Jaurlaritzako teknikariek Verterri egotzi diote gertatutakoaren erantzukizuna

Epailearen aurrean deklaratu dute, ikertu gisa, Xabier Galdos, Idoia de la Vega eta Carlos Luengo Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko ikuskariek. Euren kontrol lana «era egokian» bete zutela ziurtatu dute, eta erantzukizun guztia enpresari egotzi diote.

Zaldibarko zabortegia
Zaldibar Argitu!-k deituta, Durangoko epaitegiaren aurrean apirilean egindako elkarrerataratzea. Miguel Toña / Efe
inaki petxarroman
2023ko azaroaren 27a
17:30
Entzun

Lehen aldiz deklaratu dute Durangoko epaitegian Zaldibarko zabortegiaren hondamendiaz Eusko Jaurlaritzako teknikariek. Deklarazio hartzean hainbat atzerapen izan ostean, gaur hartu die, azkenean, testigantza gaiaz arduratzen den epaileak Jaurlaritzako hiru teknikariei: Xabier Galdos, Idoia de la Vega eta Carlos Luengori. Hirurek ukatu dute inolako erantzukizunik izatea gertatutakoarekin, eta euren ikuskaritza eta kontrol lana behar bezalakoa izan zela defendatu dute epailearen aurrean.

Zaldibarko zabortegian ezarritako inpermeabilizazio geruza ez zen behar bezalakoa, peritu txostenek argitu dutenez. Espainiako Gobernuko Herri Lanetako Ministerioaren esperimentazio zentroak, Cedexek, esate baterako, ondorioztatu zuen inpermeabilizazio multzoaren erresistentzia ezaugarriek zabaldu ziotela bidea irristatzeari. Alegia, ezarri zituzten inpermeabilizazio geruzak ez zirela segurtasuna bermatzeko egokiak. Horri buruz galdetuta, teknikariek ziurtatu dute eurek ikusitako geruzak bat zetozela indarrean zegoen legearekin. Hori giltzarria izan zen istripuan, hainbat txostenek diotenez. Jaurlaritzak eskatuta Kantabriako eta Bartzelonako unibersitateetako irakasle batzuek egindako txosten baten arabera, isurtegiaren oinarria bi aldeetatik geomintz zimur edo testurizatuarekin estali beharrean, alde zimur bakarrekoarekin (zazpi fasetan) eta bi aldeetan leuna zenarekin estali zutela (bi fasetan). «Horrek eragin zuzena izan zuen zabortegiaren egonkortasunean», ondorioztatu zuten.

Zabortegiaren fase batzuk zigilatu gabe zeudela ere frogatu dute peritu txostenek, baina teknikariek ukatu egin dute eurek erantzukizuna izatea horretan, kazeta honek deklarazioaren lekuko diren abokatuen iturrietatik jakin duenez. Epaileak galdetu die ere zergatik zeuden horren makila gutxi zabortegiaren barruko mugimenduak neurtzeko. Cedexen txostenak ondorio argia atera zuen horretaz: «ustiatutako zabortegian ez zen nahikoa makila jarri lurra nola mugitzen ari zen aztertzeko, eta, gainera, makilen banaketa desegokia izan zen». Jaurlaritzako teknikariek adierazi dute ez direla horren erantzule ere.

Zaldibar Argitu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta ari dira herri akusazio moduan prozesu judizialean. Zaldibar Argituk kritikatu egin du prozesu judizialaren erritmo mantsoa. Ohartarazi du otsailean lau urte beteko direla zabortegia erori zela, eta Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak hondakinek harrapatuta hil zirela. Hurrengo ostiralean (abenduaren 1a) amaituko da instrukzio epea, eta oso litekeena da berriz ere luzatu behar izatea, deklarazio hartze asko falta direlako oraingoz. «Guk geuk ez dugu etsiko. Gertatutakoa argitzeko ahaleginean jarraituko dugu, ardurak zehaztea exijitzen dugu, penalak eta politikoak», adierazi dute. Gaur elkarretaratzea egin dute Durangoko epaitegiaren aurrean, Jaurlaritzako teknikariei deklarazioa hartzen zieten bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIA babestuz, harro herri! Martxoaren 14tik 24ra, ekarpenak saria du.