jaso beharko dute.

Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak egindako aldaketa Europako Zerbitzuen Zuzentarauaren ondorio izan da. Hain zuzen ere, zuzentarau horrek denda eta bestelako zerbitzuak irekitzeko izapideak errazten ditu, besteak beste, eta zuzenean eragiten die gurtza aretoei. Duela aste gutxi txertatu zen zuzentarau hori EAEko legediaren barruan, eta Jaurlaritza prestatzen ari den gurtza aretoen lege aurreproiektuan ere islatu da.

Aretoen betebehar tekniko eta materialak ere zehaztuko ditu Eusko Jaurlaritzak. Dena den, gaineratu du irizpide horiekin ez dietela kalterik egin nahi duela zenbait urte sortutako gurtza aretoei. Hori gerta ez dadin, Ines Ibañez de Maeztu Giza Eskubideen zuzendariak azaldu du areto horiek egokitu beharko balira hori egiteko epeak eta moduak zehaztuko liratekeela.

Lege aurreproiektua idazteko, Eusko Jaurlaritzako Justizia Saileko arduradunak erlijio ezberdinetako EAEko agintariekin bildu dira, baita administrazioekin ere. «Legearen helburua fintzen saiatu gara bilera horietan», azaldu du Idoia Mendia Justizia sailburuak. Bilera horien eta herritarren ekarpenen ondorioz, aurreproiektuaren zenbait puntu aldatu ditu.

Aldaketen artean dago udalek hilerrietarako guneak gordetzeko beharra. Hasierako testuaren arabera, udalek erlijio ezberdinetarako hilerriak jartzeko lekua gorde behar zuten. Aurrerantzean ere hori horrela izango da, baina lurraren erabilera erlijiosoari buruzko puntu batzuk mantendu dituztela zehaztu du Ines Ibañez de Maeztuk. «Lur eremuak gordetzeko asmoari eutsiko diogu, baina, lur hori kudeatzeko, udalen lurralde antolaketako tresnak erabiliko dira». Neurri horrekin aniztasun erlijiosoa kontuan hartu behar dela gogorarazi nahi die Jaurlaritzak udalei.

Lege egitasmoa bukatu ez duten arren, Mendiak jakinarazi du hasierako epeak mantenduko dituztela. Hau da, uda aurretik onartuko den esperantza du Jaurlaritzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.