GIZA KATEA

Jaurlaritzako gobernu kontseiluak ez dio "segundo bat ere" eskaini giza kateari

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak esan du EAJko ordezkariek igandeko mobilizazioan parte hartu izana "autonomia pertsonalaren ariketa askean" kokatzen dela.

Igandeko giza katea, Zigoitian. GOTZON ARANBURU / FOKU
jon olano
2018ko ekainaren 12a
07:12
Entzun

Zenbait sektoretatik kritikak egin dizkiote EAJri, igandeko giza katean alderdiko buruzagiak eta erakundeetako ordezkariak egoteagatik. Gaiaz galdetu diote Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari, eta hark erantzun du gobernu kontseiluak ez duela "segundo bat ere" hartu igandeko giza kateaz hitz egiteko.

Gainera, azaldu du EAJko buruzagiek parte hartu izana "autonomia pertsonalaren ariketa askearen" parte dela, eta, beraz, normaltzat jo du horrek eztabaidarik ez sortzea gobernu koalizioaren barruan. 175.000 lagunek hartu zuten parte Bilbo, Gasteiz eta Donostia arteko mobilizazioan.

PP izan da EAJ kritikatu dutenetako bat. Borja Senper PPko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak adierazi du EAJ eta EH Bildu "zuzenean Ibarretxe plan berri baterantz" doazela, "bere atal subiranista eta legez kanpokoenekin". Senperren hitzetan, "kate baten ordez, harresi bat eraikitzen ari dira.

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak, berriz, katea egin izana kritikatu du: "Independentzia eta erabakitzeko eskubidea herritarren gehiengoaren kezken artean ez egonda, harrigarria da katea egin izana eta agintari publikoek, ahaldun nagusiek, alkateek eta Eusko Legebiltzarreko lehendakariak berak parte hartu izana". Mendiak dei egin du "jendea kezkatzen duten arazoetan zentratzera", eta horien artean aipatu ditu langabezia, lan prekaritatea, gizon-emakumeen arteko berdintasun eza eta indarkeria matxista.

Athleticekin ere kritiko azaldu da, eta "pena" eman dio futbol taldeak giza katea babestu izana: "Inoiz ez dut pentsatu politika eta kirola nahastea ideia ona denik".

Ordezkari instituzionalen eskubidea

Eneko Goia Donostiako alkateak esan du ez dituela “ulertzen” Idoia Mendiaren kritikak, eta uste du “heldutasun demokratikorik gabeko” adierazpenak direla harenak. “Kargu instituzional bat duen pertsona batek adierazteko eta nahi duena pentsatzeko eskubidea dauka hiritar modura”. Ondorioz, Goiaren arabera, alkate den hiritar batek ere eskubide osoa du Gure Esku Dago-k antolatutako ekinbide “demokratiko eta baketsu batean” parte hartzeko.

Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko eledunak ere adierazi du ordezkari instituzionalak “herrialdeko hiritarrak” direla. “Unea da euskal instituzioek gehiengoaren eskaera horri bide emateko, euskal hiritarrok libreki eta demokratikoki erabaki dezagun, erreferendum edo herri galdeketa bidez, zer izan nahi dugun. Horrek ez du inor beldurtu behar”. Igandeko giza katea “arrakastatsua” izan dela azaldu du Lasak.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.