Sexu erasoa

Jazarpen kasu gehiago izan direla salatu du Leioako Arte Ederretako Ikasle Kontseiluak

Joan den ostiralean ikasle bat atxilotu zuten, Bilbon, ikaskide bati sexu erasoa egitea egotzita. Mugimendu feministak deituta, elkarretaratzea egin dute eguerdian Leioako campuseko Mikel Laboa plazan.

Leioako campusean elkartutakoak. ZUBEROA ITURBURU LOPEZ-PANTOJA
2017ko ekainaren 1a
07:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Ikaskide bati sexu erasoa egitea egotzita atxilotutako gizona beste hainbat ikasleri ere jazarri zitzaien zantzuak aurkitu ditu Leioako Arte Ederren Fakultateko Ikasle Kontseiluak. Hala jakinarazi dute ohar baten bidez. Hor azaldu dutenez, hainbat hilabetez beste hainbat erakunderekin batera lanean aritu ostean, jazarpenak jasan zituzten hainbat emakumeren berri izan zuten, eta bildutako informazio guztia Berdintasunerako Zuzendaritzari helarazi zioten, beharrezko protokoloak martxan jar zitzan. Horren ostean jakin zen haietako batek salaketa jarri zuela.

Oharrean, kontseiluak salatu egin ditu halako jarrerak, eta nabarmendu du "unibertsitatearen ardura" dela ikasgelak gune segurua izatea bermatzea. Horretaz gain, elkartasuna helarazi die jazarpenaren biktima izan diren guztiei, eta arazoa lehenbailehen argitzeko eskatu du.

Joan den astean, EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasle bat atxilotu zuten, Bilbon, ikaskide bati sexu erasoa egin ziolakoan, unibertsitateak berak jakinarazi zuenez. Erasoa azaroan gertatu zela salatu zuen emakumeak. Orduan jakin zen Ertzaintza ikertzen ari zela ea emakume gehiagori ere eraso egin ote zien. Unibertsitateak, berriz, azaldu zuen erasoaren zantzuen berri izan zuenean abiatu zuela barne segurtasun-protokoloa. Ikasle Kontseiluak berretsi du arazoaren berri izan orduko elkarlana erraztu zuela dekanotzak.

Erasoak salatzeko, elkarretaratzea egin dute Leioako campusean. Erasotzaileak aurrean izango dituela ohartarazi du EHUko Leioako mugimendu feministak, eta errektoretza jo dute "protokoloaren eraginkortasun faltaren errudun".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.