AHT

Jaurlaritzak tren lotura hobetu nahi du, eta garrantzia kendu dio Lapurdiko AHTa atzeratzeari

Baiona eta Irun arteko AHT zatia 2030 baino lehenago ez eraikitzekotan da Frantzia. Espainia, berriz, hasi da Astigarraga eta Irun artean, AHTa egin beharrean, hirugarren erraila jartzeko lanak aurreratzen. Abiadura handian ez bada ere, Europako trenbide sarearen zabalerara egokitzeari eman dio lehentasuna Jaurlaritzak, eta lanekin jarraitzeko asmoa agertu du. Bideoa: AHTaren egitasmoan izandako aldaketak. [Youtube]http://youtu.be/WS5qJa7FtFM[/Youtube]

mikel p ansa
2013ko ekainaren 28a
16:44
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako trenbide sarea Europakoarekin lotzeari lehentasuna eman dio Eusko Jaurlaritzak, eta garrantzia kendu dio Lapurdiko AHT abiadura handiko tren xedea atzeratzeari.

Frantziako Gobernuaren aginduz txosten bat egin du Mugikortasuna 21 adituen batzordeak, atzo aurkeztu zuena, eta proposatu du Lapurdiko AHT zatia 2030 baino lehenago ez eraikitzea.

Frantziako lehen ministroak uztailaren 9an hartu behar du erabaki bat batzordearen txostenaren gainean, baina ideia nagusiekin bat zetorrela adierazi zuen atzo.

Euskal Herri barruko AHT sarea, orain Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Espainiako Gobernua eraikitzen ari direna, Europarako loturarik gabe utziko du, momentuz, erabaki horrek.

Espainiako Gobernua tarteko konponbide bat bilatzen ari da egoera bideratzeko: oraingoz eraikiko ez diren zatietan —Gipuzkoan, Astigarraga eta Irun artean, eta Nafarroan hiriburuaren eta Gipuzkoako AHTaren artean— hirugarren tren linea bat jartzekotan da. Lehiaketa ere atera du, Astigarraga-Irun zatirako erosketekin hasteko.

Hirugarren linea horrek Europako trenbide sarearen zabalera bera izango du. Gaur egungo Hego Euskal Herriko trenbide sare nagusiaren zabalera Europako trenbide sarearena baino estuagoa da, izan ere.

Horren eraginez, iparraldetik hegoaldera eta alderantziz mugitzen diren trenek Irunen gelditu behar izaten dute, errailez aldatzeko, edo trenen zamak eta bidaiariak aldatzeko.

Hirugarren linea, "lehentasun erabatekoa"

Frantziako Gobernuak mahai gainean duen eztabaidaren harira, bere iritzia eman du Eusko Jaurlaritzak gaur. Adierazi du trenbide sarea Europako zabalera estandarrera egokitzea "oinarrizko beharra" dela.

"Horri esker, Euskadi eta Europako lotuko dituen bidaiarien eta salgaien trenak etenik gabe ibili ahal izango dira, mugan trenez aldatu beharrik gabe edo ardatzak egokitzen aritu beharrik gabe". Trenbide sarearen zabalera egokitzea "lehentasun erabatekoa" izango dela gehitu du.

Lapurdin AHT linearik eraikitzen ez badute ere, Astigarraga eta Irun arteko zatia hirugarren linea batekin egokitzea "urrats positiboa" da, Jaurlaritzaren esanetan, "egungo trenbide bakartzea gainditzeko", eta horretan lanean jarraituko duela argitu du.

Hirugarren errail horretatik joango diren trenek ezingo dute orduko 90 kilometroko abiadura gainditu, batez beste. Ez dira tren lasterrak izango beraz.

Baina, hala ere, "etorkizunean" AHTan joan ahal izango da Bilbotik, Donostiatik edo Gasteiztik Parisera, Jaurlaritzaren arabera, eta garrantzia eman dio horretarako prestatuta egoteari. Euskal Y-aren lanekin jarraitzeko eta orain arte hartutako konpromisoei eusteko asmoa berretsi du beraz.

"Berdin du Bordele-Hendaia linea geroago berritzea", Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren esanetan. Irun-Paris ardatzak jarraituko du izaten, gerora ere, Parisera, Bruselara eta Europa iparraldera iristeko "biderik laburrena".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.