Alokairuaren hileko batez besteko errentaren prezioa 651 euro dela dio Eusko Jaurlaritzak. Arriola sailburuak esan duenez, hirigune handietan garestitzen da alokairua, baina alde handia dago Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako hiriburuen artean. Donostiako batezbestekoa da altuena: 859 euro; Bilbon, 724 euro da, eta Gasteizen, berriz, 593 euro.
“Ulergaitza da; egun, hipotekaren hileko batezbestekoa (611 euro) alokairuarena baino merkeagoa da”, aipatu du Mario Jose Yoldik Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariak. Alokairuan bizi direnak errenta baxukoak izaten direla ere aipatu du Yoldik.
Alokairuko Merkatuaren Estatistika (AME) aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak, alokairuen datuak biltzeko helburuarekin. 46.890 kontratu aztertu ditu; hau da, egun alokatuta dauden etxebizitza guztien %52,1. Halere, tresna berriak ez du kontuan hartzen etxebizitzaren metro karratu kopurua, prezioa garestia edo merkea den ondorioztatu ahal izateko. Hurrengo urteetan informazio gehiago biltzea aurreikusten dute, estatistikak egiteko orduan errealitatetik hurbilago egoteko asmoz. 2017ko eta 2018ko urteak erregistratu dituzte, eta bi urte horietan igoera "esponentziala" antzeman dute.
Eskaera eta eskaintza
Etxebizitzak alokatzeko erabiltzen diren plataforma digitalak oso urrun daude Eusko Jaurlaritzak argitaratutako datuetatik. “Lortu nahi dugu higiezin agentziak eta errendatzaile pertsonalak alokairuko prezioak errealitatera gehiago estutzea”, azaldu du Arriolak.