BERRIA. Berrikuntzak

Jauzi BERRIA

Webgunea berritu eta gero, papereko egunkaria ere itxuraz eta mamiz berrituta aurkeztuko du BERRIAk. Larunbat eta igande honetatik aurrera, etorkizunera jauzi bat egingo du egunkariak.

BERRIAren aldaketak hedatzeko, iragarki bat grabatzen ari dira —hurrengo astetik aurrera ikusgai izango dena—, eta grabaketa saio batekoa da irudia. Aktoreak jauzi egin aurretik. LANDER GARRO.
mikel p ansa
Andoain
2014ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Azal eta mamiz berrituta kaleratuko da BERRIAren papereko edizioa etzitik eta igandetik aurrera. Erredakzio multimedia eta multiplataforma bihurtzeko urratsak hasi zituen BERRIAko erredakzioak orain bi urte. Iaz, hamar urte bete, eta bide horretan sakontzeko konpromisoa hartu zuen. Urtebete pasatxoko gogoetaren eta lanen ostean, webgune berritua martxan jarri zuen herenegun, eta papereko egunkaria berrituko du etzi eta igandean. Gaur, bestalde, Badok.info musikaren ataria aurkeztuko du jendaurrean, Donostian, 20:00etan.

«Krisi garaian bi aukera daude: negarrez gelditzea, edo gure lana eta funtzioa aldarrikatzea», Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak nabarmendu duenez: «Krisi garaian egon arren, ez dugu etsi nahi; kazetaritza aldarrikatu nahi dugu, eta jarraitu nahi dugu gauza berriak egiten, etorkizunerako egunkari eredu bat egiten». Kazetaritza «aldarrikatzeko» eta egunkaria berritzeko ahalegin horri erantzuten dio BERRIAren berrikuntzak. Aurrerantzean ere politikako, gizarteko, ekonomiako eta munduko gertakizun garrantzitsuenen berri ematen segituko du BERRIAk. Luze eta zabal landuko ditu gai horiek, gertatzen ari denaren gakoak emanez, protagonistak ekarriz eta arrazoiak aletuz. Papereko eta webguneko euskarriak, erredakzioko lantaldea eta diseinua egokitu ditu, asmo horri eusteko, baina berrikuntza gehiago izango ditu. Hona, azalpenak:

IGANDEKO BERRIA

Igandea gehigarriaren azken zenbakia argitaratu zuen BERRIAk aurreko asteburuan; haren ordez, IGANDEKO BERRIA edizio berezia egingo du igandeetan. Elkarrizketa luzeak, analisi landuak eta erreportaje interesgarriak erakutsi nahi ditu IGANDEKO BERRIAk; asteko gertakari nagusiei eta gertatzekoak direnei arnasa luzeko begiratua eman nahi die. Lasai irakurtzeko edizio bat izango da, igandeko egunkaria, egunkari zaleek irakurketaz goza dezaten, eta unean-unean garrantzia duten gaiez hausnartzeko tresnak izan ditzaten.

«Gure baliabideak mugatuak dira, baina, baliabideak aztertuz, eraginkorragoa izango den eta zabalpen handiagoa edukiko duen produktu bat» sortzeko asmoa dago IGANDEKO BERRIAren atzean, Martxelo Otamendik azaldu duenez. «Jauzi handi» bat izango da, «apustu ausart bat», itxura eta edukiak berrituta agertuko dena; mantxeta eta azala ere ezberdinak izango ditu asteko beste zenbakietatik.

Iritzia eta kultura

Paperean bezala webgunean, BERRIA berriak iritzia eta kultura nabarmendu nahi ditu, oharturik euskarazko egunkariaren irakurleek bi atal horiei garrantzi handia ematen dietela. Paperean, iritziak zutabegile berriak izango ditu, eta orri gehiago hartuko ditu; igandeetan, Eztabaidagela izeneko atal bat emango du, gaurkotasuneko gaiei buruzko askotariko ikuspuntuak plazaratzeko. Webgunean ere eskurago egongo dira iritzi artikuluak, analisiak eta marrazkilarien zintak; Eztabaidagela-n iritzia emateko aukera ere jarriko du denborarekin.

Kulturak, berriz, eskaintza ugarituko du, batez ere igandeetan plazaratuko duen Nasan gehigarriarekin. Zortzi orriko gehigarrian, musikak eta literaturak kritikarako eta erreportaje landuetarako lekua izango du, baita elkarrizketa interesgarriak eta erreportaje bereziak emateko ere; eta kulturgintzari buruz gogoeta egiteko plaza bat irekiko du.

Gehigarri berriak

Iritziak eta kulturak bakarrik ez, kirolek eta aisiak ere leku bereziak izango dituzte papereko egunkari berrian. Kirolen sailak zortzi orriko gehigarri bat argitaratuko du astearteetan: Tantoa. Kirolaren eguneroko uharka informatiboan pauso bat egin, kirolzaleei gai interesgarriak proposatu eta kirolaren beste ertzak agertuko ditu. Mendizaleek ere astearteko gehigarri horretan jasoko dituzte gaurkotasuna eta mendiari lotutako azken berriak.

Larunbatetan, berriz, Bizigiro gehigarriak gerturatuko ditu aisialdirako proposamenak eta gomendioak. Irakurleak horren bidez jasoko ditu ikuskizunetako, jaietako, ekitaldietako, zinema estreinaldietako... berriak. Gastronomiaz, modaz, teknologiaz eta informatikaz, bidaiez eta beste gai askotaz ere arituko da, egungo bizimoduen erradiografia eginez eta eguneroko bizimodurako proposamenak eginez.

Diseinu eguneratua

Eta hori guztia itxuraz berrituta egingo du BERRIAk. Danel Agirre diseinatzaileak eguneratu du papereko egunkariaren diseinua, irakurleak larunbat eta igande honetatik aurrera eskuetan izango duena. Diseinua berritzearen helburua izan da «BERRIA destilatzea, nolabait esateko, egunkariaren ezaugarri eta atal sendoenak nabariago azaltzeko. Irakurleak esfortzurik ez luke egin beharko horiek topatzeko», Agirreren hitzetan: «Gainera, diseinua aldakorrago izateko zimenduak jarri nahi izan ditugu». Diseinuak biltzen ditu elementu klasikoak eta eguneratuak. «Testu motzak eta luzeak modu harmoniatsuan nahastu behar lituzke. Igandeko jantzien oso zalea naiz ni, eta arropa berezia izango du BERRIAk igandeetan. Eskola zaharreko tipografia modernoak izango ditu pieza luze landuentzat».

Webgunearen jauzia

Larunbatean papereko berrikuntzarekin jauzi egiteko prest da BERRIA, baina webguneko berrikuntza asteartean abiatu zuen. Azken orduko berriei azkar eta ongi erantzun nahi die webgune berriak, baina, aldi berean, horren presazkoak ez diren eduki interesgarriak ere eman asmo ditu. Paperean bezala, diseinua berritu du webguneko BERRIAk ere; argiagoa eta erabiltzeko errazagoa da orain. Eta zerbitzu asko berriak ditu: bilaketak egiteko tresna hobetu du; albisteak entzuteko modua jarri du, Aholab laborategiarekin elkarlanean; albisteetan zeharka mugitzeko aukera ematen du, eta albiste batetik gehigotara pasatzekoa; tresna eta gailu guztietara egokitzen da, responsive diseinuari esker pantaila guztietara moldatuz; albisteei iruzkinak egiteko aukera ere ematen du. Aurrerantzean funtzionalitate eta tresna berriak eransten joango zaizkio webguneari.

Internet, igandez ere bai

Aspaldiko beste erronka bati ere erantzungo dio BERRIAk aurrerantzean, webgunea berritzearekin batera: webgunea azken ordukoekin eguneratuko du igande honetatik aurrera. Edizio jarraiturik ez zuen izaten BERRIAren webguneak orain arte, hauteskunde egunetan eta ekitaldi jakin batzuetan izan ezik. Asteburu honetatik aurrera, igande guztietan normaltasunez berrituko du webgunea, azken orduko gertakarien berri emanez.

Berrikuntza urtea da BERRIArentzat. Baina berrikuntzak ez dira amaituko asteburu honen ostean. Bestela ere, Norabidea bloga aurkeztu du aurten, hainbat eragilerekin elkarlanean. Bide horretan, eskaintza berritzen jarraituko du gero ere. Udan egunkari berezia egingo du, eta Udagiro izeneko gehigarria kaleratuko du, jaiei, aisiari eta proposamenei leku zabalagoa eginez. Gaur iluntzean, bestalde, Badok.info berria aurkeztuko du. Hala zehaztu du Martxelo Otamendik: «Gure atzean dauden harpidedunei, BERRIAlagunei, iragarleei... bizirik gaudela, krisiarekin ez dugula etsitzen eta arriskuak hartzeko prest gaudela erakutsi nahi diegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.