Jaurlaritzarentzat «txantxa onartezina» da EAJk orain proposatzea zerga erreforma

Urkulluk zalantzan jarri du Lopezek esandakoa, EH Bildurekin ez duela itunik egingo

Iñigo Urkullu. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Erredakzioa
2012ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Euskal herritarren interesak EAJren interesen «menpe» jartzea leporatu dio Eusko Jaurlaritzak Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiari, eta horren adibide gisa jarri du buruzagi jeltzaleak zerga erreforma baten alde egin berri duen proposamena. Zerga erreforma orain proposatu izana «txantxa onartezin bat» da Eusko Jaurlaritzarentzat, azken bi urteetan buruzagi jeltzaleak proposatutako erreformaren gisako egitasmo guztiak «blokeatu» dituelako alderdi jeltzaleak, bai Eusko Legebiltzarrean eta bai Bizkaiko Foru Aldundiaren bidez.

Komunikabideetara bidalitako ohar batean, Lehendakaritza «harrituta» agertu da Urkulluren adierazpenekin, eta gogoratu du orain arte alderdi jeltzalea beti agertu dela erreforma bat egitearen aurka. Lehendakaritzaren esanetan, azken urteetan EAJk Jaurlaritzari esan dio zerga arloan eskumenik ez duela eta alor horretan ezin zuela urratsik egin, «Estatutuak eta Lurralde Historikoen Legeak ezartzen dutenari jaramonik egin gabe».

Herenegun Sabin Etxean eginiko agerraldian eta atzo SER irratian eginiko elkarrizketan, baina, erakundeen eta alderdien artean adostutako zerga erreforma bat egitearen alde azaldu zen Urkullu, «betiere erakunde bakoitzaren eskuduntzak errespetatzen badira». Urkulluk nabarmendu duenez, alor horretan egungo Eusko Jaurlaritzak «galdutako denbora» berreskuratu nahi du EAJk. «PSEk eztabaida demagogiko bat planteatu du», esan du Urkulluk, gehien dutenek zerga gehiago ordain dezaten eskatuz sozialistek eginiko proposamenari buruz. «EAJren lehentasuna ekonomia sustatzea da, eta zerga erreformak lagun dezake horretan».

Patxi Lopezen gobernuaren ustez, Urkulluren adierazpenek erakusten dute EAJk ez duela zuzendu «Euskadiko erakundeei buruz duen kontzepzio patrimonialista, ezta bere interesak herritarrenen gainetik jartzeko duen joera ere». «EAJren hautagaiak 'galdutako denbora' berreskuratu behar dela esan du, baina bi urte baino gehiago eman ditu Euskadi krisiaren eraginen kontra borrokatzeko hobeto hornitzeko funtsezkoa den erreforma bat blokeatzen. Txantxa hori onartezina da Jaurlaritzarentzat», azpimarratu du Gasteizko gobernuak.

Egin daitezkeen akordioak

Bestalde, SER irratian eginiko elkarrizketan, Urkulluk zalantzan jarri ditu hauteskundeen osteko aukerei buruz Lopezek esandakoak. Emaitzak emaitza, EH Bildurekin ez duela itunik egingo esan du sozialisten buruak Vocento taldeko egunkariei eskainitako elkarrizketa batean. «PPrekin gauza bera esan zuen, eta, azkenean, ituna sinatu zuten», adierazi du Urkulluk.

EAJren hautagaiak, halere, hauteskundeen osteko koalizio aukeren inguruan ez du hitz askorik egin nahi izan, eta «emaitza guztien gainetik» EAJk «krisi ekonomikotik irteteko, normalizazio politikorako eta autogobernuan sakontzeko» lan egingo duela esan du. Hala eta guztiz ere, ez du baztertu gai ekonomikoetan PPrekin akordioak egitea eta «subiranotasun kontuetan» EH Bildurekin.

Antonio Basagoiti PPko lehendakarigaiarentzat, berriz, EAJ eta EH Bildu «bat datoz proiektu independentistan», eta «noranzko berean doaz». Hori hala, adierazi du «nazionalistei hankak mozteko» aukerarik eraginkorrena PP dela. «EAJ eta Bildu ez dira gauza bera, baina leku berera doaz, independentzia, lurraldetasun eta autodeterminazioren kontu horiekin. Horregatik, PPren indarra noraino iristen den ikustea izango da datozen hauteskundeetako giltzarria, nazionalistak baldintzatu ahal izateko», adierazi du Basagoitik Punto Radion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.