Ostalariek apur bat beranduago ixteko aukera izango dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzak ordutegiak arautzen dituen dekretua aldatu du, eta, batez beste, ordu erdi eta ordubete artean luzatu ditu. Aldaketak astialdiarekin lotutako sektorea «mantentzeko eta suspertzeko» balioko duela adierazi du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak.
Orain arte indarrean egon den Kaleko Ikuskizunen eta Dibertimentuzko Ekintzen Ordutegia Arautzeko Dekretua 1998. urtekoa zen. Onartu zenetik igaro diren hamalau urteetan astialdirako eskaintzak «bilakaera handia» izan duela uste du Jaurlaritzak, eta kontsumitzaileen ohiturak ere aldatu direla. Jaurlaritzako gobernu kontseiluak atzo hartutako erabakia joeretara egokitzeko ahalegintzat aurkeztu dute; dekretua egiteko udal, ostalari elkarte eta bizilagun elkarteekin hitz egin duela esan du Jaurlaritzak.
Orain arteko dekretuarekin alderatuta, ordutegiak ordu erdi luzatuko dira lanegunetan, eta ordu bat jaiegun eta jai bezperetan. Ordutegi horiek beste ordu erdiz luzatuko dira ekainaren 1etik irailaren 30erako tartean. Inauterietan, Gabonetan, Aste Santuan zein herri bakoitzeko jaietan dekretu berriko ordutegiak bi ordu gehiagoz luzatu ahal izango dira: tabernak 04:30 arte, pubak 06:00 arte eta diskotekak 08:00 arte.
Dekretu berriak eskumen gehiago ematen die udalei, «malgutasunez» jokatzeko aukera izan dezaten. Hain zuzen ere, Jaurlaritzaren iritziz, udalen lankidetza «funtsezkoa» da ordutegiak kudeatzeko. Dekretu berrianudalek urtean hamabost aldiz luzatu ahal izango dituzte ordutegiak, «ezohiko gertaerengatik», besteak beste; aurreko dekretuak hamar aldi baimentzen zituen. Horrez gain, ordutegiak hiriko auzo zehatz batzuetan bakarrik luzatu ahal izango dira.
Udalek ere erabaki ahal izango dute zein ordutegi izan beharko dituzten taberna batzuek, betiere irizpide teknikoen arabera. Hau da, hotsa behar bezala isolatzen ez duen taberna bati lehenago ixteko eskatu ahal izango diote.
Aldaketa, «adabakia»
Ordutegiak luzatzeko asmoak nolabaiteko eragin ona izango duela pentsatu arren, Enrique Senrak «adabakitzat» jo du Eusko Jaurlaritzaren dekretua. Euskadiko Ostalaritza Elkarteko presidente Senraren ustez, ostalariak berak ordutegia erabakitzeko askatasuna izan beharko luke, betiere lokalak baldintza guztiak betetzen baditu: intsonorizatzeko azpiegitura, irteerak, edukiera... «Ostalariok kriminal moduan tratatzen gaituzte, beste batzuen jokabidean oinarrituta», kritikatu du Senrak.
Mundu osoan salerosketa askearen aldeko pausoak ematen direla gogorarazi du Senrak, baina ostalaritzan mugak eta mailaketak mantentzen dituztela kritikatu du. 5.200 ostalari biltzen ditu elkarteak; haren iritziz, jatetxeei, tabernei, pubei eta diskotekei baimenek ezartzen dizkieten mugak bukatu behar lirateke. «Diskoteka baten moduan intsonorizatuta dagoen jatetxe bat zergatik ezin du gaueko 03:00 arte irekita eduki? Zergatik ezin ditu kontzertuak eskaini?».
Bide batez, ordutegiak ezartzen dituen dekretuaren aldaketa gertu zegoela jakin arren Euskadiko Ostalarien Elkartearekin inork ez duela hitz egin gogorarazi du Senrak. Uste du erabakia ez dela behar beste adostu eta gaiari heltzerakoan «errotiko» aldaketak egin behar direla.
Iker Arronizek, Gasteizko Hor Dago, Jimmy Jazz eta Gora lokaletako jabeak, dekretuaren alde ona aitortu arren, berandu heldu dela uste du. «Ez dakit ekonomia suspertuko duen, bost urteko atzerapenarekin heldu delako, baina ez dago gaizki». Arronizen ustez, dekretua aldatu ondoren errealitatera gerturatu da araudia. Herritarren ohiturak aldatu direla gogorarazi du: «Jendea berandu heltzen da lekuetara, eta azken ordu horiek dira gure tabernetan eragina dutenak».
Eusko Jaurlaritzaren legea pauso bat den arren ostalarien eskaeretatik urrun dagoela gogorarazi du Arronizek. Tabernak 03:00etan, pubak 04:30ean eta diskotekak 07:00etan ixteko eskatzen ari dira ostalariak.
Jaurlaritzak ostalaritzako ordutegia luzatu du, sektorea «suspertzeko»
Ordu erdi eta ordubete artean luzatu ahal izango dituzte, batez beste; udalek eskumen gehiago izango dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu