EAEko Auzitegi Nagusiak polizia gehiegikeriak jasandako biktimak laguntzeko dekretuaren zati bat baliogabetu ostean, Jonan Fernandezek iragarri du Eusko Jaurlaritzak biktima horiei "segurtasun juridikoa" emateko lege bat aurkeztuko duela udazkenean. Lege horretan polizia indarkeria kasu "guztiak" jasoko ditu, "tortura kasuak barne". ETB1en egin diote elkarrizketa Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiari.
Fernandezen esanetan, dekretuak egindako bidea "ona" izan da, baina "ez zen parekatua". Hori dela eta, lege bat beharrezkoa dela uste du.
Auzitegi Nagusiak atzo kaleratutako epaian kritiko agertu zen dekretuarekin. Haren arabera, batzordeko kideek "ez dute froga sinesgarririk" eskaintzen eta "medikuen edozein txosten" onartzen dute. Batzordeko kide batzuek "ezagutza nahikorik" ez dutela dio.
Fernandezek gaitzetsi egin ditu kritika horiek. Espainiako Estatuaren Abokatutzaren helegitea "oztopoak jartzeko ahalegin bat" dela salatu du.
Arraiz: "Espainia ez dago prest autokritika egiteko"
Hasier Arraiz Sortuko presidentearen ustez, polizia gehiegikeriak jasandako biktimak laguntzeko dekretuaren zati bat baliogabetu izanak erakusten du Espainia ez dagoela prest autokritika egiteko. Hori dela eta, adierazi du "benetako bakea eta normalizazio demokratikoa" Espainiatik kanpo "soilik" izango da posible.